Txirrindularitza

Mikel Landak Soudal Quick-Step taldean korrituko du datozen bi urteetan

Murgiakoak Bahrain utziko du. «Pozik nago erronka berriagatik, eta Remco Evenepoeli bere helburuak lortzen laguntzeko irrikitan nago», adierazi du.

Mikel Landa Bilbon, aurtengo Frantziako Tourra hasi baino lehen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 16a
11:51
Entzun

Mikel Landak (Murgia, Araba, 1989) badu talde berria: Soudal Quick-Step. Murgiako txirrindulariak bi urterako sinatu du Belgikako taldearekin —Patrick Lefevere zuzendariak duela aste batzuk aurreratu zuen moduan—, eta taldeak bideo honen bidez egin du ofizial:

«Soudal Quick-Stepera batzeko gogotsu nago; talde handia da, eta asko errespetatu izan dut betidanik. Kanpotik, beti ikusi izan dut haien txirrindulariak bat eginda mantentzen direla edozein egoeratan, eta beti babesten dutela taldeburua. Orain arte, Italiako, Espainiako eta Erresuma Batuko taldeetan ibili naiz, eta badut gogoa Belgikako kultura ezagutzeko», esan du Landak, taldeak zabaldutako oharrean.

Printzipioz, argi dago zein den Soudal Quick-Stepen izarra: Remco Evenepoel. Beste talde batzuetan izan duenaren aldean, bestelako eginkizuna izango du Landak. Horren jakitun dago: «Pozik nago erronka berriagatik, eta Remco Evenepoeli bere helburuak lortzen laguntzeko irrikitan nago. Esperientzia handia dut, itzuli handietan bereziki, eta beti sentitu izan naiz eroso txirrindulari gazteei laguntzen. Badakit ondo egokituko naizela». Luxuzko laguntzailea izango da Evenepoelentzat.

Dena den, eginkizun ezberdina izateak ez du esan nahi Landa garaipenen lehiatik urrunduko denik. «Remcori asko lagun diezaiokedala uste dut, baina, aukera dudanetan, ni ere ibiliko naiz emaitza honen bila», amaitu du Murgiakoak.

Sailkapen nagusien lehian

Lefeverek, berriz, ongietorria eman dio. Adierazi duenez, euren taldea sailkapen nagusien lehian sartzea da Landa fitxatu izanaren arrazoi nagusia: «Aspalditik ezagutzen dugu Mikel; profesionaletan hasi zenetik etengabe ikusi dugu itzuli handietako malda gogorrenak igotzen. Gogotsu gaude elkarrekin bi urte arrakastatsuri ekiteko».

Landak 33 urte ditu, eta azken urteetan gehien nabarmendu diren euskal txirrindularietako bat da. Besteak beste, bi aldiz izan da Italiako Giroko podiumean (2015ean eta 2022an), mendiko elastikoa ere irabazi zuen han, eta lau etapa garaipen ditu itzuli handietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.