Madrilgo bidaia lotuta dago

Bilbo Basketek Kopako txartela eskuratu du Menorca garaituta; Marko Banic izan da denetan onena

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Bilbo Basket barruan dago. Bizkaiko hiriburuko zaleak otsailaren 10etik 13ra Madrilen jokatuko den Kopa ikusteko bidaia prestatzen has daitezke. Gaur iluntzean baiezta daiteke berria guztiz, Kanaria Handiak Valentzian galtzen badu, baina hala gertatuko ez balitz ere, ez dadila inor sobera urduritu. Katsikarisen taldeak puntu askogatik galdu beharko luke etxean Cajasolen aurka, hurrengo igandean, kanpoan geratzeko. Gaur-gaurkoz ezin da zehaztu kopuru hori, gauean hiru partida jokatuko direlako, baina 20 puntu inguruko koltxoia izan dezakete beltzezkoek.

Menorcakoa zen irabazi behar zena, eta lortu zuten. Markagailuak dioena baino erosoago, gainera. Zortzi puntuko aldearekin irabazi zuen Bilbo Basketek, baina 12-15 puntutik gorako aldea izan zuen bigarren zatiko une askotan. Menorcak lehen 15 minutuetan eutsi zion Bilbo Basketi, eta halako ezinegona eragin zaleengan. Baina bizkaitarrak esnatu egin ziren bigarren laurdenaren hondarrean. 34-38 aurreratu ziren aurrena, eta indarberrituta bueltatu ziren aldageletatik. Partida bukaera lasaia eduki zuten.

34-43 eta 39-50 aurreratu ziren aurrena, eta hamar minuturen faltan, erabakita zegoen dena: 45-59. Menorca partida estutzen saiatu zen, baina Bilbo Basketek gehiegi sufritu gabe eutsi zion alde erosoari. Talde lana bikaina izan zen. 63 puntutan utzi zuen Menorca, eta luze gogoratzekoa izan zen Bilbokoek erreboteen arloan lehen zatian lortutako marka. 24 hartu zituzten, Menorcak baino 17 gehiago. Katsikarisek atarikoan arlo hori zaintzea erabakigarria izango zela esan zuen, eta bete-betean asmatu zuen.

Marko Banicek lortu zuen balorazio onena, 22 punturekin, baina jokalari sorta luzeak lortu zuen aintzat hartzeko moduko balorazioa. Warrenek 11 puntu saskiratu zituen, Jacksonek 9, Hernandez-Sonsecak 8, Mavroeidisek zazpi, eta Mumbruk eta Vasileiadisek seina puntu. Greziarraren bi hirukoak une erabakigarrietan iritsi ziren, baina baita Josh Fischerrek berreskuratutako bi baloiak (-3ko balorazioa), edo Jacksonek irabazitako bost erreboteak ere (bi erasoan).

Taldeak gainditu beharreko akats bakarra egin zuen: emandako baloiak. 21, guztira. Menorcari arnasa eman zioten opariak, hain zuzen ere. Beste arlo gehienetan nagusi izan ziren bizkaitarrak, eta gertatu behar ez duen karanbola itsusiren bat gertatzen ez bada, Kopa jokatuko du ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.