Iritsi dira Dolomitak! Bagenuen gogoa, Petacchiren monologoarekin eta etapa zozoekin aspertuta baikinen dagoeneko. Gaurkoa Dolomitak mendiguneko etapa bakarra da, baina jakina da, Dolomitetan, handik edo hemendik, alde batetik edo bestetik, mendate asko gogorrak direla, hormak, munduko gogorrenetakoak.
San Vendemiano eta Falzes arteko bidea egingo du 16. etapak. 217 kilometroko bidea, bakarrik. Lau mendate daude bidean. Lehen biak dira errazenak: Forcella Staulanza eta Valparola. Staulanza 83. kilometroan dago. 9,3 kilometro ditu, eta %6,4ko batez besteko desnibela. Bigarren mailakoa da. Lehen mailakoa da bigarrena: Passo Valparola, askoz ere serioagoa. Serioagoa, 15,4 kilometro delako luze. Batez bestekoa ez da ikusgarria, %5,8, baina azken 10 kilometroetan ez dago atsedenik. %6tik gorakoak dira kilometro guztiak eta %9,7koa azkena. Valparolak 2.200 metro ditu, eta jakina da 2.000 metrotik gora ahalegin fisikoa askoz ere nekezagoa dela, oxigeno faltagatik. 115. kilometroan dago Valparola.
Passo Furcia eta Terento,bi horma tente
Passo Furcia eta Terento dira etapako azken bi gainak. Gogorrenak dira. Furciak min handia egingo du, 160. kilometroan dagoelako eta eraso kolpe eraginkorrak jotzeko leku egokia delako. Zenbakiei begiratuta ez da deigarria: 12,3 kilometro eta %6,3ko desnibela. Lehen erdia etzana da oso, baina trukean, bigarrena, oso gogorra. %11,4, %10 eta %11,2. Horiek pankartapetik pasa aurreko hiru kilometroen batez besteko maldak. Erasotzea ezinezkoa izango da ia, baina oker-oker igota ere tarteak azkar irekitzen dira.
Errematerako Terento jarri dute antolatzaileek. Mortirolo txikia omen, Garatek eta Vilak berriari esandakoaren arabera. Zazpi kilometro ditu, baina bost kilometrok %7ko portzentaia gainditzen dute. Goitik 10 kilometro daude helmugara.Zer gertatuko den asmatzea da zailena. Bistan da Saeco eta Simoni Popovitx xaxatzen saiatuko direla, baina noiz da kontua. Azkar hasten badira, triskantza sekulakoa izango da. Mugitzeko gogoarekin daude asko, eta hori ikuskizunaren sinonimoa da. Batez ere Giroan.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA
Mendia!
217 kilometro eta lau mendate serio; Dolomitetako menua taldearentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu