Atletismoa

Maite Arraiza: etxean altxatu ditu besoak

Donostiako Maratoia irabazi du Maite Arraizak, eta lasterketa horretan nagusitu den lehen donostiarra da. Bulebarrera iristean sentitu zen garaile. Bikotekidea eta semea bidelagun izan zituen lasterketaren zenbait zatitan.

Maite Arraiza. JON URBE / FOKU
Maite Arraiza atleta, Donostiako maratoiaren irabazlea. JON URBE / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko azaroaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Maratoia irabazi duen lehen donostiarra da Maite Arraiza (Donostia, 1987). Joan den igandean etxean lehiatu zen atleta donostiarra, bere familia eta lagunen aurrean, eta, ia lasterketaren azken erdia bakarrik egin arren, Bulebarreko zuzengunean sentitu zen garaile. 2.44.59 denboran gelditu zuen kronometroa. Ez zuen espero irabaztea: «Nire denbora egitera joan nintzen. Gainera, aurten suertatu da eliteko inor ez dutela kontratatu, eta lasterketa herrikoiagoa izan da. Bestela, denbora horretan eta dagoen maila aintzat hartuta, ezinezkoa da horrelako maratoi bat irabaztea». Lasterketa herrikoiagoa izateak, baina, ez dio inolako meriturik kentzen donostiarrari. Balentria handia egin baitu. Orain arte, maratoi erdiak korritu izan ditu, eta azken bi urteetan hasi da espresuki maratoi distantziarako prestatzen. 

Horren jakitun, ez zuen burua galdu nahi, eta hasieratik argi zuen jarraitu beharreko plana: 1.45 denbora egin behar zuen erbiari jarraitzea. «Bi neska gure taldetxoa baino aurrerago zihoazen, Alejandra Sanchez, bigarren geratu zena, eta Estefi Unzu Verdeliss. Lehenik, Verdeliss harrapatu genuen, eta ondoren Alejandra. Erbiaren taldetxoan Alejandra eta biok gindoazen, baina 25. kilometrotik aurrera, atzean geratu zen. Nire lasterketa egitera joan nintzen. Izan ere, taldetxotik aurreratzen banintzen, ez nintzatekeen helmugara iritsiko. Ez da lasterketa motz batean bezala, lehian zaudela eta beharbada erritmoa bizitzen duzula».

Azken kilometroetan irabazle sentitzen ote zen galdetuta, zalantza egin du, eta Sevillako (Espainia) maratoian gertatu zitzaiona azaldu du. 1.45eko erritmoan amaitzera zihoala, digestioa eten zitzaion azken kilometroan, eta gelditu beharra izan zuen, tartean botaka egitera iristeraino. «Donostian aurrena nindoan, baina tentuz ibili behar nuen. Bulebarrera iritsi nintzenean, orduan bai sentitu nintzen garaile. Hor ikusten duzu buruak eta gorputzak zer-nola erreakzionatzen duten, bat-batean indartsu sentitzen baitzara. Lagunak, familia… Jende asko zegoen begira. Beste urte batzuetan lasterketa ikustera joan naiz, eta ez dut gogoan inoiz hainbeste jende ikusi izana. Bulebarreko zuzengunea jendez lepo zegoen, eta hiriko zenbait leku, Behobia-Donostia probaren antzera».

«Lasterketa herrikoiagoa izan da aurten. Bestela, denbora horretan eta dagoen maila aintzat hartuta, ezinezkoa da horrelako maratoi bat irabaztea»

MAITE ARRAIZA Atleta

Familia bidelagun izan zuen lasterketaren zati askotan. Bikotekideak —Gari Bravo txirrindulari ohia— eta Peio semeak bizikleta hartu zuten, eta bidegorria zegoen zatietan Arraizarekin batera joan ziren. «Kontxako badiaren zati horretan nirekin zeuden, bide bazterrean… Horrek asko laguntzen zaitu. Familiaz gain, entrenatzailea ere haiekin zegoen». Ospakizun berezirik ez zuten egin. «Bazkaria genuen egun hartan, eta horrekin nahikoa izan genuen. Astelehenean lanera joan nintzen, denak bezala [irakasle da EHUren Donostiako campuseko Hezkuntza Fakultatean]. Hori bai, astelehenean gure lankide eta ikasle batzuen zorion mezuak jaso nituen». Donostian besoak altxatuta, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi zituen. Behobia-Donostia lasterketa ere korritu zuen, orain dela bi asteburu, eta emakumezkoen sailkapenean hamahirugarren geratu zen: lehen euskal atleta izan zen.

Haurdunaldian, errutina alde batera

Kirolzalea izan da beti Arraiza, eta atletismoari lotuta egon da: pistan zein lokatzetan korritu izan du. Orain arte, maratoi erdietan lehiatu da, eta orain dela pare bat urte hasi zen maratoirako prestatzen: «Ez dut esperientzia handirik maratoietan. Kontzienteki prestatuta, Donostiakoa eta Sevillakoa prestatu ditut». 21 kilometroko distantziatik 42ra zergatik pasatu den galdetuta, adierazi du entrenatzen duen jendeak bultzatuta hasi dela. «Donostiarrak taldeko askorekin ateratzen naiz korrika, eta horietako asko Donostiako Maratoia prestatzen hasi ziren. Erritmoaren araberako taldetxoak egiten ditugu, eta goizean-goiz ateratzen gara korrika».

Orain dela bi urte ama izan zen, eta haurdunaldian korri egiteari utzi behar izan zion. Haren hitzetan, kirola egitearen hutsunea nabaritu zuen. «Haurdunaldian nire ohiko errutina alde batera utzi behar izan nuen. Ezin nuen korrika egin, hilabete batetik aurrera bizikletan ibili ere ez… baina oinez asko ibili nintzen». Erditu ostean, berriro ere kirola egiten hasi zenean, konturatu zen gorputzak baduela «nolabaiteko memoria bat»: «Berritu egiten zara, eta gogotsuago egiten duzu kirola, beste ikuspuntu batetik. Izan ere, nire ikuspuntua ez da inoiz izan goi mailako kirolari batena, lehen lasaiago hartzen nituen denborak eta abar. Orain, ordea, umearekin denbora gutxiago duzu, eta hobeto zukutu nahi duzu denbora hori».

Umea eduki duten arren, kirola egiteko denbora ateratzen dute etxean: «Bikotekidea eta biok hain dugu barneratua kirolaren kontua, ezen naturaltasun osoz hartzen baitugu. Ni goizean goiz joaten naiz taldean korri egitera, eta ez zait askorik inporta goizean goiz altxatzea. Naturaltasun osoz daramagu: lehenengo ni joaten naiz, gero bera… Gure egunerokoan oso barneratua dugu kirola egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.