Reala

Mikel Oiartzabalek 2028ra arte berritu du kontratua Realarekin

Bi urte barru amaitzen zitzaion kontratua txuri-urdinen kapitainari, eta beste lau urterako berritu du. Marka guztiak hausteko bidean da.

Jokin Aperribai eta Mikel Oiartzabal. REALA
Beñat Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 10a
18:26
Entzun

Realak eta Mikel Oiartzabalek akordioa lortu dute kapitainaren kontratua luzatzeko. 2025ean amaitzen zitzaion kontratua eibartarrari, eta 2027-2028ko denboraldia amaitu arte berritu du. Brais Mendezek eta Umar Sadiqek soilik dute hainbeste urterako kontratua. Oiartzabal luzaro egon zelaitik kanpo, belauneko lotailu gurutzatuan izandako lesio baten eraginez, baina duela hilabete eskas itzuli zen. Pixkanaka ari da martxa hartzen, eta Imanol Alguacilek hamaikakoetan sartzen.

2015-2016ko denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin, David Moyes entrenatzaile zela, eta berehala egin zuen tokia hamaikakoan. Geroztik, bide oparoa egin du, eta zaleen jokalari kuttunetakoa da. 25 urte baino ez dituen arren, Oiartzabalek 80 gol sartu ditu Realarekin, eta, beste bat sartuz gero, txuri-urdinen historiako hamar golegile nagusien artean sartuko da. Marka guztiak hausteko bidean da, baina, hala ere, klubaren historian sartu da jada, besteak beste 2021ean irabazitako Espainiako Kopako finalean sartu zuen golari esker. Marka guztiak hausteko bidean da.

Klubak sare sozialetan jarri duen bideoan «eskertuta» dagoela adierazi du protagonistak, Realak «lehen egunetik» emandako konfiantzagatik. «Pasatu dudana pasatu ondoren klubak eman didan konfiantzak balio handia du niretzat, eta ni konfiantza hori bueltatzen ahaleginduko naiz», gaineratu du.

Klubaren egoeraren gainean ere mintzatu da Oiartzabal. Eibartarraren esanetan, Realaren inguruko egoera guztiak positiboak dira klubak «hazten» jarraitu dezan: «Duela hamar edo hamabost urte zegoen egoera ikusita, balio gehiago ematen zaio gaur egungo egoerari. Bertako jokalariek hemen egon nahi dugu, eta kanpokoek hona etorri nahi dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.