Dani Estrada. Realeko jokalaria

«Mailari eustea ziurtatu nahi dugu Vila-realen eta Racingen aurka»

Dani Estradak uste du Vila-realen aurkakoa «lehia itxia» izango dela. «Ezingo dugu galdu pazientzia, eta bizkor aritu beharko dugu».

Donostia
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Bere tokia aurkitu du Dani Estradak (Zarautz, Gipuzkoa, 1987), Philippe Montanierren marrazkian inoiz baino gehiago ari baita jokatzen. Miguel Angel Lotinaren eskutik egin zuen debuta lehen taldean, orain bost urte, eta harekin jokatu zuen aurrenekoz oraingo postuan. Etzi, bisitarien aulkian izango du Lotina.

Montanierrek 45 puntutan jarri zuen jomuga hilabete honetan. Bi garaipen behar dituzue horretarako. Hori al da zuen erronka orain?

Bai. Ahalik eta puntu gehien biltzea da gure lana, nahiz eta helburua patrikan gordeta izan. Aurreneko zeregina etzi irabaztea da. Hori lortuz gero, ikusiko dugu zenbat puntu gehiago beharko ditugun mailari eusteko. Vila-realen segidan Racing dator Anoetara, eta bi partida garrantzitsu horiek jokatutakoan hurrengo sasoian Lehen Mailan jarraituko dugula ziurtasunez esan ahal izatea da erronka. Helburua bermatuta eduki nahi dugu.

Etxeko biak irabazita, aurreko sasoiko puntu kopurura iritsiko zinateke hiru jardunaldiren faltan.

Aurreko sasoian gorriak ikusi genituen mailari eusteko, gehienbat azken hilabetean. Ez dugu halakorik bizi nahi, eta gauza handia izango litzateke azken zatia urduritasunik gabe igarotzea.

Kopuru horrekin itsututa zaudete?

Ez, ez. Denboraldi bakoitzak bere misterioak dauzka. Aurten, 45 puntu izateak lasaitasuna ematen dizu. Aurreko sasoian, ezin zen halakorik esan. Guk, esaterako, azken une arte sufritu genuen, parekotasun handiagoa zegoelako beheko taldeen artean. Orain, ordea, azkenengo biak itota daudela dirudi, eta soilik Zaragozari geratzen zaio indarra zerbait lortu ahal izateko. Etenik gabe hobetzen jarraitzea da gure nahia. Azken txanpara indartsu iritsi garelakoan nago. Ea emaitzekin frogatzerik badugun.

Bilakaeraz hitz egitean beste denboraldietako sailkapenak jar litezke neurgailu moduan. Tresna fidagarria al da?

Neurri batean izan liteke, baina osagai gehiago aztertu beharko lirateke ondorio sakonagoak ateratzeko. Puntuena kontu objektiboa izan arren, aintzat hartu behar da, era berean, beste era batera ari garela jokatzen, gazteenek egindako ekarpen itzela, beste batzuen egonkortzea…

Bilakaera horretaz hitz egiten al duzue aldagelan?

Nik uste dut aurrerapausoa eman dugula. Eskarmentua hartuz goaz. Gutariko gehienok bigarren urtea dugu maila nagusian, eta zenbat eta partida gehiago jokatu, orduan eta gehiago hobetuko dugu, ziur. Alde horretatik, iruditzen zait egunetik egunera taldeak gorantz egingo duela.

Montanierrek jarritako zereginetatik zer ari zaizu egiten zailena?

Den-denean hobetu behar dut, seguru. 25 urterekin oso gutxi dira gailurra jo dutenak eta jokoaren arlo guztiak menperatzen dituztenak. Bai erasoan laguntzean, bai atzealdea zaintzean gehiago egin dezaket, eta horretan hobetzeko eginahalak egingo ditut.

Zure gaurko postuak ez du atzera bueltarik, ala?

Beti esan izan dudan moduan, zelai gainean nagoen bitartean niri bost axola non jokatu behar dudan. Sarriago jokatu dut azken urteetan atzeko lerroan, gorago baino. Hala ere, sasoi honetan egokitu izan zait pare bat alditan zelai erdian aritzea, eta gustura asko aritzen naiz.

Egonkortasunaren urtea al da zuretzat?

Baliteke. Besteetan ez dut sasoi honetan adina jokatu. Aurreko sasoiko lehen erdian ia ez nuen jokatu, eta lanak izan nituen hasierako hamaikakoan toki bat izateko.

Entrenatzaileari babesa adierazteko keinu nabarmenak egin dituzue azkenaldian. Zergatik?

Entrenatzailea eta jokalari multzoa bat gatoz. Aldagela barruko giroa itzela da, eta Reala ez dago ulertzerik talderik gabe. Hori da gure indarra, eta oso garrantzitsua iruditzen zait.

Betisen kontrakoak arantzarik utzi al zizuen?

Igandeko partida berez da garrantzitsua beste ezertan pentsatu gabe. Irabaziz gero, helburua eskuratu dugula esan genezake lau jardunaldiren faltan, eta hori ez da txikikeria. Amaiera lasai batek mesede egingo liguke denoi.

Garai bateko Betisen eta Atletico Madrilen antza hartzen al diozu Vila-reali? Goiko borroketatik urrun nora ezean al dabil?

Ez da samurra behean egotea, helburuak ezin gauzaturik hasiera-hasieratik. Zer esanik ez azken bost urteetan Europako txapelketetan sartuta ibilitako batentzat. Gu jaisten ez garen bitartean, bakoitzak egin dezala ahal duena.

Lotinarekin egin zenuen zuk debuta Lehen Mailan. Zer oroitzapen duzu?

Beti adieraziko diot esker ona, baina ahazteko moduko denboraldia izan zen guretzat. Ezin izan genion mailari eutsi.

Harekin ere jokatu zenuen aurreneko aldiz atzean.

Bai, Tarragonan, Garrido eta Gerardo ez zeudelako.

Ez dirudi gol askoko lehia izango denik igandekoa.

Ez. Vila-real puntu premian dago, eta ez zait iruditzen arriskuak hartuko dituenik. Pazientzia eta baloia azkar erabiltzea funtsezkoa izango da guretzat. Hori eta atzean aukerarik ez ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.