Ziurgabetasunez betetako hainbat hilabeteren ostean, iritsi da txirrindularitza munduko lasterketarik ezagunena: Frantziako Tourra. Denboraldi arraroa da aurtengoa, eta, segurtasun eta higiene neurri zorrotzekin egingo bada ere, Frantziako Tourrak Frantziako Tourra izaten jarraitzen du. Nizan emango diote hasiera lasterketari, gaur, eta, irailaren 20an Parisko Eliseoko Zelaietara iritsi arte, txirrindulariek 3.481 kilometro osatu beharko dituzte, 21 etapatan banaturik. Aurreko urtearen antzera, aurten ere mendia izango da protagonista. Lehiakideek 64 mendate igo beharko dituzte. Lasterketa igotzaileentzat espresuki diseinatu dutela dirudi. Goraka joan beharko dute ibilbidearen zatirik handienean. Erlojupeko bakar bat izango dute, azken-aurreko egunean. 36 kilometro luze izango da, eta tartean lehen mailako mendate batean amaituko da. Podiumeko lehen postura igo nahi duenak, beraz, ondo baino hobeto igo beharko du.
Lehen egunetik hasita, sailkapen nagusiko hautagaiek adi ibili beharko dute, hasieratik Tourra irabazteko aukerarik gabe gelditu nahi ez badute. Inoizko Tourrik menditsuenetako bat da aurtengoa, eta lehen atseden egunera iritsi arteko bederatzi etapetatik bost mendiz josita daude. Etapa lauak ez dira nagusi izango Tourreko lehen astean. Esprinter petoek aukera gutxi izango dute etapak irabazteko, eta are gutxiago lasterketako lehen astea horiz jantzita amaitzeko.
Aurreko ekitaldian bezalaxe, aurten ere lehenago zapalduko dituzte Pirinioetako mendateak Alpeetakoak baino. Tourmalet eta Alpe d'Huez mendateak ez igo arren, desnibel handia pilatuko dute txirrindulariek hiru asteetan. Mendiko etapa asko izango dituzte jarraian; esate baterako, lasterketako azken asteari mendiko hiru etapa kateatuz emango diote hasiera. Lasterketako hamazazpigarren egunean izango dute etaparik gogorrena. Grenoble eta Meribel artean, Madeleine eta Loze mendate ospetsuak igo beharko dituzte.
Frantziako mendateetan gora izango da berriz ere Mikel Landa (Bahrain), hasiera batean, sailkapen nagusiagatik lehiatzen ariko den euskal herritar bakarra. Beste lehiakideak bezala, murgiarra gutxi lehiatu da aurten, eta ezin da segurtasun osoz jakin gorputzak nola erantzungo dion Tourreko hiru asteetan. Dauphineko azken etapa bizkarreko minarekin gaizki amaitu arren, sasoi bikainean dela erakutsi du lehiatu den lasterketa eskasetan. Halere, garbi du zein den bere lehen helburua: irabaztea. Ibilbidea aproposa da Landarentzat; mendate asko ditu, eta erlojupeko bakar bat. Ez da iaioa erlojuaren kontrako saioetan, eta, Parisera horiz jantzita iritsi nahi badu, abantailaz ailegatu beharko du bakarkako saio horretara. Estreinakoz arituko da Bahraineko maillotarekin Tourrean, eta lehenengo aldia izango da talde oso bat berarentzat bakarrik lanean edukiko duela. Peio Bilbao izango da Landa laguntzen ariko diren ziklistetako bat. Gernikarrak sasoi onean dela erakutsi berri du, Espainiako Erlojupeko Txapelketa irabazita.
Irteeran Tourra aurretik irabazitako txirrindulari bakarra izango da aurten: Egan Bernal (Ineos), aurreko urteko irabazlea, hain zuzen. Azken urteetan Ineosek kontrol lan zorrotza egin izan du tropelean, eta, Chris Froome eta Geraint Thomas ez egon arren, Ingalaterrako taldeak zortzikote sendoa osatu du. Bernalek ere, Landak bezalaxe, bizkarreko minarekin amaitu zuen Dauphinen.
Aspaldiko partez, Ineosek aurkari gogor bat izango du aurrean: Jumbo Visma. Herbehereetako taldeak goi mailako ziklistaz osatutako multzoa du, eta zortzikote indartsua eraman du Frantziara ere. Primoz Roglic izango da taldeburua, eta, Dauphinen izandako erorikotik guztiz osatu ez den arren, lasterketan izango da. Roglicez gain, beste oilar bat du Jumbok taldean: Tom Dumoulin. Herbeheretarra fin ibiltzen da maldan gora, eta hiru asteko itzuliek mesede egiten diote. Ineosetik eta Jumbotik harago, baina, izen asko daude: Nairo Quintana (Arkea), Adam Yates (Mitchelton), Romain Bardet (AG2r), Miguel Angel Lopez (Astana), Thibaut Pinot (Groupama), Fabio Aru eta Tadej Pogacar (UAE), Daniel Felipe Martinez (Education First)... Askok nahi dute garaipena, eta hautagai nagusiak zein diren esatea ez da erraza. Tourra denboraldiko lehen itzuli handia da aurten, eta ez dago jakiterik gorputzak nola erantzungo dien txirrindulariei hiru asteetan.
Iaz baino bi gehiago
Tourra ia osorik Frantzia hegoaldean lehiatuko den arren, apenas ukituko dituen Euskal Herriko errepideak. Lasterketako bederatzigarren etapan, irailaren 6an, sartuko dira ziklistak Euskal Herrian; Pauetik hasi eta, Larunsera bidean, Zuberoatik pasatuko da lasterketa. Tourrean bederatzi euskal herritarrek parte hartuko dute, iaz baino bi gehiagok: Mikel Landa eta Bilbao; Ion Izagirre, Gorka Izagirre eta Omar Fraile (Astana); Mikel Nieve (Mitchelton); Jonathan Castroviejo (Ineos); Imanol Erbiti (Movistar) eta Romain Sicard (Direct Energie).