laburrak, esanak, datuak

Matthaus: "Alemaniak Ballack gabe hobeto jokatzen du"

2010eko uztailaren 6a
08:33
Entzun
LABURRAK

- Fernando Llorente titular? Baliteke Vicente del Bosque Espainiako hautatzaileak Alemaniaren aurkako finalerdian ordezko jartzea Fernando Torres, eta aukera bat da Fernando Llorente Athleticeko jokalaria aritzea haren partez. Azkeneko entrenamenduan honekin titular proba batzuk egin ditu Del Bosquek. Beste aukera bat: Cesc Fabregas jartzea. Llorentek partida batean jokatu du mundialean -Portugalen aurkakoan-, eta primeran aritu zen.

- Nigeriako presidenteak atzera egin du. Johnatan Goodluck Nigeriako presidenteak ez du bere herrialdeko selekzioa nazioarteko txapelketetatik bi urtez erretiratuko, hala zioen arren. FIFAk ohartarazi zuen Nigeria nazioarteko federaziotik bidali egingo lukeela kasu horretan.

- FIFAren Urrezko Baloia sari berria sortu dute. Urrezko Baloia eta FIFA World Player sariak batean bildu dituzte eta FIFAren Urrezko Baloia izango da hemendik aurrera jokalarien artean banatuko den sari nagusia. France Football aldizkaria argitaratzen duen argitaletxeak, Amauryk, eta FIFAk lortu dute akordioa. "2011ko urtarriletik aurrera sari bakarra izango dugu munduko jokalaririk onenarentzat. Aspaldian zebilen FIFA horren atzetik, eta France Football ere bai, haiek europar onena saritzen zutelako eta guk munduko onena", argitu du atzo Joseph Blatter FIFAko buruak. Urtarrilaren 10ean emango dute lehen aldiz saria, Zurichen (Suitza). Kazetari, entrenatzaile eta jokalariek parte hartuko dute bozketan.

ESANAK

- Lothar Matthaus (Alemaniako jokalari ohia). "Alemaniak Ballack gabe hobeto jokatzen du, eta honek uko egin beharko lioke selekziora joateari".

- Joachim Low (Alemaniako hautatzailea). "Espainiak Messi bat baino gehiago du".

- Laurent Blanc (Frantziako hautatzaile berria). "Gillotinara noan sentsazioa dut oraintxe bertan. Espero egoera aldatzea".

- Cristina Fernandez (Argentinako Gobernuko presidentea). "Eutsi Maradona! Eutsi Argentina!".

- Fernando Signorini (Argentiako prestatzaile fisikoa). "Maradona bat hil da, baina Maradonak bere burua berriro asmatzen daki. Fenix hegaztia bezalakoa da: batzuetan txikituta amaitu beharra dauka berriro jaiotzeko".

DATUAK

- Espainiako jokalari bakoitzak 90.000 euro finalerdietan sartzeagatik. Finalerdietarako sailkatu da Espainiako selekzioa, eta finalerdietara sailkatzeagatik 90.000 euroko dirusaria jasoko du jokalari bakoitzak. Finalerdietan Alemania gainditzen badute, 120.000 eurokoa da dirusaria; eta Munduko Kopa irabazten badute, 600.000 euro jasoko du bakoitzak. Espainiako selekzioa, gainera, lagunarteko partidak jokatzeko eskaintza ugari ari da jasotzen, eta lortu dute jada kontratu bat milioi bat eurokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.