Lehen egiten asmatu ez zuena orain egin ote dezakeen. Hori da Mourinhoren Real Madrili partidaz partida jartzen dioten erronka. Espainiako Ligako erronka ari da gainditzen, baina Txapeldunen Ligan du beste bat handi samarra. Halakoxea zeukan atzo San Siron, ez dutelako han espainiarrek sekula irabazi. Eta gainditu dute erronka, ez partida irabazi dutelako, baina bai bidean mamu asko azaldu zaizkielako, eta uxatzen asmatu dutelako.
Partida horren tamaina ederrean izan. 0-1 aurretik joan. Kontrarioa mendean erabat hartu izan, eta erosoen ari zenean agertu zitzaizkion Real Madrili mamu guztiak. Edo bakarra: Pippo Inzaghi. Bigarren zatian zelaian sartu eta lehenengo lana Xabi Alonsori bizkarretik sekulako bultzada eman eta lurrera botatzea izan zen. Jokoan ez zuen saririk lortu, baina harmailetan bai. Piztu zuen jendea, piztu zuen taldea, eta sartu zuen handik gutxira gola. Pepek partida osoan egin zuen akats bakarrean Ibrahimovicek aurrea hartu, erdiratu, Casillasek gelditzen asmatu ez, eta Inzaghik zalapartaka buruz sareetara. 69. gola Txapeldunen Ligan -Europako Kopa zenean sartutakoak barne-, eta 37 urte. Bada zerbait.
Eta Real Madril hustuta eta Milan puztuta. Inork espero ez zuela aldatu zen partida, eta haren itxura. Hobeto ari zelako ordura arte Real Madril. Ongi eta itxura onean. Zelai erdiaren jabe, atzean sendo eta aurrean arrisku handiz. Lehen zatian izan zituen gol-aukera gehien, baina ez zituen gauzatu. Bigarren zatian ere jaun eta jabe zen, baina ez zuen aukerak gauzatzen asmatu. Inzaghi, Gattuso eta enparauen kontra gaitz handi samarra da hori, eta horrek gaixotu eta utzi zuen eri.
Horrek eta Inzaghiren bigarren golak noski (78. minutuan). Jokoz kanpokoaren mugan bizi da hura, eta muga gaindituta jokoz kanpo zegoela sartu zuen bigarrena, baina berdin balio du eta asko balio zuen atzo.
Mourinhok berak esan zuen joanekoan: «Joka dezala Milanek nahi duen aurrelari guztiekin, baina ez dezala Inzaghik jokatu». Zerbaitengatik zen. Izan ere, ordura arte hiru aurrelarik lortu ez zutena -Patok, Ronaldinhok eta Ibrahimovicek-, aurrelari italiarrak lortu zuen. Hankaz gora jarri zuen partida eta hankaz gora San Siroko harmailak.
Eta festa erabat lehertzear zela erreakzionatu zuen Real Madrilek. Ez zuen atzera egin, ez zen lokartu, eta Pedro Leonek sartu zuen gola, 93. minutuan, Benzemaren pase eder bati esker. Jokaldian parte hartu zutenen izenei erreparatuz, beraz, balio anitzeko berdinketa da. Izan ere, final-zortzirenetan sartu da Real Madril atzo lortutako garaipen horri esker. Txartela ziurtatu zuten besteak, Bayern Munich eta Chelsea izan ziren. Eta nabarmentzekoa Olympique Marseillak Zilinaren zelaian lortutako garaipena (0-7). Txapeldunen Ligan inoiz etxetik kanpora talde batek lortu duen gol kopururik handiena da.
Milan 2
Real Madril 2
Milan. Abbiati; Abate, Nesta, Thiago Silva, Zambrotta; Boateng, Pirlo, Gattuso (Seedorf, 83. min.); Ronaldinho (Inzaghi, 60. min.), Pato (Ambrosini, 73. min.) eta Ibrahimovic.
Real Madril. Iker Casillas; Sergio Ramos, Pepe (Pedro Leon, 80. min.), Ricardo Carvalho, Marcelo; Xabi Alonso, Khedira; Di Maria,
Oezil, Cristiano Ronaldo; eta Higuain (Benzema, 73. min).
Golak. 0-1. Higuainek (45. min.); 1-1. Inzaghik (70. min.). 1-2. Inzaghik (78. min.). 2-2. Leonek (93. min.)
Epailea. Howard Webb (Ingalaterra). Txartel horiak: Milaneko Boateng, Abate, Ibrahimovic eta Gattusori, eta Real Madrileko Ramosi.
Mamua azaldu, mamua uxatu
Milanek buelta eman dio partidari Inzaghiren bi goli esker, baina 93. minutuan berdindu du Real Madrilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu