Dagoeneko ez da zalantzarik: 2025eko gidari txapelduna McLaren taldekoa izango da. Oscar Piastri ala Lando Norris, bietako nor izango den argitzea besterik ez da falta. Oso argi dago McLarenen nagusitasuna beste taldeen aldean. Autogileetan ia 300 punturen aldea ateratzen dio bigarren sailkatuari: Ferrariri. Puntuetan bikoiztu baino gehiago egiten du italiarren kopurua. Azkar aldatu da botere banaketa; duela bi urte, Red Bull zen errekor guztiak txikitu zituen taldea. Araudia apenas aldatu den honetan, McLarenek egin duena nabarmentzekoa da. Inoiz baino estuago dagoen parrilla batean gailentzea lortu du.
Azken lasterketa oso aproposa da egungo egoera irakurtzeko. Hungariako Sari Nagusiaren 50. aldia jokatu zuten. Burdinazko Errezelaren beste aldea zapaldu zuen 1 Formulak 1986an, eta sekulako arrakasta izan zuen. 200.000 ikusletik gora bildu ziren Hungaroringeko zirkuitura, gehienak Ekialdeko bloketik. Ia hamar urte pasatu arte, ezein lasterketak ez zuen gainditu orduko ikusle kopurua: 1995eko Australiako Sari Nagusiak erakarri zuen ikusle gehiago. Aurtengoak, berriz, 300.000 ikusle elkartu zituen.
Hungaroringeko lehen pole position-a Ayrton Sennak lortu zuen, Lotus-Renault autoarekin. Bosgarren gidaria Keke Rosberg izan zen, McLaren-TAG batekin, Sennarengandik segundo batera baino gehiagora. Joan den larunbatean, berriz, pole-a lortu zuen Charles Leclercek (Ferrari) hamarren eskas bat atera zion bosgarren sailkatuari: Fernando Alonsori (Aston Martin). Gidaririk mantsoena Alex Albon izan zen, hogeigarren postuan, zortzi hamarren eta erdira. Hau da, gaur egun, parrilla osoa segundo baten buruan dabil. Inoiz ez da halako parrilla esturik izan, eta horrek agerian uzten du talde guztiek sekulako maila dutela.
Huts txikiak garesti
Lewis Hamilton (Ferrari), sailkatze saio eskasa egin, eta lehen hamar gidarietatik kanpo geratu da. Max Verstappen (Red Bull), autoa nahi ez bezala doitu, eta zortzigarren postutik irten da. Halakoa da egungo 1 Formula: estua, hutsik txikiena garesti ordainarazten duena. Inoizko autorik dominatzaileenak izan ziren McLaren MP4/4, Williams FW14B eta 2023ko Red Bull RB19. Hain zen handia haien nagusitasuna, ezen gidariek itzuli perfektua eman gabe ere aise irabazten baitzuten. Guztiak hain estu dabiltzanean, ordea, autoaren puntu gozoa topatu ezean, postu asko egiten da atzera. Denborak ikusita, abiadura aldetik aldeak ez dira handiak autoen artean. Auto batzuk abiadura hori lortzeko oso konfigurazio zehatz eta sentibera dute; edozein parametro aldatzen bada, denborak ihes egiten die. Parametro hori askotan ez dago haien kontrolpean, baizik eta pistaren tenperaturaren edota haizearen abiadurarenean. Beste auto batzuk, ordea, tolerantzia handiagoa dute eragin beraren aurrean. Williams da aurrenekoen adibide bat, eta McLaren azkenekoena.
Piastri eta Norris hain parekatuta ibiltzeak esan nahi du perfekziotik gertu dabiltzala biak ala biak, autoak eta gidariak. Gutxinaka iritsi dira egoera horretara, baina horretan eutsi eta sendotzeko meritua dute. Txalotzekoa da, gainera, taldeak bi gidarion artean lehia baimendu eta bultzatu izana. Senna-Alain Prost eta Hamilton-Nico Rosberg kasuak datoz burura, talde barruko lehia eta gehiegizko tentsio modura. Orain arte taldeak ezin hobeto kudeatu du egoera. Kanadan, Norrisek harremana tenkatu zuen Piastriren autoa atzetik jo zuenean, baina erantzulea izan zen kaltetu bakarra, eta horrek urak baretzen lagundu zuen. Hortik aurrera lehia ez da baretu, baina biek heldutasunez jokatu dute.
Tartea oso txikia da bien artean: bederatzi puntu besterik ez dago. Hamar lasterketa falta dira oraindik jokatzeko. Teknikoki guztia berriro hasiko da abuztuko geldialditik bueltan, Zandvoort-en, Herbehereetako Sari Nagusian. Hirugarren eta laugarren postuetarako ere oso gertu daude beste bi gidari: Verstappen eta George Russell (Mercedes). Aspalditik ez dira lagunik onenak. Verstappen 2026an Mercedesen aritzear egon da, baina zerbait gertatu da azken asteetan erabaki hori iraultzeko. Mercedesen beheranzko maila ote? Datorren urtean egongo den aldaketa handia ikusirik, nork asmatu duen eta nork ez ikusi nahi ote du, eta horren ostean talderik onenera jauzi egin? Gauza bat ziurra da: McLarenek ez du haren beharrik, Zak Brown zuzendariaren esanetan. Merkeagoak diren bi gidari ditu, eta emaitza berbera ematen diote.
Denboraldia azken erdialdean sartua den honetan, eta, datorren urteak dakartzan berrikuntza guztiak kontuan hartuta, diseinu eta ingenieritza arlo guztiak 2026ari begira daude, eta ez dute aurtengo makinetan apenas lanik egingo. Horrek ia ziur tarteak handitzera eramango du. Mercedesek, Ferrarik eta Red Bullek badakite ez dagoela aurtengo McLaren autoa harrapatzeko modurik, eta, horregatik, ahalegin guztia datorren urtean McLaren gainditzera bideratu dute. Lehia teknikoa apalduko bada ere, gidarien artekoak gori-gori jarraituko du: Piastriren eta Norrisen arteko detaile txikiek ondorio handiak eragingo dituzte.