Athletici asko kosta zaio sei onenen artean sartzea. Luzaroan onenengandik gertu egon arren, azken pausoa ematerakoan huts egin du. Baina, azkenean, lortu du taldeari konfiantza eman diezaiokeen urratsa egitea. Jokalariek badakite joan den astelehenetik gai direla ligari esker Europan sartzeko. Baina oraindik ere luzea da Athleticek egin behar duen bidea. Bigarren itzuli ia oso geratzen baita. Beraz, ez dago lasaitzerik. Lanean jarraitu beharra dago. Taldeak badaukalako zer hobetu. Besteak beste, etxetik kanpo goi mailako aurkarien kontra egin du huts txapelketaren lehen erdian. Horrek esan gura du gaur Vicente Calderonen erronka bikoitza duela. Kanpoan jokatuko duelako, batetik, eta azken jardunaldira arte sailkapenean aurretik zuen talde baten kontra arituko delako, bestetik.
Talde gorabeheratsua izan arren, lehiaketako onenen artean sartu behar da Atletico Madril. Onena eta txarrena egiteko gai dela berresten ari da denboraldi honetan ere. Azkenaldion, hori bai, txarretik onetik baino askoz gehiago erakutsi du. Horregatik dago krisian: Quique Sanchez Floresen etorkizuna kolokan dago. Zerutik infernura eraman dute zaleek entrenatzailea. Azken hileotan Europako Liga eta Europako Superkopa irabazteaz gain, Espainiako Kopako finala jokatzeko sailkatu zuen entrenatzaile perfektuak ez du balio. Futbolaren legea da. Emaitzen arabera neurtzen da protagonisten gaitasuna. Diego Forlanekin ere ez omen daude gustura jarraitzaileak. Eta badirudi uruguaitarra ere ez dagoela oso gustura taldean. Ea beste astebetez elkarrekin haserre jarraitzen duten. Izan ere, Athleticen aurka jokatzen duen bakoitzean era guztietako golak sartzen ditu, eta goi mailako aurrelaria dela berretsi.
«Arerio gogorra izango dugu aurrean. Atletico Madrilen erasoko lau jokalariak arriskutsuak dira oso. Aukeran gurago nuke euren kontra duela hamar egun jokatu izan bagenu. Aguero eta Reyes min hartuta zeudenean, hain zuzen ere», adierazi zuen herenegun Andoni Iraolak. Ez zaio arrazoirik falta jokalari usurbildarrari, baina, hala ere, ez da momentu txarra. Gainera, askorentzat denboraldi hasieran baino talde eskasagoa dauka egun Atletico Madrilek. Juradok taldea utzi zuen sasoiaren hasieran, eta Simaok duela gutxi. Elias brasildarra eta Juanfran Osasunako jokalari ohia fitxatu ditu haiek ordezkatzeko, baina ez dute hobetu lehen zegoena. Oraingoz ez, behintzat.
Urko Vera, deialditik kanpo
Atletico Madril sasoi onean ez egoteak ez du esan gura zuri-gorrientzat neurketa erraza izango denik. Serio jokatu beharko dute. Bi taldeak baitira defentsan opari asko egiten dituztenak. Beraz, arlo horretan zuzen aritzen denak aukera handia izango du irabazteko. Joaquin Caparrosek ez du zalantzarik defentsan. Oso gustura dago Mikel San Jose eta Borja Ekiza ematen ari diren mailarekin. Zelai erdian eta aurrean, ordea, bestelakoak dira kontuak. Batetik, ikusi egin beharko da nork jokatzen duen Fernando Llorenteren ondoan. Gaizka Toquero lan bikaina egiten ari da azkenaldian. Hala ere, ez dauka postua bermatuta. Izan ere, Athleticek etxetik kanpo erakutsi dituen gabezien aurrean, zelai erdiko eta aurrelariaren arteko loturak egiteko euskarri bat zelairatu baitu azken neurketetan Caparrosek. Iturraspe izan da lan hori egiteko aukeratua. Eta, emaitzak kontuan hartuz gero, bistan da onerako egindako aldaketa izan dela.
Hegalekoetan ditu zalantzak teknikariak. Etxean maila ona ematen ari dira David Lopez eta Muniain, baina kanpoan defentsa lanean hobeak diren futbolarien alde egingo duela dirudi. Azken lan saio bietan ikusitakoaren arabera, Igor Gabilondo eta Markel Susaeta ariko dira. Bestalde, Iñigo Diaz de Zerio eta Urko Vera aurrelariak etxean utzi ditu.
Manzanaresera, kanaberarekin
Atletico Madrilen inguruko giro nahasia baliatu nahi du Athleticek gaur irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu