Athleticek sekulako balentria egin beharko du Europa ligako finala jokatu nahi badu. Talde zuri-gorriak 0-3 galdu du gaur San Mamesen, Manchester Uniteden aurka, finalerdietako joaneko partidan. Beraz, ia ezinezko du ametsa betetzea: hilaren 21ean berriro San Mamesen aritzea, titulua jokoan dagoela. Ingalaterrako taldeak kolpeka esnarazi du amets horretatik. Zuri-gorriek handia egin beharko dute datorren ostegunean, Old Trafforden, itzulikoan.
Gaur ez da egon titulurik jokoan San Mamesen, baina berdin izan dio horrek, eta beste behin, sekulako giroa egon da. Dena prest zegoen beste gau eder bat izan zedin. Athleticek oso gutxitan egiten du huts horrelakoetan. Europa ligan, irabazi egin zituen aurretik jokatutako zazpi neurketak. Horri esker iritsi da horren urrun. Gaur, ordea, kale egin du, noiz eta garairik okerrenean.
Partida oso gaizki amaitu da zuri-gorrientzat, baina, hasi, beti bezala hasi da: Athleticek indar betean ekin dio, presio estua eginez eta erritmo bizian jokatuz. Baina sustoa hartu du hasi eta gutxira: laugarren minutuan, Garnachok gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du, aurrelaria jokoz kanpo baitzegoen.
Sustoak ez ditu etxekoak kikildu, eta hiru aukera izan dituzte hurrengo minutuetan: aurrenekoan, Onanak gelditu egin dio jaurtiketa Berenguerri; bigarrenean, Iñaki Williamsek gutxigatik errematatu du buruz kanpora Berenguerren erdiraketa; eta, hirugarrenean, Lindelofek ate azpitik urrundu du Berenguerren jaurtiketa.
Penaltia eta txartel gorria
Manchester Unitedi sufriarazten ari zen Athletic, baina partida joan-etorrikoa zen, eta bisitariek bizi-bizi egin dute aurrera aukera izan dutenean. Hala, ordu erdia betetzear zela, Maguirek eskuinetik erdiratu du baloia, Ugartek buruz ukitu du, eta Casemirok sarean sartu du, buruz errematatuta. Lehen aukera garbi-garbian sartu dute gola bisitariek.
Gola kolpea izan da etxekoentzat. Baina okerrena iristeko zegoen: hurrengo jokaldian, Mazrauik eskuinetik erdiratu du, Vivianek Hojlundi heldu dio, eta aurrelaria lurrera erori da. Epaileak hasieran ez du ezer adierazi, baina jokaldia telebistan ikusi ondoren, penaltia adierazi du. Hori aski ez, eta txartel gorria atera dio Viviani. Oso zorrotz jokatu du epaileak Athleticeko atzelaria kanporatuta. Bruno Fernandesek bota du penaltia, eta ez du huts egin.
Zazpi minutu eskasean bi gol jaso ditu Athleticek, eta epaileak jokalari bat kanporatu dio. Egoera kritikoa zen, etxekoak jota baitzeuden. Lehen zatia amaitzea zen gerta zitekeen onena. Baina Manchester Unitedek hirugarren kolpea eman die. 45. minutuan, Ugartek orpoz eman dio pasea Bruno Fernandesi, eta hark maisuki sartu du gola, Arrizabalaga gaindituta. Ordu laurden eskasean sekulako triskantza eragin dio Manchester Unitedek Athletici. Okerragoa izan zitekeen, Mazrauik langara bota baitu baloia lehen zatiko azken jokaldian.
0-3 amaitu da lehen zatia. Zaleek sekulako txistukada jo diote epaileari. Partida ia erabakita zegoen, baina 45 minutu falta ziren. Aldea ahalik eta gehien murrizteak izan behar zuen etxekoen helburua, gutxienez itxaropenari eusteko.
Horretan saiatu dira, baina alferrik. Are gehiago, aukerarik garbiena Manchester Unitedek izan du, 64. minutuan, baina Casemiroren jaurtiketa langara joan da. Aurretik, jokaldi polemiko bat izan da, Maguirek heldu egin baitio Maroani arean, eta, lehen zatiko jokaldiaren antzekoa izan arren, ez epaileak, ez VAR-ak ez dute penaltia izan dela ebatzi. Horrek etxekoen haserrea handitu du. Amaieran berriz utzi dute argi: txalo zaparrada jo diote euren jokalariei, eta txistukada, epaileari.
ATHLETIC-MANCHESTER UNITED
Athletic. Agirrezabala; De Marcos (Gorosabel, 42. min.), Vivian, Yeray, Yuri; Jauregizar, Ruiz de Galarreta (Prados, 46. min.); Williams (Djalo, 87. min.), Berenguer (Paredes, 42. min.), Nico Williams (Unai Gomez, 79. min.); eta Maroan.
Manchester United. Onana; Mazraui (Shaw, 74. min.), Lindelof, Yoro, Maguire (De Ligt, 65. min.), Dorgu (Diallo, 84. min.); Ugarte (Mount, 65. min.), Casemiro; Bruno Fernandes, Hojlund eta Garnacho (Mainoo, 84. min.).
Golak. 0-1: Casemirok (30. min.). 0-2. Bruno Fernandesek, penaltiz (37. min.). 0-3. Bruno Fernandesek (45. min.).