Eskuetako arazoak buruhauste izan ohi dira gehienean pilotarientzat. Are gehiago urteko sasoi honetatik aurrera, uda garaian partidak pilatzeko arriskua izaten baita. Horregatik, eskuak ahalik eta ondoen babestea izaten da pilotarien lehentasuna. Eta, halere, nahiko lan. Batzuek, azken urte luzeetako material bera erabiltzen dute. Beste batzuek silikona moduko material urdin baten aldeko hautua egiten dute. Eta, tartean, gero eta pilotari gehiago dira material berritzaile bat erabiltzen hasiak direnak. Dario Gomez, kasurako. Orain urtebete, etsiak jotzear zegoenean, bestelako material bati aukera eman zion errioxarrak. Proba batzuk egin ondoren, funtzionatu egin zion apustuak, eta halaxe hitz egin zuen orain dela gutxi: «Azken urtean tako bigun bat erabili dut, eta ordutik ez dut izan arazorik eskuetan. Horri esker, jarraitutasuna lortu dut, arazorik gabe entrenatzen ari naiz, eta kantxan gozatzen». Gozamena muturrerainokoa izan da, buruz buruko txapeldun izateraino.
Mikel Estrada Unamunzagak (Usansolo, Bizkaia, 1998) da material berri horren egilea. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Gradua amaitu ondoren, goi mailako errendimenduko masterra egin zuen Estradak orain dela bi urte, eta bide berezi bat hartu zuen master amaierako lana egiteko, Xabier Leibar mediku eta irakaslearen gidaritzapean: eskuetako babesak hartu zituen aztergai. «Ni neu pilotaria izan naiz txikitatik, eta beti eskuetako arazoekin ibilia naiz, beste pilotari gehienak bezala. Neure buruari esaten nion ezin zitekeela hori horrela izan, eta hortik abiatuta hasi nintzen gaia ikertzen». Aurrez ezer gutxi zegoen ikertuta. «Hasieratik, nire helburua garbia zen: inork pilota utzi behar ez izatea eskuetako minen erruz. Ezta haur txikienek ere. Horixe izan dut motibazio iturri».
Ikerketa lanerako, bost enpresarekin jarri zen harremanetan. Haietako batek zabaldu zizkion ateak. «Askok erantzun zidaten zoratuta nengoela, baina enpresa batek aukera eman zidan materialak ikertzen hasteko». Hainbat eta hainbat material probatu ondoren, iruditu zitzaion batekin asmatu zuela. «Frontoira joan, eta neronek probatzen nituen takoak. Orain bi urte, uda garaian 60-70 bat tako probatu izango nituen!». Proba guztien ondoren, formula kimiko baten bidez asmatu zuten zein material erabili takoak egiteko. «Material hori probatu orduko jakin nuen horixe zela bila nenbilena. Ziur nengoen. Inori ezertxo ere esan gabe, nik neuk material hori ipintzen nuen eskuetan, eta ez neukan inolako minik. Bilakaera prozesu batean murgildu nintzen».
Zeanuriko (Bizkaia) mutiko baten berri izan zuen orduan. Azaldu zioten pilota uztear zegoela eskuetako minaren erruz, eta ez zuen beste erremediorik izan Estradak: sekretua hautsi zuen. «Kontatu nion nola material berri batekin jokatzen ari nintzen ni neu, eta nahi bazuen proba bat egingo genuela. Hasi ginen probak egiten, eta bete-betean asmatu genuen. Esan zidan oso tako biguna zela, baina mina desagertu egin zitzaion, gaur arte». Ez zen izan miraria, lanaren emaitza, baizik. «Pilotari bakoitzaren atzean istorio bat dago, eta nik dena aztertzen dut. Ez soilik eskuak, baita bere jokamoldea, psikologia eta beste hainbat arlo ere. Bakoitzarekin lan pertsonalizatua egiten dut, eta hor dago gakoa».
Gisa horretan hasi zen Dario berarekin lanean. «Duela urtebete etorri zen lehenengoz niregana, iazko uda atarian, eta hemezortzi partida jarraian irabazi zituen. Eskuetako minik sentitu gabe, gainera». Ordura arte, eskuetako arazoak kalbario hutsa ziren errioxarrarentzat. «Ordu asko pasatu nituen harekin hasiera hartan. Fisikoki zezen bat dela ikusi nuen, oso pilotari fina eta umila. Baina eskuek ez zioten behar bezala erantzuten, eta, ondorioz, ezin zituen bere dohainak kantxan erakutsi». Pixkanaka konponbidea jarri zioten eskuen arazoari. «Eskuak ez badaude ongi, buruak ere ez du funtzionatzen, eta Dariorekin lortu duguna da eskuek ondo eustea eta jarraitutasuna lortzea. Begira, buruz buruko txapeldun izan da». Gaur egun, tako horiek silikona urdinarekin uztartzen ditu Dariok.
Material biguna oinarri
Lan sakona egiten du Estradak pilotari bakoitzarekin. Ander Murua pilotari profesionala berarekin dabil, baita Enara Gaminde, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai eta Arrate Bergara ere. Zerrenda askoz luzeagoa da. «Nirekin lanean ari diren pilotarien partidak ikusten ditut errepikatuta, hiru-lau bider. Nik ikusten dudana da pilotari jotzeko daukaten modua, ondoren takoak beraien gustura egokitu ahal izateko. Beraiekin gertuko harremana izaten dut». Hain zuzen, parametro guztiak aintzat hartuta, ordenagailuan sortzen du pilotari bakoitzari dagokion takoa, eskaner batekin esku bakoitza neurtu eta gero, eta nahi beste inprima dezake. «Horrekin lortzen dut beti tako berdina edukitzea eskurako. Hori oso garrantzitsua da. Tako bakoitzak hamabost bat partida irauten du gutxi gorabehera». Pilotari batek, esaterako, urtean 60 neurketa baditu, esku bakoitzerako hamabi bat tako erosten ditu. «Formula honi esker, zehaztasuna irabazten dute pilotariek takoak jartzerako garaian, eta denbora ere aurrezten dute».
Oinarrian, ezaugarri bera dute tako guztiek: biguntasuna. «Nire materiala goma berezi bat da, formula kimiko berezi bat daukana, eta pilotarako soilik dago pentsatuta. Hasieratik izan dut garbi nolakoa izan behar zuen takoak: biguna. Kontrolatzeko erraza. Nik lehentasuna ematen diot pilota nahi den tokira bideratzeari». Etenik gabe, ikerketa lanean jarraitzen du Estradak, betiere amets bat duela. «Nik nahi dudana da inork pilota ez uztea eskuetako arazoengatik. Umeak ere ikertu ditut, eta ikusten da material honekin onurak dituztela. Eskuetako mina kentzen badugu, gero eta haur gehiago izango ditugu pilotan, eta kantitateak kalitatea dakar».