Astearte arratsaldea da Berako pilotalekuan(Nafarroa). Gure Txokoa elkartekoek entrenamendu eguna dute, eta zalaparta handia dago. Gazteenek bukatu dute, eta kadeteek inbaditu dute kantxa. Euskara da nagusi, baina frantsesarekin nahasten da. «Ahal den heinean euskaraz irakasten saiatzen naiz, baina kasu batzuetan ezinezkoa da»: Bixintxo Bilbao da, Ziburuko pilotari afizionatua. Maiz entrenatzen da Sebastian Gonzalezekin, eta bi urte daramatza irakasle lanetan Gure Txokoan. Ipar Euskal Herriko gazte askorentzat Xala eta Gonzalez dira ispilu, eta ezkerparetan behar bezala trebatzeko, Hegoaldera jo behar dute. Berakoa da lehen pilota eskola, eta pilotari jario hori kudeatzen eskarmentu handiena duena.
Tradizio handiko taldea da Gure Txokoa. Nafarroako herri artekoa bi aldiz irabazitakoa da, eta azken urteetan Ipar Euskal Herriko pilotariekin indartu du bere multzoa. «Iparraldetik datozenek kristoren afizioa dute; beren onena ematen dute, Hegoaldeko aunitzek baino gehiago. Izan ere, haientzat hona etortzea ahalegin handia da. Arrangoitzetik datoz, Hendaiatik, Donibane Lohizunetik… Baita Barkoxetik ere, eta Landetatik, pentsa. Askok ordubetetik gorako bidea dute». Luis Mari Retegi da, taldearen ordezkaria. 26 urte daramatza taldean, eta sakelakoa etengabe du joka. Pilota munduan ezinbestekoak diren pertsona horietako bat da, eta lekukoa hartuko duenik gabe, desagertzeko arriskuan daudenak.
Ipar Euskal Herrian ez da erraza ezkerparetan bidea egitea. Pilotalekuak egon badaude, baina azpiegitura falta da: taldeak, pilotak, irakasleak… eta Frantziako Federazioak ez du maila oneko txapelketarik antolatzen. Trinketaren lurraldea da, eta ihesbidea, Bidasoa ibaia gurutzatzea. «Niri, umetan, ezkerpareta gustatzen zitzaidan, baina nire herriko elkarteko presidenteak ez zuen begi onez ikusten nik jokatzea. Trinketean nahi ninduen. Orainnire semeak dira ezkerpareta nahiago dutenak, eta nik ekartzen ditut. Telebistan ematen dituzten partida guztiak ikusten ditugu, eta afizio handia dugu». Beñat Mendi da, trinket pilotari afizionatu ohia, eta astean bitan egiten du Donibane Lohizunetik Berarako bidea, Andoni eta Xabi semeekin. Ez da pilotalekuko guraso bakarra. Multzotxoa egina dute harmailetan, eta Mendik denak agurtu ditu.
Astean bitan dira entrenamenduak. Astearteetan, Bilbao da entrenatzaile, eta ostegunetan, Iñaxio Errandonea. Ipar Euskal Herriko hogei bat pilotari dituzte klubean, adin guztietakoak, baina gehienak, nagusi mailan. Hala, nagusiek lizentzia atera dezakete eta Hego Euskal Herriko txapelketetan parte hartu. Bixintxo Bilbao, Julien Etxeberri, Andoni Alberdi… eta debuta egin zuen arte Stephane Lemuno: afizionatu mailan izen ezagunak dira, eta denek jokatu izan dute Gure Txokoa elkarteko armarriarekin. «Nik esaten diet beren artean elkarte bat sortu beharko luketela, eta entrenatzeko multzo bat egin, lizentzia lortu, eta lehiatu… baina hori haiek egin behar dute», azaldu du Retegik. «Ez da erraza», zehaztu du Bilbaok: «Teknikariak behar dira, lizentzia hori lortu…». Egun Ipar Euskal Herriko ezkerparetako puntako afizionatuak elkartzen dituen lan multzo bakarra Panpi Ladutxerena da, baina beste pilotari batzuk klub bat sortzeko asmotan daude.
Azken urteetan pilotari gehiago etorri dira elkartera; gero eta gazteagoak, gainera. Xalaren eta Gonzalezen ereduaren eragina nabarmena da, Bilbaoren ustez. «Telebistan-eta ikusten dituzte, eta gogoa ematen die. Hori polita da, ona; Ipar Euskal Herrian trinketeko zein ezkerparetako pilotariak egon behar dira». Retegik ere sumatu du bi izarren erakarpen indarra. «Dudarik gabe, Iparraldean ezkerparetak asko egin du gora. Jokoak ez du zer ikusirik trinketarekin: bortitzagoa da, azkarragoa… Lehenbizi trinketean hasten dira, eta gero ezkerparetara pasatzen dira. Haien helburu bakarra, baina, profesionaletara pasatzea da, eta horrek tristura pixka bat ematen dit».
Ezkerparetak aspalditik liluratu izan ditu Ipar Euskal Herriko pilotariak. Phillipe Irigoien profesional izandakoa Hendaiatik Berara joaten zen entrenatzera, eta Paxkal Ezkurra buruz buruko trinket txapeldun izandakoa duela hamabi urte aritu zen Gure Txokoan. Retegik oroitzapen ona du. «Ondo konpontzen zen, bi esku on zituen, baina kolpe pixka bat falta zitzaion. Gazteen mailan, Euskadiko txapeldun izan zen buruz buru. Mendiluze Altsasukoari irabazi zion. Gogoan dut Asegarcekoak-eta han zirela, Mendiluze ikusteko, eta Paxkalek ondo irabazi zion». Xala ere aritu zen tarte labur batean Beran.
Ahoz aho
Baina nola iristen dira gazteak Berara? Adituen gomendioa bide bat da. Hala abiatu zen Mendi semeekin. «Gu Andoainen hasi ginen, baina gero seme nagusiak hanka hautsi zuen. Ander Ugartek, Punpa pilota etxeko buruak, Berara joateko gomendatu zigun, eta hemen Luis Marirekin oso kontent gaude. Entrenamendu eta partidekin, astean lauzpabost aldiz joaten gara Hego Euskal Herrira». Beste bidea ahoz ahokoa da, «betikoa», Retegiren hitzetan. «Guk ez ditugu deitzen. Jokatu nahiko lukeen lagun bat dutela esaten digute umeek. 'Etortzerik badu?'. Bada, etor dadila. Beren artean zabaltzen dute».
Ezkerparetan hasitako hainbat pilotarik trinketera egin dute jauzi gero. Thierry Arizmendi profesional ohia da kasu ezagunena, baina Eneko Bessonart eta Ezkurra II.a dira, besteak beste, trantsizio horren eredu. Ezkerpareta, beraz, pilotariak kentzen ari zaio trinketari? Bilbaok ez du uste. «Trinketan ere badaude gazte onak. Nik ez dut uste ezkerparetak gazteak kentzen dizkionik trinketari. Zenbat gara, bada, ezkerparetan ari garenak?». Mendik ere ez du uste kalte egiten dionik. «Gazte batzuek nahiago dute ezkerpareta, baina trinketa nahi dutenek hor dute. Bientzat dago tokia. Hori bai, nire ustez, ezkerparetan aurrera egingo duten Ipar Euskal Herriko pilotariak gutxi izango dira; denak ez daude prest hainbeste sufritzeko».
Entrenatzen ikustean nabaritzen da zeintzuk diren Ipar Euskal Herrikoak, eta ez bakarrik galtza motzengatik. «Jarrera bereziak dituzte, trinketetik datozelako», azaldu du Retegik. «Saihetsetik hobeto jotzen dute, eta apurka-apurka ikasten dute. Kostatzen zaie, baina badituzte gauza onak ere bai. Besagainez, esaterako, ondo defendatzen dute». Egokitzea, baina, ez da erraza; Bilbaok bizi izan zuen. «Pilotariei zailtzea falta zaie, fisikoa hartzea; ezkerpareta fisikoagoa da. Jarrerak eta bolea lantzeko, trinketa hobea da, baina ezkerra behar bezala lantzeko, txikitatik hasi behar da ezkerparetan».
Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala
Mugalari gerrikodunak
Ipar Euskal Herriko gazte asko Berako Gure Txokoa pilota elkartera joaten dira, ezkerparetan trebatzeko. Ez da fenomeno berria, baina Xalaren eta Gonzalezen arrakastak jarioa ugaritu dutela uste dute arduradunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu