Manresa beti da kantxa zaila. Talde umilen, apalen betiko ezaugarria da. Bost milioi eurora iristen ez den aurrekontua du, eta etxeko partidak aurrera ateratzea da Manresaren aukera onena ACB ligan jarraitzeko. Jendearen presioa handia izaten da Nou Congost kantxa txikian, eta jokalariak hazi egiten dira nabarmen. Manresak, halere, asko hobetu beharko du azken partidan erakutsi zuen jokoa, Baskoniaren aurkako jarduna errepikatzen baldin badu, aski zaila izango duelako Iurbentia garaitzea.
Iurbentiak jokalari guztiak jokatzeko moduan eduki ditzake. Savovic osatu da, eta erritmo falta nabaria baldin badauka ere, jokalari txandaketan sar daiteke. Bidorretak joan den denboraldian Manresan gertatutakoa gogoratu du atarikoan. 24-5 aurreratu ziren Manresakoak, baina partida bizkaitarrek irabazi zuten: «Mirariak oso noizean behin gertatzen dira, eta ezin dugu lokartuta kantxaratu». Bidorretak esan zuen Guardia, Blums eta Seibutis ondo egokitzen ari direla, «guk espero baino azkarrago», baina zer hobetua ikusten dio taldeari. Batez ere saskipean: «Weis eta Banic pixkanaka-pixkanaka ari dira jokoan sartzen, eta haien beharra daukagu lehenbailehen, jokalari indartsuenak baitira».
Menorcaren aurkako itxura hobetu beharra dauka Iurbentiak Manresan
Bizkaitarrek 3-0 balantzea lortzeko aukera dute, gora begira jarri eta zulotik aldentzen hasteko (19:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu