Mendebaldetik eta ekialdetik

Euskadiko traineru txapelketa izango da gaur eguerdian, Orion: bai gizonezkoen proba, bai emakumezkoena

Kaikuko arraunlariak garaipena ospatzen, arrauna alde banatara mugituta, herenegun, Getxoko estropadan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Traineru denboraldian, estropada garrantzitsua izaten da Euskadiko txapelketa, eta iritsi da eguna. Gaur jokatuko dute, Orion (Gipuzkoa), 12:00etan. Emakumezkoetan, lau ontzi lehiatuko dira, eta gizonezkoetan, zortzi. Bi bandera daude jokoan.

Gizonezkoetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketetako lau onenak elkartuko dira. Aurreneko txandan, lehiaketa horietan hirugarren eta laugarren egin zutenak joango dira: Zumaia, San Pedro, Portugalete eta Santurtzi. Bigarrengoan, herrialdeko lehian aurreneko biak izan zirenak: Hondarribia, San Juan, Kaiku eta Urdaibai.

Arraunzalearen begiak mendebaldera begira daude, handik joango delako Oriora Kaiku. Hura da faboritoa, azken estropadetan ibilbide aparta ari delako osatzen. Bizkaiko txapelketa egurrean irabazi zuen, eta San Miguel ligako azken lau estropadetatik hirutan izan da garaile; lehen postuan da, gainera, lehiaketa horretan. Goranzko jauzia egin du azken astebetean. Lehengo Kaiku eta oraingoa ez dira talde bera. Orain dela gutxi arte irregulartasuna zen lekuan kontrako muturra azaldu da, eta erregular dabil taldea. Denboraldiaren hasieran, aurreikuspen guztietan Kaiku hau zegoen, eta uste baino beranduago azaldu bada ere, hemen da.

Arraunzalearen begiak ekialdera ere begiratuko du; baita beste taldeetako ordezkariek ere. Izan ere, ekialdeko haize bortitza dago iragarrita, eta itsasoa itsusi antzean egongo dela diote iragarpenek. Horrek nahasi egingo du Orioko eremua, eta berez ere bihurria izaten da. Iragarpenak betetzen badira, txapelketa irabazteko hautagaien zerrenda handitu egingo da. Bestela ere, zerrenda horretan sartzekoa da Hondarribia, eta itsasoa mugitzen bada, are gehiago. Maisuak dira olatu artean, eta behin baino gehiagotan erakutsi dute parekorik ez dutela halakoetan.

Bizkai aldera jauzi eginda, Urdaibai ageri da. Kale egin zuen Bizkaiko txapelketan, ustez talderik onenak duena ateratzeko aukera izan zuen egunean, ligako araudietatik kanpo. Kaikuk erraz menderatu zuen, eta gaur ikusi egin beharko da zer egiten duen. Araudien mugarik ez da izango, eta horrek mesede egiten die Kaikuri eta Urdaibairi, baina gero uretan erakutsi behar izaten da hori. Bigarren txandako laugarrena San Juan da. Egun ona izan duenean, lan ederrak egin ditu aurten, eta halako lana ateratzen bazaio, tentuz zaintzekoa da.

Lehen txandan, teorian txapelketa irabazteko hautagai ez direnak daude; baina eguraldiak aukera eman diezaioke txandako garaileari. Zein izan daitekeen ez da asmatzen erraza. San Miguel ligako hirurak eta KAE 1 ligakoa (Santurtzi) talde onak dira. San Pedro dabil ondoen, baina Portugalete eta Zumaia ere kontuan hartzekoak dira. Santurtzik nahiko du bere burua neurtu, San Miguel ligara igotzeko kanporaketan sartzen bada ere.

Bada kontuan hartzeko beste ezaugarri bat estropadari aurrez egin beharreko begirada honetan. Asteburuan bi estropada izan dituzte zortzi traineruek, eta gaur jokatuko dute hirugarrena: bi egunera. Nekeak eragina izan dezake arraunlarien lanean, eta entrenatzaileek hartuko dituzten erabakiak ere oso garrantzitsuak izango dira. Aldaketak egiten badituzte asteburutik, asmatu beharrean egongo dira.

Gizonezkoen aurretik, emakumezkoen txapelketa izango da. Lau ontzi ariko dira, ziaboga bakarrera eta bi luzetara. Lau traineruak gipuzkoarrak izango dira, Bizkaian ez delako ontzirik osatu aurten: Zumaia, Getaria-Tolosa, San Juan eta Orio. Gipuzkoako txapelketan lau onenak izan zirelako ariko dira. Laukotean indar- tsuena Zumaia izaten ari da, lider baita Euskotren ligan eta Gipuzkoakoan. Baina Getaria-Tolosak gora egin du asteburuan, eta San Juan ere gertu izan zen bandera irabaztetik larunbatean, Gipuzkoako ligako estropadan. Horien kasuan ere, nekeak eragina izan dezake, eta arraunlarien lana baldintza dezake. Gero, jakina, itsaso mugituan ondo moldatzea ere funtsezkoa izango da.

Begiratua igandekoari

Ligetako jardunaldiak izan ziren igandean. San Miguel ligan, Ge- txon, hamargarren estropada egin zuten, eta Kaikuk irabazi zuen. Sailkapenean, bost puntu ateratzen dizkio Hondarribiari, seigarren egin baitzuen Gipuzkoako ontziak. Atzealdean, estutu egin dira kontuak, azken-aurrekoa (Zumaia) eta goiko biak (Pedreña eta Astillero), hiru puntuan direlako. KAE 1 ligan, Oriok irabazi zuen Lekeition, eta lider da, nabarmen, sei estropadetan garaile izan delako. Euskotren ligan, Getxon, Zumaia izan zen onena, Galizia eta Getaria-Tolosa bi segundoan menderatuta, eta lehen postuan da, hiru estropada falta direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.