Ez daude kolorea emateko soilik. Munduko Kopa honetan selekzio batzuk historikoen pare jarri dira. Ezarritako ordena aldatu nahi dute, eta selekzio ukiezin horietan sute txikiak eragiten ari dira. Gainera, kolpeak hartu dituzten talde horien inguruan dabiltzan kritikoei mihia zorrozteko bazka ederra eman diete.
Ez dira konpartsa hutsak. Gogotsu daudela erakutsi nahi diote munduari; gaitasuna badutela, antolatzeko gai direla. Pixkanaka kontuan hartu beharko genituzkeela, alegia.
Selekzio horien arrakasta eta haien jokalarien garapena elkarrekin bat doaz. Gainera, agerian utzi dute hasiera batean porrot egin dutenen zikoizkeria. Aurreneko multzoan sartuko nituzke Mexiko, Txile, Hego Korea, Suitza, Ghana eta Boli Kosta; eta bigarrenean, berriz, Frantzia eta Ingalaterra.
Lehiaketa honetara indartsu iritsi dira. Gogaitarazteko prest daude, eta betiko harraparien artean lekutxo bat egin nahi dute. Betikoek, baina, begi-bazterrez begiratzen diete, hasiera indartsua zirrarak eragindako kontua dela pentsatuz. Hurrengo egunak zalapartatsuak izango dira, eta tentsioa nabari da jada. Hurrengo egunetan, beharbada, urak bere ubidera itzuliko dira, eta matxinada anekdota hutsa izango da. Hori bai, ni Munduko Kopa honetan ari diren ontzien patroia izango banintz, matxinoak serio hartu.
Matxinada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu