Martinek irabazi du Dauphineko erlojupekoa, eta Wiggins da orain liderra

Emakumeen Bira korrituko da gaurtik igandera bitarte, eta Marianne Vos da hautagai nagusia

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tony Martinek (Highroad) erakustaldia eman zuen atzo Dauphine Libereko erlojupekoan, eta nagusitasun osoz gailendu zen Grenobleko helmugan. Euriak zailtasunak jarri zizkien txirrindulariei, baina alemaniarrak ziztu bizian egin zituen etapako 42,5 kilometroak: 55.28an. Bradley Wiggins (Sky) ausartu zen soilik Martini itzala egitera, baina 11 segundora iritsi zen. 27. kilometroan denbora berdina egin zuten biek, baina alemaniarrak hobeto neurtu zituen indarrak, eta etapako bigarren zatian denbora hobeagoa egin zuen.

Urruti geratu ziren gainontzeko txirrindulariak. Pattal aritu ziren Cadel Evans (BMC) eta Aleksandr Vinokurov (Astana). Australiarrak 1.20 galdu zuen, eta kazakhstandarrak bi minututik gorako atzerapena izan zuen. Euskaldunak ere ez ziren fin aritu; Gorka Verdugo (Euskaltel-Euskadi) izan zen azkarrena, hiru minututik gora galduta.

Erlojupekoan lortutako abantailari esker, Wiggins da lider berria. Bigarren dago Evans, 1.11ra; eta hirugarren Janez Brajkovic (RadioShack) 1.21ra. Laugarren dago orain Vinokurov, 1.56ko atzerapenarekin. Verdugo da aurreneko euskalduna; 5.38 galduta 42. dago sailkapen nagusian.

Gaur laugarren etapa korrituko dute: La Motte-Servolex-Macon, 173,5 kilometro. Esprinterrentzako etapa aproposa izango da, ez baitago mendate handirik.

Tropeleko hoberenak, Biran

Tropeleko puntako hainbat txirrindularik hartuko dute parte gaur hasiko den Emakumeen Biran. Azken hiru urteetako txapeldunak bertan izango dira: Claudia Haussler (Garmin-Cervelo), Judith Arndt (HTC-Highroad) eta Marianne Vos (Nederland Bloeit) UCIko lehen sailkatua, eta hautagai nagusia. Vosek Durangoko proba irabazi zuen herenegun. Hiru euskal talde izango dira Biran: Bizkaia-Durango, Lointek eta Debabarrena

Bost etapa egingo dituzte lau egunetan: Iurreta-Iurreta, Iurreta-Lekeitio, Elorrio-Kanpazar kronoigoera, Deba-Deba eta Urduña-Urduña.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.