Alaves inon talde sendoa baldin bada, etxean da, Mendizorrotzan, zaleen babesean. Zazpi partida jokatu ditu bertan denboraldi honetan, eta jokoan egon diren 21 puntuetatik hamalau eskuratu ditu. Gasteizko taldeak hamabost puntu lortu ditu guztira; beraz, oso agerian geratu da zer garrantzia duten etxeko neurketek. Horri esker, lasai antzean da sailkapenean, hamabosgarren postuan. Lasai antzean, sei puntura baititu jaitsiera postuak. Beraz, kezka handirik gabe hartuko du bi asteko etenaldia.
Valladolid izan da Asier Garitanoren taldeak mendean hartu duen azken taldea. Nagusitasun handiz irabazi dio gaur Mendizorrotzan: 3-0. Garaipenari esker, gasteiztarrek eutsi egin diote etxeko bolada onari, lau jardunaldi baitaramatzate bertan galdu gabe: hiru neurketa irabazi dituzte, eta beste bat berdindu, Atletico Madril ahaltsuaren aurka.
Neurketa gogorra espero zen gaur, baina ez da halakorik izan. Alaves goitik behera nagusitu zaio Valladolidi, hasi eta buka. Lehen zatian jada oso bideratuta zuten garaipena arabarrek, 2-0 baitziren aurretik. Joseluk egin du lehen gola, 26. minutuan, eta Tomas Pinak bigarrena, 32 minutuan. Bisitarien susperraldia espero zen, eta egon da, baina gutxi iraun du. Gainera, etxekoek hirugarren gola sartu dute 76. minutuan. Lucas Perezek egin du, penaltiz. Aurrelari galiziarra bolada ikusgarrian dago, gola sartu baititu azken zazpi neurketatan. Zortzi daramatza guztira. Festa biribiltzeko, Burgui zelairatu du Garitanok. Erdilari espainiarrak zortzi hilabete zeramatzan jokatu gabe, min hartuta egon baita.