Pilota

Luzea, betea eta lehia biziagokoa izango da Iruñeko sanferminetako feria

Iaz bezala, bederatzi egun iraungo du, uztailaren 5etik 14ra, eta 11 jaialdi jokatuko dituzte. Mastersean bezala, pilotariak bi mailatan ariko dira: Lehen Mailan eta B Seriean.

Sanferminetako pilota feria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sanferminetako feria jokatuko duten pilotariak, Isabel Moreno Caixabankeko ordezkariarekin, San Domingoko aldapan, San Ferminen irudiaren ondoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko uztailaren 2a
13:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko sanferminetako entzierroan parte hartzen duten korrikalariek kantuz eskatzen diote San Fermini euren oinak zuzendu ditzan. San Domingoko aldapan egiten dute hori, santuaren irudiaren aurrean, entzierroa hasi baino pixka bat lehenago. Eta hantxe, San Ferminen irudiaren aurrean jarri dituzte gaur enpresek aurtengo sanferminetako feria jokatuko duten pilotariak, zapi gorri eta guzti. Haietakoren batek eskatuko zion San Fermini oinak ez ezik pilotakadak ere zuzentzeko. Enpresek, berriz, feria arrakastatsua izan dadila eskatuko zioten. Iaz hala izan zen, eta itxuraz, aurten bai, sarrera ia guztiak saldu baitira: 13.000tik bostehun eskas baino ez dira geratzen.

Enpresek asmo handiko apustua egin zuten iaz, inoizko feriarik luzeena eta osoena antolatu baitzuten. Ezin hobeto atera zitzaien, eta hori kontuan hartuta, berriro egingo dute gauza bera. Lehiak bederatzi egun iraungo du: larunbatean hasiko da, uztailaren 5ean, eta 14an bukatu. 11 jaialdi egingo dituzte, eta Labriten izango dira San Fermin eguneko goizekoa ez beste guztiak: Nafarroa Arenan egingo dute, 11:00etan hasita. Bigarren urtez jarraian, Nafarroa Arenan jokatuko dute Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finala. 3.000 ikusle inguru sartzen dira han, Labriten sartzen direnak halako bi baino gehiago. 

Aspaldi hasi zen lau eta erdikoa, eta ostiralean bi finalerdiak jokatuko dituzte Donostian, Atano III.enean (21:15, ETB1). Aurrenekoan, Baikoko bi pilotari ariko dira: Iñaki Artola eta Jon Ander Peña. Bigarrengoan, berriz, Aspeko bik jokatuko dute: Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak. Gertatzen dena gertatzen dela, iazkoaz bestelakoa izango da txapelduna. Izan ere, Jokin Altunak irabazi zuen txapela orduan, eta, aurten, amezketarrak galdu egin du final-laurdenetan, Zabalaren kontra.

Lau eta erdiko finalak ez ezik, binakako torneoak ere bereganatzen du arreta handia sanferminetako ferian. Enpresek aldaketa nabarmen bat txertatu dute. Mastersean bezala, bi mailatan jokatuko dute aldi berean: Lehen Mailan eta B Seriean. Bigarren Mailako norgehiagokei ere «torneo nortasuna emateko» egin dute aldaketa.

Iztueta eta Bikuña 

Zortzi bikotek jokatuko dute maila bakoitzean, enpresa bakoitzetik lauk. Hala ere, zortzi horietatik lau bakarrik ariko dira seguru ligaxkan. Lehen Mailan, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta A multzoan ariko dira, beste bi bikoterekin batera. Multzo horretako beste bi bikoteak larunbatean eta igandean jokatuko dituzten bi atarikoetako irabazleak izango dira. Larunbatean, 22:15ean (ETB1), Baikoren atarikoa izango da, eta Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisu Iker Larrazabalen eta Ander Imazen aurka ariko dira. Igandean, berriz, Asperen atarikoa izango da, 17:30ean (ETB1), eta Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Aitor Elordiren eta Beñat Rezustaren kontra jokatuko dute. B multzoan, berriz, hiru bikote hauek ariko dira: Artola eta Martxel Iztueta; Altuna III.a eta Iñigo Bikuña; eta Peña II.a eta Jon Mariezkurrena.

Iazko ekitaldiaren aldean, bada diferentziarik, Artola, Larrazabal, Iztueta eta Bikuña ariko baitira Unai Lasoren, Erik Jakaren, Xabi Tolosaren eta Aitor Arangurenen ordez. Iztuetak eta Bikuñak lehen aldiz jokatuko dute. Laso min hartuta dago, eta ez da ariko ia uda osoan. Jakak, Tolosak eta Arangurenek, berriz, B Serieko binakakoa jokatuko dute. Horretan, hiru bikote hauek ariko dira A multzoan: Iraitz Zubizarreta eta Aranguren; Jaka eta Gorka Ugartemendia; eta Ander Murua eta Joseba Aldabe. B multzoan, berriz, Zabala eta Arkaitz Gabirondo ariko dira beste bi bikoterekin batera: Asier Agirrek eta Iosu Eskirozek Joanes Bakaikoaren eta Ekain Lizeagaren aurka jokatuko dute Baikoren atarikoan, larunbatean, eta, Aingeru de la Fuentek eta Tolosak Dario Gomezen eta Andoni Gaskueren kontra Aspekoan, igandean.  

Ligaxkaren lehen bost partidak gauez jokatuko dituzte, 22:15ean hasita (ETB1): uztailaren 7an, 8an, 9an, 10ean eta 11n. Azkena, hau da, 12koa eta 14ko bi finalak, berriz, arratsaldez jokatuko dituzte, 17:30ean (ETB1). Tartean, uztailaren 13an, Olioaren Desafioa jokatuko dute Aspek eta Baikok, 17:30ean (ETB1). Hiru partida jokatuko dituzte: lehena, lau eta erdian; bigarrena, binaka, eta, azkena, buruz buru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.