Epailearen jardunak bere onetik atera du Athletic, eta 3-2 galdu du Mallorcan

Zuri-gorriei zalantzazko bi penalti adierazi dizkiete, eta Guruzeta kaleratu egin dute 68. minutuan. Hala, ligaren bigarren erdiari gaizki ekin diote zuri-gorriek, eta urrun dituzte Europako postuak.

Athleticeko Nico Williams eta Mallorcako Valjent, nor baino nor gehiago, gaurko partidan. CATI CALDERA / EFE
Williams eta Mallorcako Valjent, nor baino nor gehiago, gaurko partidan. CATI CALDERA / EFE
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 17a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dago gauzak okerrago ateratzerik. Batagatik ez bada besteagatik, beti badu zerbait Athleticek, eta ondorioa da mundu bat kostatzen zaiola puntuak hirunaka batzea. Bolada zailean dira zuri-gorriak, eta beste porrot mingarri bat izan dute gaur, Mallorcaren zelaian. Europako postuetatik ez urruntzeko lehia erabakigarria zuen Ernesto Valverderen taldeak, eta kale egin du. Porrotaren errudun bakarra ez da epailea, baina haren jardunak erabat baldintzatu dio neurketa Athletici. Haren erabakiek bere onetik atera dute talde zuri-gorria. Zalantza handiko bi penalti adierazi ditu; batez ere, bigarrena. Hori aski ez, eta, jarraian Guruzeta kanporatua izan denez, azken ordu erdian hamar jokalarirekin jokatu dute bizkaitarrek. Ezin izan dute gutxienez puntu bat lortu, eta kolpe latza hartu du taldeak.

Epailea alde batera utzita, gaizki egin ditu gauza batzuk Athleticek, eta horietako bat izan da partida intentsitate txikiz hastea. Hamaikakoan aldaketa gutxi egin ditu Valverdek, eta Cultural Leonesaren zelaian 120 minutuz jokatu zuten jokalari batzuk zelairatu ditu: Nico Williams eta Jauregizar, besteak beste. Nagi ekin diete partidari bilbotarrek, eta garesti ordaindu dute. Izan ere, defentsan egindako huts baten ondorioz, laugarren minutuan aurreratu da Mallorca. Muriqik sartu du gola. Kolpea izan da zuri-gorrientzat, baina azkar demonio erreakzionatu dute. Unai Gomezek sartu du banakoa, hiru minutu geroago. Baloia ederki gurutzatuz sartu du gola.

Banakoarekin lasaitu egin da Athletic, eta haren mesederako izan da. Baloia oinetan izan du gehienean, eta ederki jokatu du futbolean. Gustagarri aritu da. Ez du nabaritu neke fisikorik. Sendotasuna irabazi du atzeko lerroan, eta erraztasun handiz sortu ditu gol aukerak. Unai Gomezek bigarren gola sartzeko aukera paregabea izan du, baina Leo Romanen aurrean barkatu egin du. Buruz burukoan ez du asmatu erdilariak. Ezta Guruzetak ere geroxeago. Tarte horretan hiruzpalau aukera eder izan dituzte zuri-gorriek, eta ez dute bakar bat ere baliatu.

Barkatzen duenak ordaindu egiten du, eta ezerezetik etorri da Mallorcaren 2-1ekoa. Zorte txarrak gogor astindu du Athletic. Inolako arriskurik ez zegoen jokaldi batean, baloiak Vivianen ukondoan jo du area barruan, baina aldaratze batetik zetorren baloia. Halakoetan ez da penaltirik adierazten, baina epaileari bestela iruditu zaio. Argudiatu du baloia Mallorcako jokalari batengana zihoala. Muriqik penaltia huts egin du, baina aldaratzean sartu du 2-1ekoa. Unai Simonen geldiketak ez du ezertarako balio izan. Athletic ez da behera etorri, eta atsedenaldiaren atarian binakoa sartu du Nico Williamsek. Goi mailako gola izan da, hainbat aurkariren tartetik sareetara bideratu baitu baloia.

Hamarrekin, nahi eta ezin

Bigarren zatian erotu da partida. Binakoarekin, garaipenaren bila zelairatu da Athletic, gogotsu eta erritmo bizian, eta nagusi izan da luzaroan. Akaso, azken pasean hobeto moldatzea falta izan zaie zuri-gorriei, baina etxekoek ez dute inolako mehatxurik egin erasoan. Bada, epaileak berak nahastu du lehia. Mallorcak luze bidali du baloia area barrura, eta Muriqik desorekatu egin du Yuri, nabarmen. Baloiak apur bat ukitu du Yuriren eskua, baina ez zegoen inolako arriskurik. Minutu eta erdi geroago, jokaldia errepikatuta ikusteko dei egin diote epaileari, eta, hori egin ondoren, penaltia adierazi du. Muriqik ez du barkatu penalti puntutik, eta arratseko hirugarren gola sartu du.

Bere onetik atera dira zuri-gorriak, bai zelaian zirenak eta bai aulkian zirenak. Bada, epaileak Guruzeta kanporatu du zelaitik, bigarren txartel horia aterata, 68. minutuan. Lekue, berriz, aulkian zegoen, eta hari zuzenean txartel gorria atera dio. Sutan ipini dira bilbotarrak, baina alferrik. Epaileak bere horretan jarraitu du, eta, azken txanpan Athletic lehia berdintzen saiatu bada ere, ez du asmatu ate aurrean. Ondorioz, Europako postuetan sartzea gero eta garestiago du Valverderen taldeak. Orain, gaurkoa ahaztu eta Txapeldunen Ligan pentsatzea tokatzen da.

Mallorca-Athletic

Mallorca: Leo Roman; Mateu Jaume, Valjent, Kumbulla, Lato (Mojica, 83. min); Samu Costa, Mascarell, Mateo Joseph (Antonio Sanchez, 73. min), Darder (Llabres, 93. min), Virgili (Pablo Torre, 83. min) eta Muriqi.

Athletic: Unai Simon; Areso (Gorosabel, 76. min), Vivian, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta (Izeta, 76. min), Jauregizar, Berenguer (Iñaki Williams, 59. min), Unai Gomez (Sancet, 59. min), Nico Williams (Robert Navarro, 72. min) eta Guruzeta.

Golak: 1-0: Muriqik (5. min). 1-1: Unai Gomezek (8. min). 2-1: Muriqik (42. min). 2-2: Nico Williamsek (45. min). 3-2: Muriqik (69. min, penaltiz).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.