Itxura txarra hartzen ari da Osasunaren denboraldia. Alessio Lisciren aroari ilusioz ekin zieten gorritxoek, eta hainbestean hasi zuten sasoia, baina taldearen jarduna goitik behera egiten ari da nabarmen aspaldian. Besteak beste, Sevillaren zelaian galtzeaz gain, joko tristea eta kezkagarria egin baitu taldeak. Joko proposamen batekin ekin dio lehiari Liscik, baina, planak funtzionatzen ez ziola ikusita, beste joko sistema baten alde egin du bigarren zatian. Bada, haren erabakiak ez du fruiturik eman, eta merezita gailendu da Sevilla. Penaltiz sartu dute gola etxekoek, bigarren zatiaren hasieran, eta suspertzeko zantzurik ere ez du erakutsi Osasunak. Gauzak hala, 11 punturekin geratuko da sailkapen nagusian, eta, beste emaitza batzuek laguntzen ez badiote, baliteke jaitsiera postuetan amaitzea jardunaldia. Bi asteko etena luze egingo zaie gorritxoei.
Hasierako hamaikakoari dagokionez, bi aldaketa egin ditu entrenatzaileak. Ante Budimir eta Lucas Torro min hartuta zeudenez, Iker Muñoz eta Raul Garcia de Haro zelairatu ditu. Batez ere Budimirren hutsunea nabaritu du taldeak. Osasunak ezin izan du Sevillaren presioa gainditu, eta itolarri batean jardun du lehen ordu laurdenean. Indartsu zelairatu da etxeko taldea, intentsitate handian jokatzea lehenetsi du, eta bizpahiru pase jarraian ematea kosta egin zaie nafarrei. Dena den, Sevillak berak ere ez du batere gol aukerarik sortu, eta minutuek aurrera egin ahala berdindu egin da lehia. Catenak buruz eginiko erremate batekin hurbildu dira gorritxoak aurkariaren ate ondora, baina bi taldeetako inork ez du gol aukera arriskutsurik sortu lehen zati osoan.
Atsedenaldira golik gabe heldu dira bi taldeak, inork ez baitu horretarako meriturik egin. Bi atezainek begira egotea izan dute lanik handiena. Hori bai, bigarren zatiaren hasieran aldatu da dena, jokaldi inozo batean. Baloia urruntzeko asmoz, Moi Gomezek indartsu astindu du hanka, eta baloia jo beharrean Sevillako aurkari baten oina jo du. Errepikapenak lagunduta, penaltia adierazi du epaileak, eta Vargasek ez du hutsik egin, 50. minutuan. Sergio Herrerak asmatu dio aldea, baina aurrelariaren jaurtiketa oso bortitza izan da. Ezer handirik egin gabe hartu du aurrea Sevillak markagailuan.
Aimar Oroz zelaira
Gol hori iritsi bezain laster astindu du aulkia Liscik, eta Aimar Oroz izan da zelairatzen lehena. Jokalariaren sarrerarekin batera jokatzeko eskema aldatu du entrenatzaileak, baina ez da askorik igarri. Batere konfiantzarik gabe jardun dute gorritxoek. Kontraeraso batean gertu izan dute berdinketaren gola, Raul Garcia de Haro bakarrik geratu baita Sevillako atezainaren aurrean. Aurrelariak ez du asmatu, ordea, eta urduritasuna areagotuz joan da pixkanaka. Becker ere atera da zelaira, azken minutuetan Catena bera ipini da aurrelari postuan, baina ez da Osasunaren golik iritsi. Begien bistan geratu da aulkian irtenbide gutxi zuela Liscik.
Kontuak horrela, etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen dute gorritxoek, eta zenbakiak oso kezkagarriak dira. Braulio Vazquez klubeko kirol zuzendariak aitortu zuen ez zuela gehiegi asmatu taldea eratzeko garaian, eta neguko merkatuan mugitu beharko zutela. Hots, merkatu hori ailegatu baino lehen susperraldi baten beharra du Osasunak.