Mexikoren garaipen argi batekin hasi da Munduko Kopa

Etxekoek 2-0 irabazi diote Hegoafrikari. Mexikarrak nagusi izan dira, eta Quiñonesen eta Raul Jimenezen golei esker lortu dituzte hiru puntuak. Hegoafrikarrak ezinean aritu dira. Epaileak hiru txartel gorri atera ditu.

Mexikoko Quiñones lasterketa, Hegoafrikari sartu dion gola ospatzen.  SASHENKA GUTIERREZ / EFE
Mexikoko Quiñones lasterketa, Hegoafrikari sartu dion gola ospatzen, gaur, Mexiko Hiriko Azteca estadioan. SASHENKA GUTIERREZ / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 11
23:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mexikok zazpi aldiz zuen jokatuta Munduko Koparen lehen partida. Baina sekula irabazi gabea zuen estreinako neurketa hori. Javier Aguirrek zuzentzen duen selekzioak gaur atera du arantza, 2-0 irabazi baitio Hegoafrikari. Hala, bikain ekin dio txapelketari. Mexikarrak nagusi izan dira zelaian. Partidaren aginte makila izan dute, eta hasi eta gutxira aurretik jartzeak mesede egin die. Hegoafrikarrak ezinean aritu dira, partida kaskarra jokatu dute, eta garesti ordaindu dituzte baloia atzetik ateratzean egindako akatsak. Wilton Sampaio epaile brasildarrak hiru jokalari egotzi ditu: Hegoafrikako Sithole eta Zwane, eta Mexikoko Montes. 

Bizi hasi da partida. Mexikok hasieratik jo du erasora. Aurreneko abisua Jimenezek eman du. Erdiraketa bat jaso, eta ezkerrez erremate ona egin du. Baina Hegoafrikako atezainak, Williamsek, gelditu bikaina egin du laugarren minutuan. Hurrengo abagunean, ordea, mexikarrek ez dute barkatu. Hegoafrikarrek ez dute behar bezala atera atzetik baloia. Fidalgo bizkor ibili da hura lapurtu eta Quiñonesi emateko. Hark errematatu, eta gola sartu du. Oraingoan akatsa egin du Williamsek, hanken artetik sartu baitzaio baloia. Azteca estadioan zoramena izan da nagusi (8. min).

Mexikok ekinean jarraitu du, bizi jokatzen, eta lerro artean Hegoafrikak baloia ateratzen egin dituen akatsak baliatzen. Ez zuen neurketaren erritmoa jaistea nahi, eta fisikoak garrantzia hartzea, horretan hegoafrikarrak indartsuagoak baitira. Baina minutuak aurrera joan ahala partidaren norabidea aldatzen joan da. Hegoafrikak marrazkia aldatu du, jokalari bat gehiago jarri du zelai erdian, eta atzean bost jokalarirekin jokatu beharrean laurekin egin du. Hala, nagusitzen joan da, eta Rangelen atera gehiago gerturatu da, baina arriskurik sortu gabe. Indarrak parekatu egin dira. 

Azken txanpan, ordea, berriro ere Mexikok izan du partidaren aginte makila, eta markagailuan zuen aldea handitzetik gertu egon da. Quiñonesek area barruan jaso du baloia, eta bikain errematatu du, baina zutoinera joan da. Lehen zatiaren luzapena zen, eta 1-0ekoarekin bukatu da.

Bigarren zatia antzera hasi da. Hegoafrikak ezinean segitu du atzetik baloia ateratzerakoan. Hala, 49 minutuan, jokaldi horietako batean, Brian Gutierrez bizi ibili da. Baloia jaso,  eta zuzen joan da Williamsen aterantz. Sitholek falta egin dio arearen ertzean, eta epaileak txartel gorria atera dio. Izan ere, atzetik ez zegoen beste jokalaririk.

Raul Jimenezek bigarrena

Hortik aurrera Javier Aguirrek zuzentzen duen selekzioak are gehiago izan du jokoaren ekimena. Baina ez da bigarren golaren bila joan. Nahiago izan du baloia izan, eta lasai mugitu. Nahiz eta 1-0ekoa emaitza arriskutsua izaten den beti. 66. minutuan irtisi da azkenean Mexikoren bigarren gola. Raul Jimenezek sartu du buruz. Alvaradok eskuinetik egindako erdiraketa bikaina izan da, eta aurrelariak ez du huts egin bigarren zutoinean. Negarrez ospatu du gola.

Partida erabakita zegoen, eta hortik amaiera bitarte Sampaio epaileak eman du zeresana. Izan ere, beste bi jokalari kaleratu ditu. Aurrena, Hegoafrikako Zwaneri atera dio gorria, 83. minutuan, lasterka ari zirela Alvaradori kolpe bat eman diolako. VARean begiratu ostean hartu du erabakia. 92. minutuan, aldiz, Mexikoko Montes izan da zelaia utzi behar izan duena. Mudau Rangelen aterantz joan da bizi, eta Montesek zangotrabatu egin du. Sampaiok bitan pentsatu gabe atera dio gorria, nahiz eta jokaldia albo batean izan. Hala amaitu da partida. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE