Martin bera, azkenean

«Aukerarik onena» Enrique Martin Monrealek jarraitzea zela argitu du Osasunako zuzendaritzak

Osasunako zuzendaritzako kideak, atzo, prentsaurrekoan, Luis Sabalza presidentea erdi-erdian dela. J. MANTEROLA / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badira hiru aste Osasunak Bigarren Mailako denboraldia bukatu zuela. Sabadelleko partida estu hartan, Enrique Martin Monreal aritu zen entrenatzaile lanetan, aurreko bost neurketetan bezala. Luis Sabalzaren zuzendaritzak zelaiko sua itzaltzeko deitu zion, eta, ozta-ozta izan bazen ere, lortu zuen. Ordutik, entrenatzaile bila ibili da zuzendaritza, baina, azkenean, lehengoari eman diote hasieratik aritzeko aukera. Martin izango da Osasunako entrenatzailea 2015-2016ko denboraldian.

Horixe baieztatu zuen atzo eguerdian Sabalzak berak, beren agintaldiko lehen sei hilabeteen balantzea egiteko antolaturiko agerraldian. Entrenatzaile berriaren gaiak hartu zuen arreta ia osoa, eta, presidenteak esan zuenez, Martin ez dute aukeratu beste batzuek aurretik ezezkoa eman dietelako. «Hura izan da gure aukera, eta horregatik jarraituko du entrenatzaile lanetan».

Ez zuen ukatu beste entrenatzaile batzuekin hitz egin dutenik: «Egia da bilerak izan ditugula hainbatekin, aukera bat baino gehiago geneuzkalako, baina horrek ez du esan nahi Martin ez zenik aukera horietako bat. Zuzendaritzan erabaki dugu hura dela egokiena Osasunako entrenatzaile izateko».

Erabaki hori zergatik hartu zuten azaldu zuen: «Kluba berregituratzen ari gara arlo guztietan; aurrekontua murrizteko betebeharra daukagu, eta, harrobia izango denez gure kirol egitasmoaren ardatz nagusia, Martin da aukera onena, zalantzarik gabe». Entrenatzaile aldaketarena ez da izan soilik azken hiru asteetako kontua, lehendik baitator. Hain justu, Martin bera izan zen horren susmoa zabaltzen lehena, Sabadellen aurka jokatu baino egun pare bat lehenago. Ukatu egin zuen atzo Sabalzak orduan Martinek esandakoa: «Gezurra da orduan beste entrenatzaile bat lotua genuela. Nahikoa lan bagenuen taldearen egoerarekin, eta gure indar guztiak Bigarren Mailan jarraitzeko lanean jarri genituen». Martini berari esan zioten hitz haiek okerrak izan zirela: «Garbi adierazi genion gezurra esan zuela, eta ez zitzaigula batere gustatu berak halakoak adieraztea».

Sabalzaren zuzendaritzaren lehen seihilekoa «klubak bere historian izan duen arorik gogorren eta zailen» gisa definitu zuen presidenteak. Egoera ekonomikoak eragin du hori, eta Osasuna auziak ere bai, jakina. Diru kontuak ere hizpide izan zituen, eta Espainiako Ligaren (LFP) aurrean jarri beharreko bermeaz honako hau esan zuen: «Onartu egin digu, eta arazo bat gutxiago. Berandu ibili gara, eta 30.000 euroko isuna daukagu horregatik, baina gardentasun osoz esaten dut gure ondarea jarri dugula bermea ziurtatzeko».

Jokalariak fitxatzeko baldintzez zera esan zuen: «Fitxatu dezakegu, betiere gutxieneko soldata ordainduta. Eta soldaten dirua murrizten badugu, jaisten dugunaren %25 fitxatzeko erabil dezakegu». Jokalariekin zorrik ez dutela gaineratu zuen: «Futbolarien sindikatuarekin (AFE) akordioa egin dugu, eta ez daukagu zorrik orain».

Adrian Cruz fitxatu du

Osasunak Adrian Cruz 27 urteko aurrelari galiziarra fitxatu du. Urtebeterako akordioa sinatu dute, beste batez luzatzeko aukerarekin. Iragan sasoian Racing de Ferrolen jokatu zuen, Bigarren B Mailan, eta lau gol sartu zituen hemeretzi partidatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.