SOSLAIA. David Silva

Magoak agur esan behar izan dio futbolari

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aurreko ostegunean kolpe gogorra hartu zuen Realak, eta bide batez, futbolak. Talde txuri-urdinak iragarri zuen David Silvak lesioa zuela belauneko lotailu gurutzatuan. Beste osasun proba batzuen zain, apurtua zuen lotailua, eta, ezusterik ezean, ia denboraldi osoa jokatu ezinik egongo zen. Bada, 37 urterekin, ordutik denen ahotan zegoen erabakia hartu du: futbola uztea. Futbolak bere magoetako bat galdu du, eta Realak, azken hiru denboraldietan bere jokoari zentzua eman dion jokalaria. Silvak beste urtebeterako kontratua zuen Realarekin.

Sare sozialetan zabaldutako bideo batean jakinarazi zuen erabakia, atzo. Bertan, haren irudiak agertzen dira, eta mezu zehatz bat ematen du: «Gaur, asko maite ditudan taldekideei eta zaleei agur esatea tokatzen zait. Eskerrik asko egon naizen leku guztietan etxeko sentiarazteagatik». Silvak bere kirol ibilbidean aritu den talde guztiak hartu ditu gogoan bideoan, eta denei eman dizkie eskerrak: Valentziari, Eibarri, Celtari, Manchester Cityri eta Realari.

Ez dira gutxi haren kirol ibilbidean lortutako garaikurrak: Munduko Kopa bat, bi Eurokopa, Ingalaterrako lau liga, bi FA Cup, Ingalaterrako bost Kopa, Ingalaterrako hiru Superkopa eta Espainiako bi Kopa. Horietako azkena Realarekin lortu zuen, 2021eko apirilaren 3an, Sevillan.

Realak ere oharra kaleratu zuen, eta adierazi zuen «egun tristea» zela, agur esan behar ziola-eta «zoriontsu» egin duen «futbolari puskari». Hiru urtez jantzi du Silvak elastiko txuri-urdina. «Hori hartuko dugu gogoan, eman digun futbol guztia, asko izan baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.