Ibai Zabala Gandarias

Mila esker, Jose

2024ko apirilaren 1a
14:59
Entzun

Ezer baino lehen, zorionak eman nahi dizkiet igandeko finala galdu zutenei, Jokini eta Juleni, txapelketa eta final ederrak jokatu baitituzte. Eta Peio Etxeberriari ere bai; Lau eta Erdiko Txapelketako finalean hartu zuen kolpeari buelta eman eta, burutik burura, txapelketa zoragarria jokatu baitu. Zorionak zuri ere, Peio. Baina, zorion hitz guztien gainetik, Jose Javier Zabaleta Lasari eskerrak emateko baliatu nahiko nituzke lerro hauek.

Eskerrak kide ohi eta pilotazale gisa, gozamen hutsa baita bera pilotan jokatzen ikustea; zaila erraz egiten. Inbidiaz begiratzen nion erreboteko zulo hotzean izaten ninduenean, baita orain etxeko goxotik ere.

Baina, batez ere, atzelari lanetan aritutako pilotari ohi gisa eman nahi dizkiot eskerrak; urte luzetako ilunpe itsuaren ondoren berak lortu duelako atzelarien lana berriz foku guztien argitan jartzea.

Ruben Beloki handiaren urrezko aroa bukatu zenetik aurrelariei begira jarri izan dira argi, kamera eta mikro guztiak Binakako Txapelketak hasten ziren aldiro: Titin III.a, Olaizola II.a, Martinez de Irujo, Bengoetxea, Altuna… horiek izen nagusiak. Baina azken urteetan ezohiko pronostiko bat dago kiniela guztietan: Zabaleta, atzelari bat. Laguna edozein duela ere, txapelerako hautagai nagusia da beti; edo nagusietako bat, behintzat. Eta hori, aurrelarien aroan, ikaragarri zaila da.

Berriz diot, oso zaila da, baina ez kasualitatea; zalantza izpirik gabe, eta barka biezadate Gallastegi, Azkarate, Maiz, Beloki edo Barriola zaleek, historiako atzelaririk onenaren aurrean baikaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.