Merezitako zigorra

Baskoniari aldats gora jarri zaio Top 16ko sailkapena, azken bost minutuetan batere tenplerik gabe jokatuta

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Hauxe da dagoena. Baskonia bankuari milioi askoko kreditua eskatu izan balio bezala dago, ezinean, itota, bere konpromiso edo exijentziei erantzun ezinik, eta panorama beltz samarra du aurretik. Hiru partida galdu ditu jarraian, eta Top 16 faserako sailkapena bera auzitan dago Ivanovicen taldearentzat. Baskoniak garaipena oparitu zion ia-ia Partizani. Partida bukatzeko bost minutu falta zirela 11 puntuko aldea zeukan, 56-67, baina Pionirreko zaleen presioak, epaileen ausardia faltak eta arabarren nekeak pikutara bota zuten ordura arte nahiko txukuna izan zen lana. Ez legoke sobera hiru faktore horien ordena aldatzea. Alegia, Baskoniako jokalarien nekea jartzea porrotaren eragile nagusitzat.

Baskoniak bost jokalarirekin bakarrik jokatzen segitzen duelako. Errua ez da Ivanovicena, konfiantzarik ematen ez dioten beste jokalariena baizik. Oleson ondo aritu zen Zaragozan, baina atzo agertu ere ez zen egin. Bjelicak Serbia jaioterrian geratu beharko du gaur, agian, herri mina apaldu eta behingoz neurria ematen hasteko. Bi hilabete dira, dagoeneko, txapelketa hasi zenetik, eta egin duenak zama baino ez dio eragin taldeari. Atzo, azken akatsa. Larria oso. Erraza zirudien errebotea Kecmani oparitu, partida bukatzeko 12 segundo falta zirela.

Baskoniak gutxirekin jokatzen du. Bost jokalari, hain zuzen ere. Sei, eskuzabal izanez gero. Loganek 33 minutu eta gero kale egin zituen puntu bateko bi jaurtiketa. Teletovicek 22 partida zeramatzan gutxienez hiruko bat saskiratzen, baina atzo ezin izan zuen estatistika on hori mantendu, defentsa bikaina egin ziotelako eta bost minutu eskasetan hartu zuelako atseden. Barac ondo aritu zen, baina bost falta egin zituen 35. minuturako, eta taldea umezurtz utzi zuen. Baracen erantzukizuna da faltak saihestea, eta badu ordua lan horretan ere buruz azkarragoa izaten ikasteko. San Emeteriok ere bikain eutsi zion luze, baina erasoan ondo aritzeaz gain, bera baino garaiagoak, indartsuagoak diren Vesley, Gist eta enparauen zaintzaz arduratu behar izan zuen sarri, eta itota iritsi zen bukaerara.

Eta, halere, garaipena lortzeko aukera izan zuen. Pionir gaiztoko presioa gainditu zuen, eta 10 puntuko aldea lortu lehen laurdenean. Eutsi egin zion bigarren laurdenaren bukaeran, eta hirugarrenean, Partizanek sei puntuko aldea lortu eta partida hausteko aukera izan zuenean. Eta laugarren laurdenean lehen bost minutu bikain jokatu zituen. Nahikoa ez, ordea, eta pixkanaka hiltzen doana bezala itzali zen, oharkabean, baina modu ulertezinean.

Astebete atzera erakutsitako arazo bera erakutsi zuen atzo ere Baskoniak: errebotea. 42 hartu zituen Partizanek, 18 erasoan. Baskoniak baino 14 gehiago. Horrela oso zaila da partida bat irabaztea, baina gabeziak ez dauka irtenbide errazik. Arabarrek agur esan diote dagoeneko multzoko lidergoari, eta Top 16a jokatzeko txartela ere garesti dute. Tel Aviv Belgrad baino askoz plaza zailagoa da, eta gaur-gaurkoz Baskoniak han irabaztea miraria da. Batez ere bost jokalarirekin bakarrik jokatzen segitzen badu.



Partizan Belgrad 74

Caja Laboral Baskonia 71

Partizan. Lafayette (8), Kecman (12), Jawai (13), Veseli (10), Djekic (3) -hasierako bostekoa-; Klobucar, Lucic, Milosavljevic, Katic (8), Bocic (6) eta Gist (14).

Baskonia. Logan (14), Teletovic (11), San Emeterio (14), Barac (17), Bjelica (2) -hasierako bostekoa-; Ribas (4), Huertas (5), Musli, Rancik (4) eta Oleson.

Markagailua. 18-25, 42-38 (atsedenaldian); 56-56 eta 74-71.

Epaileak. Drabikovski, Rocha eta Rizhik. Baskoniako Rancik eta Barac kanporatu zituzten, bost faltarekin.

Bestelakoak. 7.620 ikusle Belgradeko Pionir kantxan, Euroligako A multzoko bosgarren partidan.





Euroliga

Lehen ligaxkako 4. jardunaldia

AtzoEmaitza

Partizan-Caja Laboral Baskonia74-71

GaurOrdua

Maccabi-Asseco Prokom20:00

Zalgiris-Khimki18:45

A multzoko sailkapena

. J. I. G. PA


1.Maccabi. 4. 3. 1. +15


2. Zalgiris. 4. 3. 1. +5


3. Partizan. 5. 3. 2. -10


4. Khimki. 4. 2. 2. +4


5. Caja Laboral Baskonia. 5. 2. 3. +12


6. Asseco Prokom. 4. 0. 4. -26
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.