Maroko da Munduko Kopako final-laurdenetarako sailkatu den lehen selekzioa: 0-3 irabazi dio Kanadari, antolatzaileetako bati. Ez du neurketa distiratsua egin Marokok. Alderantziz. Lehen zatian deseroso jardun du, eta Kanada hobea izan da. Baina Jesse Marschek zuzentzen duen selekzioak ez du nagusitasun hori baliatu aurretik jartzeko; besteak beste Marokoko atezainak, Bonok, bizpahiru gelditu on egin dituelako. Bigarren zatian, ordea, Maroko hobea izan da, eta eraginkortasuna izan du. Lau jaurtiketa egin ditu, eta hiru gol sartu. Egin duen beste jaurtiketa langara joan da.Â
Ondo ekin dio partidari Kanadak, eta lehen bost minutuetan hiru korner jaurti ditu. Goian egin du presioa, eta etengabe bilatu du Marokoren atea. Gainera, bigarren jokaldiak irabazi ditu. Deseroso egon da Afrikako selekzioa, aurkariaren zelaira iristea kostatu egin zaio. Baloi luzeen bidez saiatu da hori egiten. 10. minutuan izan du partidako lehen abagunea Kanadak. Oluwaseyik baloia jaso du bizkarrez arean, atzelariari izkin egin, buelta eman, eta erremate bikaina egin du; baina Bono atezainak ederki atera du hanka baloia aldentzeko. Bizi jokatu ohi du Marokok, baina egoera ikusita pazientzia handiagoz jokatzen saiatu da, eta baloia izaten. Ez du, ordea, gol aukerarik sortu. 20. minutuan, gainera, min hartu du taldeko golegile nagusiak, Salibarik, eta zelaia utzi behar izan du.
Rahimik hartu du haren tokia, eta berak egin du Kandaren atera lehen errematea. Urrutitik egin du, eta, atzelari batean jo arren, Crepeuak ondo geratu du. Baina Mohamed Ouahbik zuzentzen duen selekzioak behar zuen halako jokaldi bat. Kanadak zelaian ondo jarrita segitu du, lerroen artean zulorik utzi gabe, eta kontrolpean izan du neurketa. Kontraerasorik ezin izan du egin Marokok, eta deseroso zegoela nabari zen. Lehen zatiaren azken txanpan baloi luzeen biez saiatu da min egiten, Kanadaren egitura zurrunaren aurrean. Baina ez talde batek, ez besteak ez du arriskurik sortu.Â
Berehala gora
Bigarren zatia hasi eta gutxira sartu du neurketako lehen gola Marokok, 49. minutuan. Geldikako jokaldi batean izan da. Hakimik falta bat atera du, eta area ertzean bakarrik ikusi du Ounahi. Hark eskuinez erremate bikaina egin du. Crepeua atezainak ez du ikusi ondo baloia, inguruan jokalari asko zituelako, eta sareetara joan da. Gogotik ospatu dute gola marokoarrek. Arbelari esker lortu dute lehen gola.Â
Hurrengo minutuetan hainbat kontraeraso egin ditu Marokok. Baina berriro ere Kanadak hartu du partidaren ekimena. Berdinketa lortzekotan, ezin zuen bestela egin. Baina argitasuna falta izan zaio zelai erditik aurrera jokaldiak lotzeko. Marokok, berriz, lasaiago jardun du aurretik egonda. Marschek aulkian zituen bi aurrelari garaienak zelairatu ditu: Larin eta Promise. Baina 82. minutuan bigarrena sartu du Marokok. Kontraeraso ona egin du, eta baloia Brahimi iritsi zaio. Hark atzean utzi du Kanadako atzelari bat, eta pasea eman dio Ounahiri, hark bigarrena sartzeko. Ounahik 11 partida zeramatzan jokatuta Marokorekin Munduko Kopan, baina artean golik sartu gabe zegoen. Gaur bi lortu ditu. 85. minutuan Rahimik izan du aldea handitzeko abagunea, baina buruz egin duen errematea kanpora joan zaio. Kanada azken unera arte saiatu da gutxienez gol bat sartzen. Baina ez du lortzerik izan. 98. minutuan, gainera, Rahimik baloia langara bidali izanaren arantza atera ahal izan du, kontraeraso batean gola sartu baitu. 0-3koarekin amaitu da neurketa.Â