Lehen Mundu Gerraz geroztik, azaroaren 11an, enfrentamendu armatuetan hil diren indar armatuetako kideak oroitu ohi dituzte Erresuma Batuan eta Commonwealth erakundeko estatu kideetan. Oroipen Eguna izenez ezagutzen da, eta Lehen Mundu Gerrako enfrentamenduen amaiera oroitzeko sortu zen. 1918ko azaroaren 11an amaitu ziren gerra hartako erasoak, goizeko hamaiketan. 100 urte beteko dira, beraz, datorren igandean. Erresuma Batuko George V.a erregeak ezarri zuen eguna 1919an, eta gerra horretan hil ziren britainiarrak omentzeko sortu zuen. Harrez geroztik, enfrentamendu armatuetan hil diren britainiarrak eta Commonwealtheko estatu kideetako herritarrak oroitzen dituzte. Premier League txapelketan ere gogoan izan ohi dute egun hori eta mitxoleta bat eramaten dute soinean ia futbolari guztiek. Ia guztiek, denak ez baitira sentitzen eroso keinuarekin. Lorearen arantzak sentitzen dituzte zenbaitek, Erresuma Batuaren ekintza armatuek eragindako zaurietan.
Today's specially embroidered shirts. We will remember them. pic.twitter.com/qHwQbatSkj
— Manchester United (@ManUtd) 2018(e)ko azaroaren 3(a)
Manchester Unitedeko Nemanja Matic erdilariak ez zuen mitxoleta jantzi joan den jardunaldian, bere taldeak Bournemouthen aurka jokatu zuen partidan. Maticek jakinarazi du ez duela jantziko igandean ere, Manchester Cityren kontrako derbian. Jokalari serbiarrak azaldu duenez, mitxoletak bere herrialdearen kontrako bonbardaketa ekartzen dio gogora. NATOk 1999an bonbardatu zuen Serbia. Maticek 12 urte zituen orduan.
"Badakit zergatik erabiltzen dituen jendeak mitxoletak. Guztiek horretarako duten eskubidea erabat errespetatzen dut eta sinpatia diot bere gertukoren bat gatazka armatu batean galdu duen edonorri", adierazi zuen jokalariak bere Instagram kontuan. "Hala ere, niretzako Vrelon bizi zen haur gazte eta beldurtu bat nintzenean jasan nuen eraso baten oroitzapena besterik ez da; nire herrialdea Serbiako bonbardaketan txikitua izan baitzen, 1999an". Maticek gaineratu du aurretik mitxoleta jantzi duen arren, gaiari buruz hausnartu duela eta orain hura elastikoan jartzea "zuzena" ez dela sentitzen duela.
Maticek gaineratu duenez, ez du mitxoleta "Britainia Handiaren harrotasun sinbolo bat bezala" ahuldu nahi, ezta inor iraindu nahi ere. "Guztiok gara gure hezkuntzaren ondorio eta hau irakaspen pertsonal bat da azaldutako arrazoiengatik", adierazi du.
Maticek egin bezala, Stoke City taldeko James McCleanek ere ez du mitxoleta soinean jantziko. Jokalari irlandarrak bere erabakia errespetatzeko eskatu zien jarraitzaileei, joan den astean. McCleanek ez du mitxoleta sekula jantzi eta zaleei bere erabakia azaldu die urtero, Premier League txapelketan jokatzen duenetik. Azaldu duenez, ez dator bat Erresuma Batuko armadak Ipar Irlandan izan duen jokabidearekin. McClean Derry hirikoa da, Ipar Irlandakoa. Jokalaria hainbat alditan hautatu du Ipar Irlandako selekzioak 20 urtez azpiko kategorian, baina jokalariak uko egin zion ondoren selekzio horrekin jokatzeari, eta Irlandako selekzioarekin jokatzea aukeratu zuen.