Indarrez hustuta baina pozez beteta. Halaxe amaitu du Mauro Schmidek (Jayco) Frantziako Tourreko hamahirugarren etapa, Belforteko helmugan. Aurrez jakina zen etapa ehiztarientzat egun aproposa izango zela gaurkoa, eta, gidoiari eutsiz, merezita lortu du suitzarrak profesional mailako garaipenik handiena. Jendetsua izan da eguneko ihesaldia, eta, multzoa osatzea ederki kosta bada ere, azkenean 57 ziklistako taldea sortu da aurrean. Besteak beste, Jayco taldeak lau ordezkari sartu ditu. Taldekide guztiak bikain aritu dira indarrez zein jokabidez, eta Schmidek berak eman dio lanari errematea helmugan. Buruz buruko lehian nor baino nor gehiago aritu dira Harold Tejada (Astana) eta biak, eta suitzarra gehiago izan da esprintean. Denboraldiko bosgarren garaipena poltsikoratu du.
Dole eta Belfort artean, aurtengo Tourreko etaparik luzeenari aurre egin behar izan dio tropelak. Beroa ez ezik, ia 206 kilometro izan dituzte zain. Ihesaldi ahaleginak hasieratik nagusitu dira, baina galanki kostatu da multzo nagusia osatzea. Lehenbizi, 37 laguneko ihesaldia eratu da, eta tartean sartu dira bi euskal ziklista: Alex Aranburu (Cofidis) eta Ion Izagirre (Cofidis). Ondoren gehitu zaizkie beste hainbat txirrindulari, eta azkenean 57 laguneko multzoa eraiki dute aurrean. Abiadura eta intentsitatea izugarriak izan dira etaparen lehen erdian, orduko 55 kilometroko abiaduran ibili baitira batez beste. UAEk hasieratik eman dio onespena ihesaldiari, indarrak gordetzea erabaki baitu asteburuari begira. Hortaz, ihesaldian sartu diren ordezkariak berehala jabetu dira aurrean zeukatela jokoan etapa garaipena.
Ihesaldia oso jendetsua izan arren, Ballon d'Alsace mendateak jarri du bakoitza bere lekuan. Bederatzi kilometroko mendatean, hasieratik nagusitu dira mugimenduak, eta sakabanaketak eragin ditu horrek. Aranburuk azkar amore eman du, baina Izagirrek gertu izan ditu aurrekoak mendate gaineraino. Elkarri mokoka ibili dira indartsuenak. Bata bestearen jarraian, txirrindulari asko saiatu dira erritmoa bizkortu eta sagarrondoa astintzen, eta Tom Pidcocki (Q36.5) begira egon dira guztiak. Erantzukizuna hark hartu behar izan du, ustez bera zelako indartsuena. Dena den, elkar ezin hautsi ibili dira denak. Azkenean, mendate gainean hamar ziklista igaro dira elkarrekin: Jordan Jegat (Total Energies), Brandon McNulty (UAE), Kevin Vauquelin (Ineos), Clement Braz Afonso (Groupama), Maxin Van Gils (Red Bull), Tim Wellens (UAE), Luke Plapp (Jayco), Pidcock, Tejada eta Schmid bera.
Pidcock, podiumaren lehian
Izagirreren taldearen atzerapena ez da handia izan mendate gainean: minutu erdi ingurukoa. Bazirudien beherakoan bi taldeek bat egiteko aukera egongo zela, baina ez da halakorik gertatu. Azken hamabost kilometroetara arte, aurreko taldeak oso ongi hartu du elkar. Hori bai, hortik aurrera koordinaziorik eza nagusitu da, eta bi aztienak joan dira aurrera: Tejada eta Schmid. Indarrez denak paretsu egon arren, buruz bi ziklista horiek izan dira bizkorrenak, eta berehala hamabost bat segundoko tartea ireki dute. Aski izan dute hori helmugaraino iristeko. Azken metroetan esprint ikusgarria egin dute biek, eta gutxigatik irabazi du suitzarrak. Garapen luzearekin abiatu denez, kosta egin zaio abiadura hartzea, baina azken metroetan gehiago izan da, eta bere taldearen lana ezin hobeki biribildu du.
Schmid eta Tejadaren atzetik helmugaratu da Pidcock, hirugarren postuan, soilik bi segundora. Garaipenaren jokotik kanpo geratu arren, podiumaren lehian sartzea lortu du. Hori bai, ezin izan dio sailkapen nagusiko hirugarren postua kendu Remco Evenepoeli, Red Bull taldeak lan oparoa egin baitu azken kilometroetan. Dena den, baliteke sailkapen nagusian aldaketak izatea bihar eta etzi, mendi magaletan murgilduko baita tropela. Oilar nagusien txanda izango da, eta asteburuari gogotsu ekingo dio Tadej Pogacar (UAE) liderrak.Â