Matxinada giroa ahazteko

Baiona azken urteetako krisi handienean dago, eta Perpinyaren aurkako partida guztiz ahantzita izan da Lapurdi aldean

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Joan den larunbatean izan zen. Baionak Tolosari irabazi zion, Heineken Kopako txapeldunari, Anoeta mukuru bete zuten 32.000 zaleren aitzinean. Jokalariak gustura zeuden, eta zaleak bestarako gogoz. Sei egun pasa dira ordutik hona, baina Lapurdiko hiriburuan denek ahantzia dute dagoeneko Anoetako partida.

Aste honetan, Aturri eta Errobiko urak oso harrotuta ibili dira. Igandean, dena konponduko zela zirudien. Bernard Laporte behin betiko baztertu zuen Administrazio Kontseiluak, eta Alain Afflelou etxeak beste lau urteetan taldea babesteko konpromezua hartu zuen.

Baina hori guztia bukaera sinpleegia zen. Astelehenean, lasaitasuna etsipen bilakatu zen, eta larunbateko poza haserre. Afflelouk, bezperan emandako hitza jan zuen, eta sasoi bukaeran Baiona ez babesteko erabakia hartu zuen. Oso tonu gaiztoan egindako elkarrizketan, biziki gogor mintzatu zen Baionako presidentearen eta, oro har, Administrazio Kontseiluaren aurka. «Zozoa izan naiz jende horrekin lan egiteagatik, haserre nago eta oso aztoratuta, gau osoan ezin izan dut lorik egi», eta gisa horretako hitzak erabili zituen Alain Afflelouk bere erabakia azaltzeko.

Baiona hunkitzen duen krisian gertatutako azken gertaera horrek sekulako gerla piztu du Lapurdiko hiriburuan. Lehen aldikoz, Jean Grenet auzapezak hitz gogorrak izan zituen astelehenean Administrazio Kontseiluaren aurka: «Onartezina da administrariek Afflelou horrelako mespretxuarekin tratatu izana. Mugak pasa dituzte». Grenetek Bernard Laporte hasieratik susten- gatu zuen eta modu irekian Baionako administrarien aurka hitz egin zuen lehen aldiz.

Administrazio Kontseiluak alde guztietatik jaso ditu kritikak. Marc Baget, taldeko kapitainak, lehen aldiz egoera komentatu zuen asteartean: «Hau dena etsigarria da. Behingoz konpon dadila dena, Top 14ko pailazoaren papera hartzen ari baikara». Zaleeen artean ere, erdi gordea zen haserrea kanporatzen hasi da, pixkanaka. Astearte goizean, pintaketa gogorrak agertu ziren, Administrazio Kontseiluaren eta Salagoiti presidentearen aurka: «Aski dugu txontxongiloak izateaz!», «Xala=bigarren maila», «Xala kanpora», gisako mezuak irakurri ahal izan ziren. Xala esaera Francis Salagoitiren izen ttiki bezala erabilia da usu.

Klubak salaketa ezarri du pintaketa horien egileen aurka, eta Baionako zaleak biltzen dituzten Baiona Peñak eta Les Gars de l'Aviron baionar zaleen peñen federazioak ere gertaera kondenatu dute. Pintada horiek kondenatu arren, Les Gars de l'Aviron federazioak Administrazio Kontseiluaren dimisioa galdegin zuen, atzo eguerdian, prentsa aitzineko batean.

Horiek denak ikusiz, Baionako Administrazio Kontseiluak mugitzea beste irtenbiderik ez du izan. Atzo bertan jakinarazi zuen ez ohiko biltzar nagusi bat deitu duela apirilaren 13rako, estatutuek inposatzen duten gutxieneko denbora tartea aplikatuz.

Partida, bigarren planoan

Iskanbila guzti horren erdian, gaur arratsaldean Perpinyan jokatu beharreko partida bigarren planoan gelditu da. Jokalariek, beste behin ere, sekulako presioari erantzun beharko diote. Emaitza ona lortzea oso garrantzitsua izanen da, Heineken Kopako postuen borroka oso estu dagoelako, eta ahal bezain sarrien puntuatzea garrantzitsua delako.

Baina, horrez gain, Lapurdiko hiriburuan dagoen giro gaiztoari ihes egiten asmatu beharko dute. Egoera petrala da Baionako zuzendaritzan eta jendea oso haserre dago. Jokalariek, borroka guzti horren erdian, gaurko partidan bakarrik pentsatu beharko dute, gainerako guztia ahantziz. Dudarik ez da, gainera, taldearen emaitza hurbiletik jarraitua izanen dela, testuinguru horretan Baionaren egoera hitzetik hortzera dabilelako.

PERPINYA-BAIONA

Perpinya. Freshwater, Geli, Pulu; Vilaceca, Tchale-Watchou; Le Corvec, Chouly, Britz; Cazenave, Laharraga; Candelon, Coetzee, Marty, Sid; Porical.

Baiona. Iginiz, Hegi, Baiocco; Flavell, Filipo; Boutaty, Baget, Bernad; Gartzia, Boyet; Pietersen, Lacroix, Mazars, Gerber; Peyras.

Epailea. Cedric Marchat.

Lekua. Perpinyako Aime Giral (13.000 ikusle).

Orena. 20:45 (Fr. Canal + Sport).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.