Urrian ebakuntza gelan zen Miren Lazkano Basque Teameko piraguista (Donostia, 1997). Mina zuen sorbaldan, eta horrek bizkarrean eragiten zion. Lau hilabete egin zituen uretan sartu ezinik, baina argi du: «Ebakuntzak eta ondoren egin behar izan nuen osatze prozesuak indartu egin ninduen, bai fisikoki, bai mentalki». Iragan astean AEBetan jokatutako Munduko Txapelketan erakutsi du hori, kayak-kros modalitatean nabarmenduz.
Egun batzuk igaro dira brontzezko domina irabazi zenuenetik, eta etxean zaude jada. Zer sentipen dituzu?
Oso pozik nago, batetik etxean egoteagatik, eta gertukoekin lortutakoa partekatzeagatik; eta, bestetik, denbora neramalako halako zerbait lortu nahian, eta azkenean iritsi delako. Hainbeste urteetako lanak eta ahaleginak merezi izan du. Baina aldi berean oinak lurrean ditut, eta egindako akatsak konpondu nahi ditut. Izan ere, denboraldiko azken probetan ere bete-betean aritu nahi dut. Aurrena, irailean, Munduko Kopako bi proba izango ditut. Bat Parisen izango da, eta bestea La Seu d'Urgellen [Herrialde Katalanak]. Gero Europako txapelketetan lehiatuko naiz, Italian. Domina honek konfiantza eta indarra ematen dit datorrenari heltzeko. Ziklo olinpiko betean gaude, eta bi urte hauetan lan asko dago egiteko.
Espero zenuen kayak-krosean halako emaitza on bat lortzea?
Egia da denbora gutxi daramadala proba honetan lehiatzen. Baina sasoiko eta prest ikusten nuen neure burua Munduko Txapelketa on bat egiteko. Nire helburua, emaitzetatik harago, zera izaten da: sendo eta konfiantzaz nabigatzea, eta prozesuaz disfrutatzea. Horrela ari naiz. Baina gure kirolean eragina duten beste faktore asko daude, akats edo detaile txiki batek izugarrizko eragina du. Alde horretatik, onerako zein txarrerako, sekula ez dakizu zer gerta daitekeen. Are gutxiago kayak-krosean. Izan ere, hor beste piraguista batzuekin aritzen zara parez pare, eta haiek egiten dutenak ere eragina du zure estrategian eta emaitzetan.
Kayak-krosean piraguistek beti nahi izaten duzue aurretik hasi. Kasu honetan, ordea, zuk atzetik aurrera egin zenuen. Finala hasi aurretik buruan zenuen halakorik egitea?
Gogorra izan zen finala, eta oso lehiatua. Banekien hala izango zela. Uste dut hasieran atzetik joatea gako izan zela domina lortzeko, eta estrategia egokia izan zela. Izan ere, horrek lagundu egin zidan aurkariek zer egiten zuten ikusteko eta horren arabera nire erabakiak hartzeko. Ondoren, aitortu behar dut ez nekiela Ricarda [Funk] zenik atzetik zegoena. Oso bizkor joaten gara, eta aurkariei erreparatzean, haien mugimenduei begiratzen diezu, eta ez nortzuk diren. Zorionez, ondo atera zen dena. Estrategian asmatu egin genuen.
Urrian ebakuntza egin zizuten sorbaldan, eta hiru hilabete eman zenituen uretan sartu gabe. Balio handiagoa ematen diozu lortutakoari, hori kontuan hartuta?
Ebakuntzak, kendu baino gehiago, eman egin dit. Neguan ia lau hilabete izan nituen buruz eta gorputzez indartzeko, eta horrek asko lagundu dit. Aurreko denboraldi osoa bizkarreko minez egon nintzen. Sorbaldan nuen arazoa tarteko, behartu egiten nuen bizkarra. Orain dagoeneko ez dut minik, eta horrek kezka handi bat kendu dit, bai fisikoki, bai mentalki. Hala, arreta osoa uretan jar dezaket. Hori kirolari betentzat ezinbestekoa da.
Ikusi al duzu jaitsiera?
Ez, oraindik ez. Gaur [atzo] aitaren etxera joango naiz bazkaltzera, eta harekin batera ikusiko dut. Ilusio handia egiten dit momentu horiek haiekin partekatzea.
«Emaitzetatik harago, helburua beti zera da: ziurtasunez eta konfiantzaz nabigatzea, eta prozesuaz disfrutatzea»
Emaitzak ikusita, kayak-krosa gustukoago duzu eslaloma baino?
Ez, ez, eslalomari ere denbora asko eskaintzen diogu; ziurrenik gehiago. Izan ere, kayak-krosa La Seu d'Urgellen edo Pauen gaudenean baino ezin dugu entrenatu, eta alde horretatik zailagoa da. Eslalometik ere asko espero dut. Modalitate horretan ere finalera iristea lortu nuen, baina laugarren aterako goiko postuetako lehian egoteko aukerarik gabe geratu nintzen. Ibilbide hasieran zegoen pibotea jo nuen zertxobait, eta horren ondorioz ontziaren kontrola galdu nuen apur bat. Horren ondorioz laugarren atea jo nuen, eta zigorra jarri zidaten. Pena izan zen, hortik aurrera dominak lortu zituzten piraguisten pare aritu bainintzen. Ateei inoiz baino oldarkorrago heldu nien, zalantzarik egin gabe, eta sentipen oso onak izan nituen. Amaieran triste nengoen, baina kirol hau horrelakoa da. Gertatutakoak balio dit zera berresteko: sasoiko egon arren, ezin naizela behar baino gehiago fidatu. Nabigazio sendo horri eutsi nahi diot, ziurtasunez aritzea ezinbestekoa baita. Zalantza eginez gero akatsak egiteko aukera gehiago dago. Horrekin batera, detaile txikiak hobetzen jarraitu nahi dut, beste aurrerapauso bat emateko.
Hiru urte daramatzazu piragua aldatu gabe. Seinale ona da hori, ezta?
Probatu ditut beste batzuk, baina ez dut hain gustura nabigatzen. Beraz, ez dut aldatzeko beharrik ikusten.