Tadej Pogacarrek (UAE) atzo Pirinioetan emandako erakustaldiaren ondoren, bestelako itxura izan du gaur Frantziako Tourreko etapak. Zazpigarrena izan da gaurkoa, eta txirrindulariek Hagetmau eta Bordele arteko bidea egin behar zuten: guztira 175 kilometro. Aurtengo Tourreko etaparik lauena zen, eta, espero bezala, esprintean amaitu da. Bordeleko helmugan Tim Merlier (Soudal) gailendu da. Belgikako txirrindulariak buruz buruko polita izan du Soren Waerenskjoldekin (Uno-X), eta oraingo honetan bizkorrena izan da. Indartsuago eta bizkorrago eman du azken gerri kolpea, eta horri esker taldekideek egindako lan ona biribildu du. Sailkapen nagusian Tadej Pogacarrek sendo jarraitzen du lehen postuan. 2.42ren aldea ateratzen dio Jonas Vingegaardi (Visma).
Esperotako bilakaera izan du etapak. Eguneko ihesaldia bi txirrindularik egin dute: Baptiste Veistrofferrek (Lotto) eta Jakub Otrubak (Caja Raral). Veistrofferrek herenegun ere egin zuen ahalegina, eta esana zuen berriz saiatuko zela. Esan eta egin. Otrubak, berriz, Nafarroako taldearen helburuetako bat bete du: ihesaldietan sartzea. Gaur nahi beste ikusi da haren elastikoa, guztira 157 kilometro egin baitituzte ihesean.Â
Baina lortu dituzten aldeak txikiak izan dira. Esprinterren taldeek kontrolpean izan dituzte une oro. Alpecin eta Soudal etengabe egon dira tropelaren aurrealdean, Jasper Philipsenentzat eta Merlierrentzat lanean. Hogei kilometro inguru falta zirela, Uno-X taldea saiatu da azken txanpan etapa mugitzen, Jonas Abrahamsenekin eta Anders Skaarsethekin. Baina ez du lortu. Hamar kilometro falta zirenean harrapatu dituzte Veistroffer eta Otruba, eta hortik aurrera esprinterren taldeek erritmoa eta kontrola bizitu dituzte. Ineos, Cofidis, Alpecin eta Soudal tropelaren aurrean jarri dira. Mathieu van der Poelek (Alpecin) lan bikaina egin du Jasper Philipsenentzat. Baina esprinterrak ezin izan du baliatu. Mads Pedersen (Lidl) ere ez da fin aritu. Hori ederki baliatu du Merlierrek garaipena lortzeko.Â
Bihar txirrindulariek Perigueux eta Bergerac arteko bidea egingo dute. Berriro ere etapa laua izango da. Guztira 180 kilometro izango ditu aurretik tropelak.