'Mendilibar efektua'

Entrenatzaile bizkaitarra iritsi denetik, sailkapenean zortzi talde aurreratu ditu Osasunak. Sei partidatan hamahiru puntu batu ditu, hamahiru gol sartu eta hiru jaso.

Iruñea
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Gailurrera iristeko lanetan nekeak jotako mendizalea zirudien Osasunak orain bi hilabete; baina, Jose Luis Mendilibarrek Jose Antonio Camacho ordezkatu zuenetik, behar zuen hauspoa berreskuratu du Iruñeko taldeak. Zaldibartarra iritsi denetik, gorantz egin beharreko metroak egin dituela eta aldapa behera hasita dagoela dirudi orain Osasunak.

Beheraka hasita ere izaten ditu arriskuak mendiak, dena dela, eta sailkapenean zortzi postu gora egin ostean jaitsieraren arriskuak uxatu dituztela dirudien arren, Mendilibarren jokalariek lanean jarraitu beharra daukate orain. Aldapa behera ari dira orain, dena alde dutela dirudi, baina helmugara iritsi artean ez dago atseden hartzerik. Camachorekin, 23 jardunaldiren ostean, 18. postuan ziren nafarrak, 22 punturekin. Sei jardunaldi geroago, Mendilibarrekin, sailkapenaren hamargarren postuan dira, 35 punturekin. Hilabete eta erdian Osasunak izan duen itxuraldaketari arrazoia aurkitzea lan nekeza da. Argi dago ez dagoela arrazoi bakarra. Asko izan dira aldaketaren arrazoiak eta ondorioak. Arrazoi guztien atzean izen bat dago, halere: Jose Luis Mendilibar.

Camachoren azken partidaren ostean, Anoetan 1-0 galduta, Osasuna jaisteko postuetan zen, 22 punturekin. Zaragozak eta Sportingek 23 puntu zituzten, Levantek 24, Deportivok, Racingek eta Herculesek 25, Atletico Madrilek 30, eta Mallorcak, Realak, Sevillak eta Getafek 31—Getafe zazpigarren zen sailkapenean—. Baina azken hilabete eta erdian beste aurkari guztiek baino puntu gehiago batu ditu Osasunak. Bartzelona eta Real Madril ahalguztidunen atzetik, Ligako talderik onena izan da. Hamahiru puntu batu ditu, tarte berean Zaragozak bildu baino sei gehiago, Sportingek baino lau gehiago, Levantek baino bi gehiago, Deportivok baino zazpi gehiago, Racingek baino bost gehiago, Herculesek baino hamabi gehiago, Atletico Madrilek baino lau gehiago, Mallorcak baino sei gehiago, Realak baino bederatzi gehiago, Sevillak baino bi gehiago eta Getafek baino hamar gehiago. Hobekuntzaren atzean arrazoi bat baino gehiago dago.

1. Konfiantza

Jokalarien adierazpenak entzunda, ez dago zalantzarik: konfiantza berreskuratu dute, eta denak garrantzitsu sentitzen dira orain.Camachok ia-ia baztertuta zeuzkan jokalari batek baino gehiagok izan dute jokatzeko aukera Mendilibar iritsi denetik. Calleja eta Kike Sola dira adibide argienak. Psikologo lanak egiten asmatzea oso garrantzitsua da entrenatzaileentzat gaur egun, eta Mendilibarrek jokalarien burua garbitzea lortu duela dirudi. Etxetik kanpo hutsean berdintzera zelairatzen zirela eta partidak txiripaz soilik irabaz zitzaketela zirudien Camacho aulkian esertzen zenean. Orain, aldiz, konfiantzaz gainezka, aurkarien bila zelairatzen dira gorritxoak, etxean zein etxetik at.

2. Lana eta presioa

Mendilibarrek zuzendutako taldeek beti izandako ezaugarrietako bat da etxean zein etxetik at aurkariari presioa goian egitea eta atzelari lerroa zelai erditik gertu izaten saiatzea. Teoria praktikara ondo eramateko, argi dago ezinbestekoa dela jokalariek entrenatzailearen hitzak sinestea, eta Osasunaren azken jardunaldietako partidak aztertuz gero, argi dago gorritxoek sinetsi egin dituztela entrenatzailearen teoriak. Baloia luze jokatzen eta atzelariak areatik gertu izaten ohituta zeuden nafarrak, batik bat etxetik kanpoko partidetan. Levanteren aurkako partidan gaitzak sendatu gabe ziren, baina beste norgehiagoka guztietan presioari esker baloia azkar eta aurkariaren atetik gertu berreskuratu eta baloia motzean erabiltzen aritu izan dira nafarrak. Entrenamenduetako intentsitateak eragina izan du partidetan.

3. Golak (alde zein kontra)

Sailkapenaren bigarren erdian dauden beste taldeek ez bezala, Osasunak jaso baino gol gehiago sartu ditu. Zazpi taldek bakarrik lortu dute hori orain arteko jardunaldietan, Bartzelonak, Real Madrilek, Vila-realek, Valentziak, Athleticek, Atletico Madrilek eta Osasunak. Gainera, Ligako lehen hiru sailkatuen atzetik, gol gutxien sartzen dioten taldea da. Eta, une honetan estatistikak horrelakoak izateko, argi dago Mendilibarren aroan jasotako eta sartutako gol kopuruak zeresan handia izan duela: sei partidatan hamahiru gol sartu dituzte gorritxoek, eta hiru besterik ez diete sartu.

4. Inguruko batasuna

Camachok zaleak nazkatuta zeuzkala aspalditik zegoen argi. Iruñean egindako lehen bi denboraldietan ere egin zioten txistu entrenatzaile espainiarrari, baina sasoi honetan areagotu besterik ez ziren egin protestak. Aurkezpenaren egunean bertan txistu egin zioten, eta Real Madrili irabazitako partidan izan ezik, etxean jokatutako partida guztietan entzun dira Patxi Izko eta Camachoren aurkako oihuak Nafarroako Erresuman. Taldearen inguruan ez da giro onik izan. Zorionez, hori ere aldatu egin da Mendilibar iritsi denetik, dena dela. Lehen partidan Mendilibarren aldeko abestiak ere entzun ziren. Zaleek aspaldian ez bezalako ilusioa dute orain, eta etxean jokatutako partidetako giroa ederra izan da benetan. Presidentearen aurkako oihurik ere ez da entzun Camacho joan zenetik.

5. Alvaro Cejudo

Baina benetan hobekuntza nagusia jokalariena izan da, zalantzarik gabe. Lolo, Nekunam, Nelson, Puñal, Camuñas eta beste zenbait jokalari hazi egin dira Mendilibarrekin, lehen ere asko jokatzen ari ziren arren. Berritasunak ere izan dira azken boladan Osasunaren hamaikakoan. Alvaro Cejudo da adibide onena. Juanfran ordezkatzeko fitxatu zuen Osasunak Cejudo, eta, Bigarren Mailatik iritsi izanaz gain min hartuta zetorrela aintzat hartuta, inor gutxik uste zuen hain erraz eta azkar egokituko zela Osasunara. Baina bai, inoiz Lehen Mailan jokatzeko aukerarik izan ez dutenen grina bereziarekin iritsi da erdilari espainiarra Osasunara, eta haren futbol gosea ederki baliatu du Mendilibarrek. Geldikako jokaldietan protagonismoa dauka, eskuin hegalean beti saiatzen da jokaldiak egiten, eta argi geratu da Osasunaren joko estilo berrirako jokalari aproposa dela. Halere, aitortu du oraindik ez duela erakutsi bere joko onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.