Tim Merlierren (Soudal) aldean, mantsoak dirudite Tourreko beste esprinterrek. Azkarrenen arteko lehen lehia Olav Kooijek (Decathlon) irabazi zuen, baina Merlierrek sekulako nagusitasuna erakutsi du azken bi etapetan. Gaur, Bergeracen, bideratzailerik gabe jardun du, eta, kokapen txarraren ondorioz, jokoz kanpo geratzeko zorian izan da. Hori horrela, tokitatik hasi da esprintatzen. Ezin zuen bestela egin. Bada, ahaleginari eutsi egin dio, eta nola eutsi. Ziztuan aurreratu ditu aurkari guztiak. Hala, argi geratu da esprinterren artean nork agintzen duen. Merlierren bosgarren garaipena da Tourrean: aurrenekoa 2021ean lortu zuen, eta aurten, zortzi egunean, iazko marka berdindu du, bi etapa bereganatuta.
Jasper Philipsen (Alpecin) izan da erraztasun gehien eduki duen esprinterra. Mathieu van der Poel taldekideak garaipenaren atarian utzi du, baina atzo bezala, Philipsenek kale egin du azken kolpea emateko orduan. Hiru txirrindulari izan dira hura baino azkarragoak: Merlier, Biniam Girmay (NSN) eta Olav Kooij (Decathlon), hurrenkera horretan. Dezentez atzerago helmugaratu da Liam Slock (Lotto), tropela oso estu hartu eta gero. Balentria egiteko zorian izan da, azken kilometroaren atarian harrapatu baitute. Ihesaldian sartu, iheskideak atzean utzi, eta abiada bizian abiatu da balentriaren bila, azken txanpan haizeak atzetik jotzen zuela baliatuz. Tropelak bere legea ezarri du azkenean, baina ondo izerditu eta gero.
Honezkero, zaleek ondo ezagutzen dute Caja Ruralen elastikoa. Nafarrek zukua atera nahi diote Tourreko erakustokiari, eta gaurkoa bosgarren eguna izan dute ihesean. Bezperan bezala, Jakub Otrubak jaso du eskapu egiteko agindua. Txekiarrak Slock eta Thibault Guernalec (TotalEnergies) izan ditu bidaide, eta lehen postuan igaro du tarteko helmuga. Gero, beste horrenbeste egin nahi izan du etapako bigarren mendate puntuagarrian —laugarren mailakoak izan dira bi igoerak—. Alabaina, Slockek harrapatu egin du gailurrera iritsi aurretik. Harrapatu, eta atzean utzi: Otruba ez da gai izan geroago zeresan handia eman duen iheskideari jarraitzeko.
Tropelean ere zalaparta izan da muino horretan. Soka tenkatu dute hainbat txirrindularik, baina ez da apurtu, eta multzo nagusiak biltzera egin du berriro. Beste behin, Alpecin eta Soudal taldeak arduratu dira lasterketa kontrolatzeaz, eta gehienez, bi minuturen aldea eman diete etaparen hasieran alde egin duten hiru txirrindulariei. Otruba eta Guernalec erraz harrapatu ditu tropelak; Slock, ordea, amesgaizto bilakatu da esprinterrentzat. Gutxi falta izan zaio multzo nagusia ezustean harrapatzeko. Helmugatik hamar kilometrora, minutu bateko aldea zuen, eta bost kilometroren faltan, 27 segundokoa. Astana izan da jazarpenean gehien engaiatu den taldea, eta, azkenean, Slockek 1,3 kilometro geratzen zirela eman du amore. Gero, tximista baten pare abiatu da Merlier.
Iheslarien neurrikoa
Esprinterrek zailtasunak izango dituzte bihar, 3.300 metroko desnibela baitu Malemort eta Ussel lotuko dituen 155 kilometroko ibilbideak. Azken orduan, 30 kilometro murriztu dute, beroagatik. Hasieratik izango da gorabeheratsua, eta txirrindulariek lau mendate puntuagarri igoko dituzte guztira. Gogorrena Suc au May da, bigarren mailakoa; helmugatik 85 kilometrora du gaina, eta bertan, mehetzen has liteke tropeletik alde egindakoen multzoa. Ziurrenik, jendetsua izango da multzo hori, oso litekeena baita garaipena ihesaldian erabakitzea.
Ibilbideak ez dirudi faboritoak xaxatzeko bezain menditsua, baina astelehena atseden eguna izanik, ezin daiteke baztertu onenek elkarri erasotzea. Pogacarrentzat ez litzateke txarra maillot horia iheslari baten esku uztea, baina horretarako, faboritoen multzoak atzerapen handia izan beharko luke. Esloveniarrak aise eutsi dio gaur lidergoari.