Imanol Magro
Mikel Goñik ez du partidarik jokatuko asteburu honetan. Hamabost egun izango dira jokatu gabe, eta litekeena da epea beste astebetez luzatzea. Aspek Oronozko pilotariak aldi batean partidarik joka ez dezan erabaki du. Ez da zigorra, ezta pilotariaren aurkako antzeko inongo neurririk ere, besterik gabe ez jokatzea erabaki dute.
Mikel Goñik duela bi aste jokatu zuen azken partida, Oinatz Bengoetxearen aurka. Partidan hartan irudi kaskarra eman zuen, fisikoki batez ere. Udaberrian lan fisiko galanta egin zuen Goñik, baina azken hilabetean ez dio eutsi, eta agerikoa da loditu egin dela. Enpresan udaberrian eginiko lanarekin jarrai dezan nahi dute, eta horregatik erabaki dute aldi batez jokatu gabe edukitzea. Goñik lan egiteko aukera izango du hala, erresonantziak ez baitzuen lesiorik aurkitu izterrean.
Aspek erabaki zaila hartu du, ezin baita ahaztu Goñi izan zela uda garaian partida gehien jokatu zuen enpresako bigarren pilotaria. Era berean kontuan hartzekoa da ere, Oronozkoak sortzen duen ikusmina. Dena den enpresak sendo eutsi dio erabakiari oraingoz. Iragan astelehenean ez zuen Gernikan jokatu, igandean ez da Eibarren ariko ezta heldu den astelehenean Tolosan ere.
Pilota
Mikel Goñik aldi batean ez jokatzea erabaki du Aspek
Ez da zigorra, baina enpresak udaberrian eginiko lanarekin jarraitu behar duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu