Aparteko gogortasuna izango du aurtengo Itzuliak

Txirrindulariek hamalau mendate igo beharko dituzte, aurreko lau aldietan baino gehiago. Lasterketa Zarautzen hasiko da, maiatzaren 15ean, eta Donostian amaitu, maiatzaren 17an. Hiru etapatan 372,4 kilometro egin beharko dituzte.

Tropela iazko Itzuliaren azken etapan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Tropela iazko Itzuliaren azken etapan. GORKA RUBIO / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 22a
15:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoizko menditsuena izango da aurtengo Euskal Herriko Itzulia. Hala ondoriozta daiteke tropelak zenbat mendate igoko dituen aintzat hartuz gero: hamalau igoko dituzte guztira. Lasterketa 2022an lehiatu zen aurrenekoz, eta orduan, antolatzaileek hamahiru mendate puntuagarri ipini zituzten bidean. Hurrengo urteetan, berriz, ibilbide leunagoak prestatu zituzten: zazpi igoera izan ziren 2023an, bederatzi 2024an, eta hamar iaz. Normalean, azken egunean erabaki izan da Itzulia, Donostia inguruko aldapetan. Aurten, ordea, egunero izango da lasterketa hausteko aukera. Txirrindulariek 372,4 kilometro egin beharko dituzte guztira; horietatik asko, aldapan gora.

Antolatzaileek gaur jakinarazi dituzte ibilbidearen xehetasunak, Zarautzen egindako ekitaldian. Hain justu, bertan abiatuko da lasterketa, maiatzaren 15ean. 121,3 kilometro eta sei mendate izango ditu lehen saioak. Lasterketara erdipurdi iristen direnek sufrikarioa pairatuko dute. Lehen kilometroetan Itziar, Kalbario eta Azkarate igoko dituzte —hirugarren mailako mendateak—, eta behin zangoak berotuta, Santa Agedari egin beharko diote aurre. Bigarren mailakotzat jo dute antolatzaileek, eta eguneko zailtasun nagusia izango da: zortzi kilometro luze da, eta %6,8ko pendiza du batez beste. Tontorretik 50 kilometrora egongo da Zarauzko helmuga, eta ziklistek beste bi mendate igo beharko dituzte: Etumeta eta Garate, biak hirugarren mailakoak. Azken hori igo, eta zazpi kilometro geroago amaituko da etapa. Faboritoek lehen suziriak jaurtiko dituzte.

Biharamunean, Bizkaian barneratuko da tropela; Abadiño eta Zornotza lotuko ditu bigarren etapak, 138 kilometroko ibilbidean. Aurtengo saiorik luzeena izango da, baita gogorrena ere: tropelak 2.474 metroko desnibel metatua gainditu beharko du —bezperan baino 200 metro gehiago—. Bost mendate izango dira, bostak hirugarren mailakoak. Lehen 43 kilometroetan tentsioa izango da Trabakua, Milloi eta Natxituako igoeretan. Gero, trantsizio tarte gorabeheratsu bat izango dute San Pelaiora iritsi arte, eta eguneko azken mendate puntuagarria Aretxabalgane izango da. Jarraian Muxikara jaitsiko dira, puntuagarria ez den igoera bati aurre egin baino lehen. Litekeena da malda horretan erabakitzea etapa, eta, inor nabarmendu ezean, ziurrenik txirrindulari gutxiko esprinta izango da Zornotzako helmugan.

Azken etapa, urtero bezala, Donostiako Klasikoaren berdin-berdina izango da. Txirrindulariek 1.840 metroko desnibela pilatuko dute 113,1 kilometroko ibilbidean. Donostiatik abiatu, eta lasai ibiliko dira tarte batez, harik eta Itzuliko mendaterik gogorrena agertuko den arte: Jaizkibel, 7,9 kilometro eta %5,6ko pendiza duen mendatea, eta lehen mailakotzat jo duten bakarra. Helmugatik 71 kilometrora du gaina, baina, halere, tropela apurtu egingo da bertan. Sailkapen nagusiko txirrindulariek ezingo dute hutsik egin. Segidan, Gurutze igoko dute, eta, ordeka luze baten ondotik, Mendizorrotzen gora hasiko dira —6,4 kilometro eta %5,2—. Eraso gogorrak izango dira bertan, etapa irabazi eta sailkapen nagusian lurrikara eragiteko asmoz. Donostiako helmugara hamar kilometro geroago iritsiko dira.

Laster iragarpen gehiago

Antolatzaileek laster emango dute Itzulia lehiatuko duten taldeen berri. Dena den, World Tourreko lasterketa bat izanik, luxuzko parte hartzaileak izango dira aurten ere. 2025ean hemeretzi taldek lehiatu zuten Itzulia, eta horietatik hamalau izan ziren maila gorenekoak. Euskal ziklismoa Movistar eta Laboral Kutxa taldeek ordezkatu zuten, eta aurten ere hala izango da. Laboral Kutxa goraldi betean dago, eta etxeko lasterketa nagusian arrastoa uzten saiatuko da aurten. Iaz lorturiko emaitzarik onena Usoa Ostolazak bigarren egunean lortutako seigarren postua izan zen.

Itzulia bosgarrenez lehiatuko da aurten, eta oraindik ez da euskal ziklistarik igo podiumera. Gauzak bestelakoak izan ziren Emakumeen Biran; Joane Somarriba hiru bider izan zen garaile, Josune Gorostidi behin, eta Raquel Aberasturik, Ainhoa Artolazabalek eta Eneritz Iturriagak ere podiuma zapaldu zuten. Itzulia, ordea, herbeheretarren jolastoki bilakatu da. Izan ere, orain arte lehiatu diren hamabi etapetatik 11 Demi Volleringen (FDJ) eta Mischa Bredewolden (SD Worx) artean banatu dituzte: zazpi lortu ditu batak, eta lau besteak. Sailkapen nagusietan ere nagusi izan da Vollering orain arte: txapela jantzi zuen 2022an, 2024an eta 2025ean, eta bigarren izan zen 2023an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA