Saskibaloi taldeek izan ohi dituzte irabaztea kosta egiten zaien pabiloiak, kantxa madarikatuak. Hala gertatzen zaio Baskoniari Herbalife Kanaria Handiaren pabiloiarekin: Gran Canaria Arenarekin. Ez du sekula han irabazi. Atzokoan kolpea jaso zuen, 100-82 galdu baitzuen. Hala, jokatu dituen hiru partidetan garaipen bakarra lortu du, eta bi porrot jaso ditu. Grengerren 28 puntuak ez ziren aski izan.
100 puntu jasota, nekez irabaz daiteke partida bat ACB ligan, eta atzokoan ere hala izan zen. Prigonik nahikoa lan du taldea bateratu eta batez ere defentsan beste itxura bat emateko. Talde biguina izan zen atzokoan Baskonia. Goi mailako taldea da Herbalife, eta ederki baliatu zuen hori. Xhengeliak eta Grangerrek eutsi zioten Baskoniari. Bien artean 49 puntu sartu zituzen, taldearen erdia baino gehiago. Gainerako jokalari guztiek hamar puntu baino gutxiago sartu zituzten.
Hasieratik nabaritu zen etxeko taldearen nagusitasuna, batez ere erasoan. Lehen laurdeneko erdialderako errenta lortu zuen,12-4. Defentsan ezinean ari zen Baskonia, eta guztira 27 puntu jaso zituen lehen laurdenean. Bigarrenean susperraldia izan zuen. Xhengeliaren eskutik. Hiru punturen desabantailarakin joan zen aldageletara Prigoniren taldea: 46-43.
Bazirudien Baskoniak hasiera kaskarrari buelta emango ziola. Hirugarren laurdenean, ordea, 33 puntu jaso zituen, eta bederatzi puntu atzetik ailegatu zen laurden erabakigarrira: 79-70. Alde hori bikoiztu egin zuen azken laurdenean Kanaria Handiak, eta hemezortzi punturen aldearekin irabazi zuen. Gasteiztarrek ez zuten neurketa osoan etxekoen kanpoko jokoa zaintzen jakin. Guztira hamabost hiruko jaso zituzten. Erikson izan zen etxeko taldeko jokalaririk onena. 22 puntu saskiratu zituen. Horien artean sei hiruko.
Gaur jokatuko dute Gipuzkoa Basketek eta Bilbo Basketek. Gipuzkoarrek Estudiantesi egingo diote bisita, eta jarraipena eman nahi diote Betisen aurka jokatutako partida bikainari. Estudiantes irabazi gabe dago. Betisen kantxan jokatuko dute bizkaitarrek. Bi taldeek estreinako partida irabazi nahi dute.
IDK-k, Araskik eta Gernikak ere jokatuko dute, Quesos el Pastor, Embutidos Pajarel eta Mann Filter izango dituzte kontrario.
Madarikazioa aurrera doa
Baskoniak 100- 82 galdu du Herbalife Kanaria Handiaren aurka. Prigoniren taldeak ez du jakin etxekoen kanpoko jokoa zaintzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu