Aurreko astean Marta Cardonak, Claudia Blancok eta Carla Bautistak taldea utziko zutela iragarri eta gero, Realak lau kontratu berritze iragarri ditu: Nuria Mendozarena, Kiana Palaciosena, Manu Lareorena eta Maddi Torrerena. Laurei ekainaren 30ean amaitzen zitzaien kontratua, eta talde txuri-urdinak beste urtebeterako kontratua egin die.
Nuria Mendoza funtsezko jokalaria izan da ailegatu zenetik talde txuri-urdinaren atzealdean. Azken denboraldian nabarmendu da, dena den, batez ere, eta hainbat talderen eskaintza izan duelako zurrumurrua zegoen. Baina Realean segituko du. Maddi Torrek uste baino gutxiago jokatu du azken denboraldian, batez ere azken txanpan. Baina erdiko atzelari eta euskarri moduan joka dezake, eta horrek aukera desberdinak eman diezazkioke Natalia Arroyo entrenatzaileari.
Manu Lero behetik gora joan ohi den jokalaria da. Denboraldiak ez ditu hasierako hamaikakoan hasten, baina gero beti egiten du bere lekua. Seigarren denboraldia du taldean, eta haren eskarmentua balia dezake Arroyok, ez zelaian soilik, baita hortik kanpo ere. Lan isila egiten du Kiana Palaciosek ere, eta haren indarrak asko laguntzen dio Realari aurrealdean. Nahikari joanez gero, zama handiagoa hartu beharko du golak sartzeko orduan.