Bigarren jardunaldia jokatu dute Munduko Kopako A eta B multzoetan. A multzoan, Mexikok bigarrenez irabazi du, 1-0, Hego Korearen aurka, eta, horri esker, final-hamaseirenetarako sailkatu da. Hori egin duen lehen selekzioa da. Multzoko beste partidan, Txekiar Errepublikak eta Hego Koreak bana berdindu dute. B multzoan, berriz, Kanadak eta Suitzak nagusitasunez irabazi dute: kanadarrek 6-0 hartu dute mendean Qatar, eta suitzarrek 4-1 Bosnia.Â
Ikusi gehiago
Mexiko 1-0 Hego Korea
Mexikok bide zuzena darama Munduko Kopan. Lehen jardunaldian, 2-0 irabazi zion Hegoafrikari, eta, bigarrengoan, 1-0 nagusitu zaio Hego Koreari. Bi jardunalditan sei puntu batuta, mexikarrak sailkatuta daude jada final-hamaseirenetarako. Gaur, kostata irabazi diote Hego Koreari, gol batengatik. Luis Romok sartu du neurketako gol bakarra, 50. minutuan. Javier Aguirrek zuzendutako selekzioa sendo dabil, ez baitiote gol bakar bat ere sartu. Azken jardunaldian Txekiar Errepublikaren kontra jokatuko du. Hego Koreak, berriz, hiru puntu ditu, eta azken jardunaldian Hegoafrikaren aurka ariko da. Puntu bat lortuta sailkatu egingo da, eta baliteke galduta ere sailkatzea, hirugarren postuan geratzen diren zortzi talde onenek ere aurrera egingo baitute.Â
Txekiar Errepublika 1-1 Hegoafrika
Txekiar Errepublikak eta Hegoafrikak irabazi beharra zuten, biek galdu baitzuten aurreneko norgehiagoka. Baina ez batek eta ez besteak ez du lortu helburua. Bana berdindu dute, eta puntu bakarra dute A multzoko sailkapenean. Beraz, arrisku bizian dira. Derrigorrez irabazi beharko dute azken jardunaldian final-hamaseirenetarako sailkatu nahi badute. Txekiar Errepublikak irabaztea merezi izan du, Hegoafrikari nagusitu egin baitzaio zelaian. Michael Sadilekek aurretik jarri ditu txekiarrak partida hasi eta gutxira, baina ez dira gai izan beste gol bat sartzeko, eta, 83. minutuan, Teboho Mokoenak berdindu egin du neurketa. Gola kolpe handia izan da txekiarrentzat. Hegoafrikarrei, ordea, itxaropena eman die.Â

Kanada 6-0 Qatar
Historia egin du Kanadak, lehen aldiz irabazi baitu partida bat Munduko Kopan. Modu ikusgarrian lortu du lehen garaipena, astindu galanta eman baitio Qatarri: 6-0 irabazi dio. Jonathan David aurrelaria izan da neurketako izarra, hiru gol sartu baititu. Cyle Larinek, Nathan Salibak ere sartu dituzte golak, baita Mohammad al-Manaik ere, bere atean. Gauza txar bakarra izan da Ismael Konek lesio larria izan duela. Lehen partida irabazita, kanadarrek lau puntu dituzte B multzoan, eta esku-eskura dute final-hamaseirenetarako sailkatzea. Qatarrek, ordea, puntu bakarra du, eta Bosniari irabazi beharko dio azken jardunaldian sailkatu nahi badu. Larri dabil Julen Lopetegi Qatarko euskal hautatzailea.

Suitza 4-1 Bosnia
Suitzak ere urrats ia erabakigarria egin du final-hamaseirenak jokatzeko, Bosniari 4-1 irabazita. Suitzarrek lau puntu dituzte, Kanadak bezala. Bosniak, berriz, bakarra du, Qatarrek bezala, eta hari irabazi beharko dio azken jardunaldian sailkatzeko. Asko hobetu beharko dute, nahi eta ezin aritu baitira Suitzaren aurka. Hala ere, gai izan dira 70 minutuz golik ez jasotzeko, baina azken txanpan lau sartu dizkiete. Johan Manzambi eta Ruben Vargas Suitzako aurrelariak zelairatu dira orduan, eta haien ekarpena erabakigarria izan da: Manzambik bi gol sartu ditu, eta Vargasek bat. Ermin Mahmicek aldea murriztu du Bosniarentzat, baina Granit Xhakak suitzarren laugarren gola sartu du gero, penaltiz. Â

Â