Miarritze eta Baiona garaipen uholdeari atxiki nahi zaizkio

Miarriztarrek Aguileran jasoko dute Perpinya, eta baionarrek Grenobleren zelaian jokatuko dute

Dimitri Yachvili Miarritzeko jokalaria osatu egin da, eta hasieratik jokatuko du gaur. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko azaroaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baionak eta Miarritzek paradoxa batetik abiatuko dute Top 14ko11. jardunaldia. Miarriztarrak Perpinyaren aurka ariko dira, etxean, eta baionarrek Grenoblen jokatuko dute; biek, 18:30ean. Bi taldeak errotik egoera desberdinean daude, eta, alde berean, arras egoera beretsuan. Sailkapenean oso hurbil daude biak —Miarritzek hogei puntu ditu, eta Baionak, bat gutxiago—, baina bolada erabat desberdinean daude. Baiona arrakastaren uholdean dago, Europako Challenge kopan bi partida irabazita, eta ligan Bordeleri nagusituta. Miarritzek, ordea, sei partida jarraian galdu ditu Top 14an.

Baionak olatu ederra surfeatzen jarraitu nahiko du, eta Miarritzek burua uretatik atera nahiko du, bertan itorik ez gelditzeko. Baina, arrakastan zein porrotean, bi euskal taldeek zori desberdina izan dezakete. Baionak arrakastaren uhaina bukatzeko arriskua dauka. Miarritzek, berriz, aukera aproposa izanen du irabazi eta arnasa hartzen hasteko.

Baionak lan zaila izanen du Grenoblen. Alpeetako taldea Top 14ko ezustekoa da, eta etxean partida bakarra ere ez du galdu. Sasoi betean dago Fabrice Landreauren taldea, eta bere zelaian oso joko ikusgarria egiten ari da, ikusgarria eta eraginkorra.

Miarritzek, berriz, aurkari aproposa izanen du Aguileran. Perpinya ez dabil oso fin. Entrenatzaile berria du, jokalari berri anitz, eta oraindik erritmoa hartzea kostatzen ari zaio. Etxetik kanpo bitan jarraian aritu ondotik, Miarritzek ez du izanen aurkari zailena. Irabazi eta lau puntuak lortzeko gidoi aproposa du.

Yachviliren itzulera

Arrakastaren eta porrotaren kurbak zentzuz aldatzen ari dira, lesioei dagokienez. Orain arte, Miarritzek izan zuen zorterik txarrena: sasoi hastapenetik, Hariñordoki eta Yachvili gabe aritu da. Gaur, ordea, Yachvili hasieratik ariko da. Mesias bat balitz bezala hartuko du Aguilerak. Baionak, berriz, min hartutako lau jokalari ditu: Lovobalavu, Potgieter, Phillips eta Heymans.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.