Gaixotasun luze baten ondoren hil da Mari Abrego mendizale nafarra. 1944ko uztailaren 4an jaio zen; 40 urte zituela, 1984an egin zuen lehen zortzimilakoa, Makalu —munduko mendi garaienen artean bosgarrena—, Himalaian. Urte berean egin zuen Kangchutse mendia ere. Ez ziren horiek izan Abregok igo zituen lehenak, hala ere; aurrez eginak zituen Huamasraju (5.328 metrokoa), Hindu Kush (7.690 metro) eta Dhaulagiri (7.400).
Hurrengo urteetan ere zaletasunari eutsi zion, eta, 1986an, K2ra igo zen lehen euskal mendizalea izan zen, Josema Casimirorekin batera. Hiru urte lehenago ere ahalegindua zen mendizale nafarra gailurra egiten, baina Roger Baxter britainiarrarekin egindako bidaia hartan ez zuen goraino igotzea lortu. 1986ko ekainaren 23 hartan, ordea, tontorreraino heldu ziren bi mendizaleak. "50 minutu egin genituen tontorrean. Hain ginen gustura mendigune amaigabea gure azpian ikusita", kontatu zuen gerora Abregok berak.
Gerora helduko ziren gailur gehiago ere, Nanga Parbat, Broard Peak eta Cho Oyu, besteak beste. Ahalegindu zen behin baino gehiagotan Everestera igotzen ere, baina ezin izan zen gailurreraino heldu. Urte luzez mendi gidaria izan zen bai Andeetan eta baita Himalaian ere. Nafarroako Gobernuak ematen duen Kirol Merezimenduaren urrezko domina ere jaso zuen.