Mailaz igotzeagatik ordainsaririk ez dutela jaso salatu dute Alaveseko emakumeen futbol taldeko jokalariek

Urtarrilean egin zuten eskaera, igoera lortuz gero ordainsaria jasotzekoa, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Alaves eta Cacereño taldeen arteko partida bat, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Alaves eta Cacereño taldeen arteko partida bat,artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
14789412 kepa
2026ko uztailaren 27a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru urteren ostean, F Ligara itzultzea lortu du aurten Deportivo Alaveseko emakumezkoen futbol taldeak. Lorpen horregatik, ordea, ez dute ordainsaririk jaso jokalariek. Zehaztu dutenez, urtarrilean helarazi zieten eskaera klubeko arduradunei, baina ordutik «erantzunik» ez dute jaso eta «konponbiderik gabe» dago auzia. Jokalariek kaleratutako komunikabidearen bitartez adierazi dutenez, ez dute konfrontaziorik sortu nahi, egoera horrek eragin dien «ezinegon sakona» plazaratu baizik.

Futpro elkartearen sare sozialetan kaleratu dute adierazpena Alaveseko emakumezkoen futbol taldeko jokalariek. Aitortu dute badakitela ordainsari hori haien kontratuan ez dela agertzen, «baina jakin ere bagenekien horrelako aitorpenak ohikoak direla egindako ahaleginaren eta lortutako kirol arrakastaren sari gisa». Urtarrilean egin zuten eskaera, eta ordutik erantzunik ez dute jaso: «Jaso genuen azken jakinarazpenak epe berri bat ezartzen zuen irtenbide bat emateko; epe hori gaindituta, erantzunik eta konponbiderik gabe jarraitzen dugu», gaitzetsi dute.

Jokalarien ustez, tamaina horretako lorpenak «kudeaketa bizkorragoa eta komunikazio gardenagoa» merezi du, «eta ez orain arte jaso ditugun aitzakiak». Alavesen balioak eta emakumezkoen futbola bultzatzen jarraituko dutela ziurtatu dute, baina «garrantzitsua» iruditzen zaie prozesu horretan nola sentitu diren adieraztea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA