Herenegun Anoetan Realaren aurka 1-0 galdu ostean, Patxi Izko presidenteak eta Osasunako zuzendaritzako gainerako kideek aho batez onartu zuten Jose Antonio Camacho entrenatzaile kargutik kentzea. Osasuna jaitsiera postuetan utzita doa Camacho. Baina aldaketa garaiz egin dutela eta entrenatzaile berria egoerari buelta emateko gauza izango dela sinetsita daude Osasunako arduradunak. Atzo goizean Izkok ez zuen entrenatzaile berria nor izango den argitu, baina arratsaldean baieztatu zuten albistea: Jose Luis Mendilibar zaldibartarra. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute Nafarroako Erresuman, eta Zaldibarkoak 2012ko ekainera arteko kontratua izango du. Athletic eta Valladolid zuzendu ostean, Lehen Mailan hirugarren taldea entrenatzeko aukera izango du Mendilibarrek.
Etxetik kanpo jokatutako azken hogei partidetan 18. porrota bildu zuen Osasunak igandean —beste bi partidak berdinketarekin amaitu ziren—, eta zaleek aspalditik eskatzen zutena egitea erabaki zuten Osasunako zuzendariek: Camacho kargutik kentzea.
Ciezako entrenatzaileak bi urte eta lau hilabete egin ditu Osasunan, 2008-2009 denboraldiko seigarren jardunaldia jokatuta Jose Angel Ziganda ordezkatu zuenetik, hain zuzen ere. 105 partidatan zuzendu du Camachok Osasuna, Espainiako Ligan eta Kopan. Haren estatistikak nahiko eskasak dira. Hura aulkian egonda, Iruñeko taldeak 30 partida irabazi ditu, 29 berdindu eta 46 galdu.
Hargatik, Camachok atzoko agurreko prentsaurrekoan argi utzi zuen egindako lanaz harro dagoela. «Presidenteak Osasunarekin dudan harremana eteteko deitu didala bakarrik esan nahi dizuet. Hemen amaitzen da Osasunarekin neukan harremana. Eskerrik asko azkeneko urteetan ni jasateagatik, eta zorionak San Valentin egun honetan. Ez nuen espero, eta triste nago, lanean jarraitzen ez didatelako uzten eta lagunei agur esan beharrean naizelako. Futbola horrelakoxea da, ordea. Oso gustura egon naiz, helburuak sasoi amaieran bete behar izaten dira, eta aurreko bi urteetan bezala aurten ere helburua beteko nuela seguru nago, baina amaitu da. Euren zoriontasuna nire zoriontasuna ere izango dela esan diet jokalariei, eta seguru nago egoerari buelta emango diotela, ez dut zalantzarik».
Ez du polemikarik nahi
Bera botatzeko erabakian zaleekin izandako harreman zailak eraginik izan ote duen galdetuta, Camachok polemikak saihestu nahi izan zituen: «Auzoko ateak ixtera joaterik ez dut nahi; ez diot inori kargu hartu nahi; ez da nire estiloa». Jarraian, halere, mezu argigarria bota zuen. «Kritika guztiak kirol arloko arrazoiengatik izatea gustatuko litzaidake». Triste eta burumakur zegoen Camacho, baina lasai era berean.
Jokalariek Alfredo Sanchez jokalari ohiaren aginduetara lan egin aurretik egin zituen adierazpen horiek Camachok. Entrenamenduaren ostean, Izkoren txanda iritsi zen. Urduri zegoen. Osasunako bazkide batekin ika-mika izan zuen minutu batzuk lehenago telebista kamera ugariren aurrean, Taxoaren bertan. «Camachoren kontratua etetea erabaki dugu. Erabaki zaila izan da, baina garaiz hartu dugula uste dugu. Tenorerik aproposena zen, eta arrazoia zein den badakizue, betiko arrazoia: emaitza bolada txar bat. Urte hauetan Camachok lana jator egin duela uste dut oraindik. Baina joerak aldatzeko norabidea aldatu behar izaten da batzuetan futbolean, eta entrenatzaile berriak plantilari behar bezalako etekina ateratzea eta egoera zuzentzea espero dut. Zaleen kritikek ez dute eraginik izan».
Goizean entrenatzaile berria zein izango den aurreratzerik ez zuen nahi izan, baina Mendilibar da aukeratua. «Ezin dut ezer baieztatu, baina nahi duen entrenatzailea bilatuko du Osasunak». Arratsaldean itxi zuten Mendilibarrekin itxi beharreko guztia.
Mendilibarren aroa
Jose Antonio Camachok atzo eskaini zuen agurreko prentsaurrekoa, eta gaur aurkeztuko dute Jose Luis MendilibarHasitako lana amaitzen utzi ez diotelako «triste» utzi du kargua Camachok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu