Movistar taldearekin «minduta» dago Igor Gonzalez de Galdeano, Euskaltel-Euskadiko managerra. «Eskaintza eta eskaria beharrezkoak dira, eta ona da taldeentzat eta txirrindularientzat. Baina datak errespetatu egin behar dira. Denboraldi erdia falta da oraindik amaitzeko». Hori esan zuen atzo Euskaltel-Euskadiko managerrak, Tourrerako elastikoen aurkezpenean. Jonathan Castroviejoren egoera dago Gonzalez de Galdeanoren haserre horren atzean.
Inork ez du baieztatu oraindik, baina ia ziur Movistar taldean ariko da getxoztarra datorren denboraldian. «Galdutzat jotzen dut». Hori bai, managerrak atzo baieztatu zuen Mikel Nieve nafarrak taldean jarraituko duela datorren denboraldian. «Eskertzekoa da Mikelek [Nieve] oinarritik hasita egindako lana baloratu izana». Castroviejok egindako lan hori ez duela baloratu ulertarazi zuen atzo Gonzalez de Galdeanok. «Eta joatea erabaki du». Bi txirrindulariek zeukaten Movistarren eskaintza.
Gainerakoan, Tourrari begira, Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi) aitortu zuen «iaz baino zailagoa» ikusten duela podiumean sartzea. «Denoi gustatuko litzaiguke iazkoa errepikatzea eta etapa bat irabazteko eta podiumerako borrokan sartuta egotea. Baina zaila izango da». Espainiarraren ustez, Alberto Contador (Saxo Bank) da Tourra irabazteko faboritoa. «Giroaren ondoren hain indartsu ez badago, bost minuturen aldearekin irabazi beharrean, bizpahiru minuturen aldearekin irabaziko du». Andy Schleck ere (Leopard) sartu zuen faboritoen multzo horretan.
Solerrek hobera egin du
Suitzako Tourreko seigarren etapan erori eta buruan kolpe handia hartu zuenetik, ospitalean dago Mauricio Soler (Movistar). Baina atzo albiste onak iritsi ziren. Alfredo Zuñiga taldeko medikuak jakinarazi zuen dagoeneko arriskutik kanpo dagoela txirrindularia. «Mugimendu txiki batzuk egiten hasi da, eta badirudi ez daukala muin lesiorik». Ospitalean segituko du, hala ere.
Mikel Nievek Euskaltelen jarraituko du, baina Jonathan Castroviejok ez
Igor Gonzalez de Galdeano managerrak aitortu du «galdutzat» jotzen duela txirrindulari bizkaitarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu