Beltza zena zuri bilakatu da, eta Miarritze Frantziako Pro D2 mailan ariko da datorren denboraldian. Lapurdiko taldeak mailari eutsi zion zelaian: bederatzigarren postuan sailkatu zen. Baina galdu egin zuen gero bulegoetan. Frantziako Errugbi Ligak hirugarren mailara jaitsarazi zuen duela hilabete, klubaren egoera ekonomiko txarra dela eta. Baionako zuzendaritzak helegitea aurkeztu zuen Frantziako Errugbi Federazioko Apelazio Batzordean. Hori egiteaz gain, klubaren egoera ekonomiko txarra hobetzeko bideragarritasun plana aurkeztu zuen. Apelazio Batzordeak atzo aztertu zuen helegitea, eta ontzat jo zuen. Beraz, Miarritze bigarren mailan ariko da beste denboraldi batez.
Miarritzek ez du galduko maila, baina hiru puntu gutxiagorekin ekingo dio datorren ligari, Frantziako Errugbi Federazioak hiru puntuko zigorra ezarri baitio. Lapurdiko taldeko arduradunek «erantzukizunez» onartu dute zigorra, baina azpimarratu dute «galera» dela. Hala ere, nabarmendu dute «gogor» saiatuko direla «ahalik eta azkarren» galera hori arintzen.
Urte asko dira Miarritzek arazo ekonomikoak dituela. Iazko ekainean jabea aldatu zuen, baina finantza arazoak ez dira konpondu: inbertitzaileak falta ditu. Ez da, gainera, kluba ataka horretan dagoen lehen aldia: 2018an ere jaistekotan egon zen, orduan ere egoera ekonomiko txarragatik.