Etorkizun oparoa du Nahia Garrido igerilariak (Urretxu, Gipuzkoa, 2007), baina oraina ere bada. Haren azken markei erreparatu baino ez dago. Gainera, hobetzen segitzeko gogoz eta ilusioz dago, «onenen artean egotea» baitu helburu. Bide horretan, ari da besakadak eman eta eman. Uztailean, Europako Junior Txapelketan, zilarra lortu zuen bizkar estiloko 200 metrokoan, eta berriki, Igerileku Laburreko Espainiako Txapelketan, proba horretan zuen marka hobetu eta bizkar estiloko 50 metrokoan 18 urtekoen marka ezarri du. Laugarren geratu zen hiru probatan: bizkar estiloko 50 metrokoan, 100 metrokoan eta 200 metrokoan.
Hala ere, emaitzak ez du guztiz ase: «Gustura nago denboraldia ondo hasi dudalako eta egin dudan lana ikusten delako, baina hurbil-hurbil geratu naiz Europako Txapelketarako gutxieneko markatik, eta pena pixka bat ematen dit». Zapore gazi-gozoa du, beraz: «Arantzatxo hori geratu zait, han egon nahi nuen eta». Abenduaren 2tik 7ra jokatuko da, Lublinen (Polonia).
Hobe horretan pentsatzen ez itotzea, ordea. Orain ezin bada, beste batean izango da. Eta baditu jada sasoi honetarako erronka berriak: «Jada arreta osoa dut jarria distantzia luzeko igerilekuko Europako Txapelketarako gutxieneko marka lortzean». 2026ko uztailaren 31tik abuztuaren 16ra jokatuko da hori, Parisen. Eta, aurrez, begiz joa du ere maiatzean jokatuko den Espainiako Txapelketa. Bete-betean lanean segitzeko motibazioz dago, bistan denez.
Tximeleta estiloan eta beste batzuetan ere lehiatzen da, baina bizkar estiloa da Garridoren espezialitatea, eta, igerilekuaren luzeraz galdetuta, argi du: «Igerileku laburra. Niri, behintzat, hori iruditzen zait ikusteko, lehiatzeko, entrenatzeko eta denerako erakargarriena. Biratze gehiago daude, eta, nire kasuan, ur azpikoa da beste igerilarietatik gehien bereizten nauena. Beti disfrutatu dut pila bat». Azken urteetan «sendotasuna» irabazi duela uste du.
Halere, aise moldatzen da 50 luze den igerilekuetan ere. Horren erakusle da Eslovakian jokatutako Europako Junior Txapelketan zintzilikatutako zilarra: «Ez nuen espero, eta oso pozik nago lortu nuelako». Dominei baino, nahiago izaten du markei erreparatu, dena den.
Eta, horretarako, badaki lanean jarraitu beharko duela, orain moduan. Igeriketa «bizi erritmo bat» da Garridorentzat, eta ez da gutxiagorako, bere egunerokoan parte handi bat hartzen baitio. Bi urte daramatza jada Madrilen, goi errendimenduko zentro batean. «Entrenatu, lo, jan, ikasi, eta beste askorik ez dut egiten», kontatu du, barrez.
Pozik dago, nolanahi ere. «Lehenengo urtean, kostatu zitzaidan: leku berria, jende berria... Etxetik kanpo zaudenean, azkenean, dena aldatzen zaizu. Baina hemengo taldea oso ona da, oso ondo funtzionatzen du, eta oso-oso pozik nago; ezin dut gehiago eskatu».
Bizkar estiloan igerilari oso onak daudela aitortu du, eta, hortaz, exijentzia handia dagoela nabarmendu. «Baina tira, ohituta nago: egunerokoaren parte da». Pizgarritzat ere badauka hori.
Klubari eskertuta
Madrilen egonagatik ere, Tolosaldea taldean jarraitzen du Garridok, eta ez ausaz. Klubari eskertuta dago: «Tolosaldean apuntatu nintzenean hasi nintzen kirol honetaz benetan gozatzen eta zukua ateratzen. Asko zor diot klubari; haiek gabe, oraintxe ez nintzateke hemen egongo». Etxean izango da asteburuan, Euskal Herriko Kopa jokatuko baitu klubarekin, Getxon (Bizkaia). Esan du gainerakoan ez dela askotan bueltatzen Euskal Herrira.
«Igerileku laburra iruditzen zait ikusteko, lehiatzeko, entrenatzeko eta denerako erakargarriena»
NAHIA GARRIDO Igerilaria
Bere hastapenetara egin du jauzi igerilariak, eta aitortu du «probatzeagatik» hasi zela igerian. «Umetan energia asko nuen, eta eskolaz kanpoko 18.000 jardueretara apuntatuta nengoen. Amak, hura ere igerilaria izandakoa, zera esan zidan: ‘Nahia, zer iruditzen Legazpin izena ematea? Ea zer moduz’. Baietz esan nion, eta ikusi nuen gustatzen zitzaidala eta ondo lehiatzen nintzela».
Hortik gutxira egin zuen hurrengo urratsa, koronabirusaren garaian: «Amak galdetu zidan ea Legazpin geratu nahi nuen edo Tolosaldean hasi serioago entrenatzen. Probatu nahi nuela esan nion, ez bainuen ezer galtzeko». Probatu, eta asmatu.
Gerora, baina, zaildu egin zitzaion ikasketak eta kirola uztartzea, eta orduan hartu zuen Madrilera joateko erabakia. «Buruari buelta asko eman nizkion: etxetik joan behar nuen 15-16 urterekin, eta erabaki zaila izan zen. Orain oso pozik nago hemen».
18 urte baino ez ditu urretxuarrak, eta bide luzea du aurrean. Bere gaineko aurreikuspenek ez diote presiorik eragiten, eta aurrera egiteko gosez dago: «Onenen artean egon nahi dut, eta lanak emateko lanean segituko dut».