«Menopausia osteak bizitzako etapa berri bat hastea dakarkie emakumeei. Aldaketa fisiologiko eta hormonalak izaten dira, baina, horrez gain, eraldaketarako garaia ere bada, gorputza berriz deskubritzekoa, osasuna birdefinitu eta ongizate osoa lortzekoa. Alde horretatik, ariketa fisikoa egitea ezinbestekoa da, ez bakarrik gaixotasunei aurrea hartzeko, baita autonomia, bizitasuna eta bizi kalitatea indartzeko ere». Hala deskribatzen du menopausia ostea Ejercicio físico, mujer y posmenopausia. De la evidencia a la práctica [Ariketa fisikoa, emakumea eta menopausia ostea. Ebidentziatik praktikara] monografiak. Ilargi Gorostegi eta Mikel Tous EHUko irakasle eta ikertzaileek koordinatu dute, eta Octaedro argitaletxeak kaleratu du; hainbat ikerlarik osatu dute lana. Gorostegiren arabera, ahalduntzeko tresna bat izan daiteke ariketa fisikoa.
Zer ondorio atera dituzue?
Gaur arte menopausia ostea etapa baten bukaeratzat jo izan da, eta azalerarazi nahi izan dugu ez dela amaiera bat, baizik eta emakumeek indarrez hel diezaioketen beste etapa bat. Aldaketa fisiko, fisiologiko, psikologiko... asko daude, eta erronka eta aukera moduan ulertzea nahi dugu.
Behar batetik abiatuta ikertu duzue gaiaren inguruan?
Kirola edo jarduera fisikoa zuzenki emakumeei bideratu denean ere, gizonezkoen entrenamenduetatik hartu izan da. Emakumeok gizonen moduan egin dugu jarduera fisikoa, edo ulertu da kirola mutilena dela neskena baino gehiago. Gaur egun geroz eta emakume gehiago animatzen dira lasterketetan, herri krosetan eta halakoetan parte hartzera. Gimnasioetan ere, lehen ehuneko handi bat gizonezkoak ziren, gure fakultatean bertan ere bai, eta gaur egun parekatzen ari da. Hortik abiatuta, pentsatu genuen ondo legokeela emakumeengan ardaztutako liburuxka bat egitea. Halako abaniko handia genuenez, erabaki genuen emakumearen etapa batean jartzea arreta. Menopausia ostean aldaketa asko daude, eta ikusi nahi genuen jarduera fisikoa egiteak zer eragin positibo izan dezakeen.
Datu eta parametro biomedikoetatik harago jo nahi izan duzue, ezta?
Bai, ez dugu lan oso zientifikoa egin nahi izan. Osasun arloari lotutako datuak eta parametroak aipatu ditugu, baina baita bestelakoak ere: soziala, psikologikoa...
Eta zer onura ditu menopausia ostean ariketa fisikoa egiteak?
Askotarikoak. Menopausia ostean emakume askok masa muskularra galtzen dute, eta gantza areagotzen da, eta jarduera fisikoak indarra eta masa muskularra mantentzen laguntzen du. Fisikoki onurak dakartza, eta aldaketa hormonalen ondoriozko eragin negatiboetan ere laguntzen du, baita metabolismo energetikoa mantentzen ere. Onura psikologikoak ere baditu. Eta sexuari dagokionez ere ikusi da eragin oso positiboa duela. Menopausia ostean, normalean, bagina lehortu egiten da, eta batzuetan sexu harremanetan mina izaten da. Baginan elastikotasun eta lubrikazio gutxiago dago, eta horrek sexu harremanak izateko gogoa edo nahia galtzea dakar. Horrek normalean zuzenean eragiten du emakumearen motibazioan eta autoestimuan, eta, beraz, bizi kalitatean. Jarduera fisikoa egiteak odol zirkulazioa hobetzen du, eta, ondorioz, lubrikazio gehiago izaten da. Gainera, indartu egiten du zoru pelbikoa. Menopausia ostean ariketa fisikoa egiteak askotariko onurak ditu.
Hain zuzen, osasun sexualari ere erreparatu diozue. Uste duzu oraindik ere ez zaiola behar bezain beste erreparatzen?
Bai. Guretzat oso garrantzitsua da. Gaur egun ere tabua da; badirudi ez dagoela, baina gertatzen da, eta emakumeek bizitzen dute eta gaizki pasatzen dute. Frustragarria izatera ere hel daiteke: horrela sentitzea eta ez izatea nola aurre egin. Ikusita jarduera fisikoak lagundu ahal duela... Bai ala bai sartu behar genuela erabaki genuen.
Nolako ariketak egitea gomendatzen da?
Zientziak esaten du gutxienez astean 150-300 minutuz egin beharko genukeela ariketa fisiko moderatua, edo astean 75-150 minutuz ariketa fisiko intentsoa. Horrez gain, astean bi egunetan indarra landu beharko litzateke, eta oreka landu eta luzaketak egin. Adinean aurrera joan ahala, indarrak garrantzi handia hartzen du, beraz, gutxienez bi egunetan indarra lantzea gomendatzen dugu, eta ariketa fisiko aerobikoa egitea, ahal bada intentsitateekin jolastuz. Hau da, ibiltzea oso ondo dago, oso osasuntsua da, baina ez da nahikoa. Ibiltzera ateratzen garenean, saiatu gaitezke intentsitateekin jolasten: minutu bat arinago egin, eta gero berriro abiadura erosoan ibili. Edo aldapekin jolastu: adibidez, bi aldiz igo aldapa bat bihotz maiztasuna eta nerbio sistema sinpatikoa gehiago aktibatzeko. Idealena astean hiru aldiz ariketa aerobikoa eta bi egunetan indarra lantzea izango litzateke. Eta egunero egin ahal bada, hobeto.
Garrantzitsua da jarduerak norbanakoari egokituta egotea?
Bai. Hori da idealena. Horretarako, liburuan badago balorazioaren eta indibidualizazioaren inguruko atala. Guztiok ulertzen dugu tratamendu farmakologikoak indibidualizatuak izan behar direla, eta tratamendu berak ez dutela denentzako balio, bakoitzaren ezaugarrien araberakoa eta duenaren araberakoa izan behar dela. Jarduera fisikoa egitean ere gauza bera da. Taula berak ez du guztiontzako balio. Egokituta dagoenean egongo da benetako estimulu eta hobekuntza bat.
Atal batean motibazioa, hesiak eta mugak jorratu dituzue. Zeintzuk dira oztopoak?
Orain arte, jarduera fisikoa batez ere gizonezkoek egiten zutela pentsatu da, eta baliteke emakume batzuk deseroso sentitzea gizonez betetako leku batean, adibidez. Gainera, etxeko ardurak eta zaintza lanak emakumeen bizkar egon dira gehienbat —eta hala daude oraindik ere—. Eta horri soldatapeko lana gehituta, ba, imajinatu. Traba nagusia beti izan da denbora falta.
Kirola egituratuta dagoen moduak jendea kanpo uzten duela uste duzu?
Bai. Zorionez, uste dut gauzak aldatzen ari direla, eta geroz eta abaniko zabalagoa dagoela. Ikusi da ariketa fisikoa egitea guztiontzako dela ona, eta adinean aurrera egin ahala geroz eta garrantzitsuagoa dela. Kirola, lehia dagoenean, osasuntsua izan daiteke edo ez. Baina ariketa fisikoa modu jakin batean eta helburu jakin batzuekin egiten denean, guztiontzako da osasuntsua. Eta uste dut denentzat zabalik eta eskuragarri egon beharko lukeela.