Txirrindularitza

Merlierrek beste esprint bat irabazi du Tourrean

Flandriarra izan da onena oso amaiera zoroa izan duen etapan; hiru garaipen ditu dagoeneko. Lidl taldeak ezin izan du esprinta zapuztu, gogotik saiatu den arren. Merlierrek Kooij eta Philipsen izan ditu atzetik, eta Gaviria esprint betean erori da.

Tim Merlier helmugan, besoa altxatuta, Tourreko hirugarren etapa garaipena ospatzen. YOAN VALAT / EFE
Tim Merlier helmugan, besoa altxatuta, Tourreko hirugarren etapa garaipena ospatzen. YOAN VALAT / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 16a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duen sasoiarekin, esprintak edozein moduz irabaz ditzake Tim Merlierrek (Soudal). Bere kasa eroso dabil, taldekideen behar handirik gabe, eta egoerarik nahasienetan ere lasai eta ahaltsu agertzen da. Hala gertatu da gaur, Tourreko hamabigarren etapan. Ibilbidea laua zen oro har, baina esprinta kolokan izan da, azken 35 kilometroetan Lidl taldeak piztu duen iskanbilaren ondorioz. Erasoz eraso ibili da, eta ziurgabetasuna sortu du Mads Pedersenek aurkarien artean.

Zernahi ere, tropela bat eginda iritsi da Chalon-sur-Saoneko helmugara. Fernando Gaviria (Caja Rural) lurrera joan da, eta haren segidan beste hainbat ziklista erori dira. Merlier, berriz, suziria bezala atera da itzalpetik, eta distira egin du, berriz ere, azkarrenen artean. Hirugarren garaipena du aurtengo Tourrean.

Oztopoz jositako amaiera izan du etapak, Lidl gogotik saiatu baita lasterketa apurtzen. Abiadura aldetik, beste esprinterrak baino gutxiago da Pedersen; beraz, tropela lehertzeko hautua egin dute azken txanpan igo dituzten aldapetan. Behin baino gehiagotan egin du eraso Pedersenek berak, baina azkenean, tropelak bere legea ezarri du. Azken kilometroan indartsu agertu da Alpecin taldea, Jasper Philipsenek behingoz irabaz zezan. Mathieu van der Poelek esprinta bideratu dio, eta une horretan bertan, hankaz gora joan da Gaviria. Philipsen garaipenaren bila abiatu da, baina, berriz ere, aurrea hartu dio Merlierrek, baita Olav Kooijek (Decathlon) ere. Gaviriaren erorikoak tartean harrapatu du Soren Warenskjold (Uno-X), bezperako garailea. Faboritoak, berriz, onik atera dira, eta lidergoari eutsi dio Tadej Pogacarrek (UAE).

Etaparen hasieran ere esprinta izan da, 45. kilometroan tarteko helmugatik igaro baitira. Ordurako, ihesi zebilen Baptiste Veistroffer (Lotto) —tropeletik alde eginda ibili den hirugarren aldia izan da—, eta hark batu du puntu gehien. Jarraian, Pedersenek maillot berdea sendotu du, esprinterren arteko lehia irabazita. Haatik, hautsak harrotu ditu txirrindulari danimarkarrak, bidea nabarmen itxi baitio Philipseni. Esprinta berrikusi ostean, Pedersen ez zigortzea deliberatu dute lasterketako epaileek. Zapore hobea utzi du munduko txapeldun ohiak etaparen amaieran erakutsitako jokaera borrokalari eta ausartak.

Veistroffer ere oso adoretsua da, eta hiru bidaide izan ditu gaur: Ewen Costiou (Groupama), Damiano Caruso (Bahrain) eta Matteo Vercher (Total). Aurreko etapa lauetan bezala, ihesaldia oso gertutik zaindu dute esprinterren taldeek; bi minutuko aldea ere ez diote eman. Gainera, batasunik ez da izan aurreko laukotearen artean. Veistrofferrek eta Costiouk atzean utzi dituzte Caruso eta Vercher, eta azken 50 kilometroen barruan, bakarrik geratu da Veistroffer. Tropelaren burrunba gertutik senti zezakeen, minutu bat baino gutxiagora baitzeukan. Amore eman behar izan du muinoetan, Lidlek sua piztu duenean.

Aranburu, erasokor

Txirrindulari asko oldartu dira, eta tartean izan da Alex Aranburu (Cofidis). Buruan agertu da helmugatik 20 kilometrora igo duten malda puntuagarrian. Faboritoak adi ibili dira, tropela apurtu egin zitekeelako. Azkenean, baina, antzuak izan dira eraso guztiak, eta Merlierren beste erakustaldi batekin amaitu da etapa. Esprinterrentzat oso zaila izango da aurrerantzean beste garaipenen bat lortzea.

Bihar, Tourreko etaparik luzeena jokatuko dute: 205,8 kilometro egingo dituzte Dole eta Belfort artean. Lehen 150 kilometroak oso samurrak izango dira, baina bi mendate kateatuko dituzte gero: Croix, hirugarren mailakoa —5,1 kilometro eta %4,8ko pendiza— eta Ballon d’Alsace, lehen mailakoa —8,9 kilometro eta %6,9—. Azken hori erabakigarria izango da etaparen garapenean, eguneko zailtasun nagusia izango delako, eta behin tontorretik igarota 30 kilometro geratuko direlako helmugara iristeko. Litekeena da ihes egindako norbait nagusitzea. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA