Beñat Fernandez moto gidariak (Andoain, Gipuzkoa, 2007) Superbikes 300 kategoriako Munduko Txapelketa irabazi zuen duela bi hilabete. Lehen aldia zen bertan lehiatzen zena, eta ezustea eman zuen. Txinan ekoitzitako moto batekin, gainera: «Lehen aldia da han ekoitzitako moto batek txapelketa irabazten duela», dio, ibilgailua aitaren tailerrera sartzen duen bitartean. Orain, datorren denboraldian erabiliko duen motoa noiz iritsiko zain dago. Hura ere Txinatik ekarriko dute. «Irrikaz nago, neure burua nola ikusten dudan jakiteko. Hala, egokitzen joan, eta beharrezkoak diren hobekuntzak eta moldaketak egiteko». Bien bitartean, entrenatzen jarraitzen du, badakielako datorren denboraldian aurkariek gertuagotik zainduko dutela. Horrek ez du kezkatzen: «Lortutakoa ez da zama bat. Txapeldun izanagatik ez naiz erlaxatuko, baizik eta gogo handiagoz arituko naiz hurrengo denboraldian. Neure buruari erakutsi diot zertarako gai naizen».
Pixkanaka jabetzen doa lortu duenaz. «Efrenek [Vazquez, gidari ohia] esaten dit oraindik ez dudala barneratu, batez ere nola egin dudan. Baina ari naiz horretan». Argi ditu zeintzuk izan ziren munduko txapeldun izateko gakoak: «Egunerokoan gogor eta diziplinaz lan egin dut, eta pistan gauzak argi izan ditut». Taldeko gidari bakarra izanda, ezin zuen besterik egin. «Pistan ez dut taldekiderik izan laguntzeko, nik hartu behar izan ditu erabakiak, eta unean uneko egoeretara eta baldintzetara egokitu behar izan dut. Horrek indartsuago egin nau». Aita eta Vazquez gertu izan ditu. «Funtsezkoak izan dira, egunerokoan arreta ez galtzeko, kirol honetan edozein hutsegite edo arreta falta garesti ordaintzen baitira. Efrenek, gainera, ondo ezagutzen du barrutik mundu hau, eta harreman sare handia du. Hori ere garrantzitsua da».
Motoziklismoa gorputzarentzat eta buruarentzat «oso kirol exijentea» dela gogorarazi du. «Kardiobaskularki asko eskatzen du, baita indarra izatea ere». Hori dela eta, orain lehiatzen aritu ez arren, asko entrenatzen da. «Bizikletan ibiltzen naiz, gimnasiora joaten naiz eta korrika egiten dut. Kirolari batek ez du sekula atseden hartzen. Oporretan zaudenean ere aktibo egon behar duzu». Buruak hartzen du atseden oporretan. «Pentsa, iaz berrogei hegaldi baino gehiago hartu nituen. Asteburu asko etxetik urrun egoten zara, eta, nahiz eta gustura aritu, estresagarria ere bada».
Hurrengo denboraldian ere Superbikes 300 kategorian lehiatuko da. Dena den, lehiaketa goitik behera aldatuko da. Izena bera ere diferentea izango da: World Sportbike. «Tamainaz motoak antzekoak izango dira, baina pisutsuagoak, eta potentzia handiagoa izango dute». Hori kontuan hartuta, zaila iruditzen zaio txapelketa nola joan daitekeen aurreikustea. «Urratsez urrats joango gara, eta aurreikuspenik egin gabe. Emaitzetatik harago, helburua egunetik egunera pilotu hobea izatea izango da, konforme egotea egindako lanarekin eta nire onena ematea. Iaz hala egin genuen, eta ondo joan zitzaigun». Argi du zer duen hobetzeko: «Egunetik egunera erosoago sentitu nahi dut moto gainean, erregularragoa izan, eta ziurtasun handiagoz gidatu». Indarguneei dagokienez, hauxe esan du: «Lasterketetan zer gertatuko den aurreikusteko gaitasuna dut, eta oldarkorra naiz».
«Lasterketetan zer gertatuko den aurreikusteko gaitasuna dut, eta oldarkorra naiz. Baina egunetik egunera erosoago sentitu nahi dut moto gainean, erregularragoa izan, eta ziurtasun handiagoz gidatu»
BEÑAT FERNANDEZ Moto gidaria
Hain zuzen ere, pilotu osoagoa izateko moto txikiagoekin ere aritzen da. Superbikes 300 kategoriako Munduko Txapelketarekin batera, aurreko denboraldian Red Bull MotoGP Rookies Cup txapelketan lehiatu zen, Moto GPrekin batera antolatzen den txapelketan. Munduko Txapelketa nagusietako batean lehiatzearekin egiten du amets. «4 urte nituela gidatu nuen lehen aldiz moto bat, eta ordutik dut amets hori». Baina badaki ez dela erraza izango: «Batetik, ekonomikoki oso kirol garestia da; bestetik, hemen ez dugu toki askorik entrenatzeko». Horri lotuta, honako hau azaldu du: «Hemen inguruan dugun zirkuitu bakarra Olaberrikoa da. Baina karting bat da, txikiagoa. Castejongoa ere itxi zuten. Nire motoarekin entrenatu ahal izateko zirkuitu handiagoa behar dut, eta Motorlandera edo Alcañizera joan behar izaten dut. Horrek ere denbora eta dirua eskatzen du».
Errespetua eta beldurra
Baina nahiago du arreta orainean jarri. Eta zer espero du motor berriaz?: «Aerodinamika aldetik apur bat hobea izatea, aurreko denboraldian nahiko estu ibili ginelako horrekin. Dagoeneko beste txapelketa batean probatu dute, eta ondo doala ematen du. Egia da ni baino maila altuagoa duen pilotu batek gidatu duela, baina uste dut ondo egokituko naizela. Pisu gehiago izanda, sasoiz indartsuago egon beharko dut». Egokitze prozesuaren inguruan zera nabarmendu du: «Gakoa ni motora egokitzea da, eta ez alderantziz. Nik atera behar diot onena motoari». Ibilgailua hobetzeko gakoa telemetria da: «Horretarako motoaren barruan ordenagailu baten tankera duen kutxa bat daukagu. Bertan motoaren datu guztiak jasotzen dira, eta horren arabera joaten gara egokitzapenak egiten».
Helburua motoa seguruagoa eta bizkorragoa izatea da. Abiadurak berekin du arriskua. Iaz orduko 216 kilometroko abiaduran ibili zen. Nola kudeatzen du hori?: «Errespetua izatea ezinbestekoa da, eta beldurra ere pasatzen dugu. Bi sentipen horiek izatea ezinbestekoa da. Izango ez bagenitu, istripu gehiago gertatuko lirateke».